Historiografia feminista beharrezkoa da historia ofizialetan ez dagoelako apenas emakumerik, eta daudenak “kuota” dira. Berdin da zein arlotara hurbiltzen zaren, musika, zientzia edo sukaldaritza, edozein historia liburutara jotzerakoan arlo horretako orain arteko ibilbidea ezagutzeko asmoarekin, protagonistak gizonak izango dira. Nire azken esperientzia antzerkiaren historiarekin izan da.
Historia básica del arte escénico (Oliva eta Torres, 1992, Cátedra) liburua maileguan hartu nuen liburutegian eta bertan garai desberdinetan antzerkiaren joerak eta ezaugarriak aletzen ziren, gizonen eta haien lanen zerrenda bat ematearekin batera. Baina, non daude emakumeak? Ez dira egon, ala? Hori pentsatu genezakeen ez bageneki hutsune horren atzean sistema patriarkala eta androzentrismoa daudela.
Hori dela eta, biziki garrantzitsua da emakumeak berreskuratzea ahanzturatik, ezabaketatik, bazterretatik, eta emakume erreferenteak guztion eskura ipintzea. Ikusgarritasunaren aldeko apustu horri esker, belaunaldi berriek ez dute haien etorkizuna gure belaunaldiak ikusi zuen bezain mugatua ikusiko. Baina, gatozen harira.
Irailaren 11n eta 12an Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista Graduondokoaren jardunaldiak egin ziren Eibarko UEUko egoitzan. Larunbat goizean “Kulturaren historiografia: berrikusketa feministak. Katalina Eleizegiren antzerkigintza eta Mayi Peloten zientzia-fikziozko narrazioak” hitzaldia eman nuen topaketa horietan eta orriotara hori ekartzea da nire oraingo helburua.
Euskal literaturan nagusi izan diren literatur generoak narratiba eta poesia izan dira. Hitzaldi honetarako hirugarren literatur genero klasikora jo dugu lehen emakume idazlea aurkezteko: antzerkira. Eta bigarren emakume idazlea narratibaren barruko literatur genero periferiko bat jorratzen topatu dugu: zientzia-fikzioa. Ezagutu ditzagun haien bizitzak eta haien lanak.
Katalina Eleizegi Maiz (1889-1963)
Nellie Bly kazetari amerikarrak munduari buelta eman zion gure idazlea jaio zenean. Bitartean, Londresen, Jack “errai-erauzlea”ren bila ari ziren. Eta garai hartan zinema hedatzen hasi bazen ere, Euskal Herrian antzerkia zen herria elkartzen eta mugitzen zuena.
Oso gutxi dakigu Katalina Eleizegiren bizitzari buruz. Donostian jaio zen eta bi neba izan zituen. Irakasle izateko ikasketak egin zituen Burgosen, baina idazle jardun zuen. Ez zen ezkondu eta familiak pasatzen zion errentatik xumeki bizi zen. 47 urterekin Donostia, senideak eta ezagutzen zuen guztia atzean utzi eta Lizarrara joan zen bizitzera seme-alabarik gabeko senar-emazte batzuen maizter. Herriko ehorztetxearen gainean zuen bere gela, elizaren aurrean, eta tarteka bisitak jasotzen zituen. Ezagutu zutenek zioten oso jakintsua zela, helduekin elkarrizketa aberatsak zituela, eta haurrei ipuin ederrak kontatzen zizkiela.
XX. mendean zehar argitaratu ziren bere antzezlanak, (lehena 1916an eta azkena 1963an), aldaketa handiko garai batean, izan ere, tradizioa eta modernitatearen arteko egunak bizi izan zituen, alde batetik, gerra eta diktadura desberdinen arteko urteak izan ziren, beste alde batetik, marxismoa, feminismoa eta euskal nazionalismoaren hastapenak gertatzen ari ziren.
Giro nahasi horretan zazpi antzezlan idatzi zituen (seguruenik gehiago izan ziren, baina galdu dira edo txokoren batean daude norbaitek topatu zain). Hiru multzotan banatu ditut bere lanak, kronologikoki: lehen multzoan Garbiñe (1916) eta Loreti (1917) daude. Bere lanik tradizionalenak dira, garaiak eskatzen zituen ezaugarriak dituzte, nahiz eta Eleizegiren ukitua ere baduten. Hau da, garaiko gai nagusia da emakume gazteak kristau eta euskaldun izan behar zuela, senar egokia aukeratu ezkontzeko eta familia eredugarria izateko. Hala ere, Eleizegiren pertsonaiek barne gatazkak erakusten dituzte eta gerra garaian bizi dira. Emakume protagonistok hausnartu ostean erabakiak hartzen dituzte haien kabuz, adiskidetasun harremana dute beste emakume batzuekin, eta ausardia erakusten dute.
Bigarren multzoan Gaine (1932) eta Jatsu (1934) ditugu. Drama historikoekin jarraituko du, baina Gaine ez du antzerki-testuen lehiaketa batean aurkeztuko aurrekoekin egin bezala, oraingoan epeka argitaratuko du antzezlana El Día egunkarian. Gainera, etorkizunean kokatuko du, 1970eko hamarkadan. Modu horretan, emakume modernoaren pertsonaia sartzeko baimena emango dio bere buruari, protagonista tradizional eta abertzaleari kontrajarriz eta emakume izateko eredu desberdinak parez pare ipiniz. Jatsu galduta dago, baina badakigu Frantzisko Xabierren familiaren izena daramala antzezlan horrek eta 1512ko Nafarroako konkistaren ingurukoa dela.
Hirugarren multzoan hiru lan daude; Brujasko harilkia (1960), Erauso Kateriñe (1962), eta Roldan (1963), azken hau bukatugabea. Lehena da bere antzezlanen artean desberdinena. Ekitaldi bakarrean gertatzen da, Euskal Herritik kanpo kokatzen da, ez du protagonistaren izena izenburutzat, naturaren izaki magiko batek aurkezten du obra, amona eta biloba dira pertsonaiak, eta aberats eta pobreen arteko gatazka salatzen du.
Erauso Kateriñe eta Roldan, Jatsu bezala, pertsonaia historikoen bizitzak kontatzeko lanak dira (pastoralek egiten duten gisan). Hala ere, Jatsu eta Roldan gizonak diren bitartean (pastoraletako pertsonaia historiko –ia- guztiak bezala), Katalina Erauso emakume jaio zen eta gizon bezala bizi izan zen pertsonaia da, “neska-soldadua” bezala ezagutzen dena. 1960ko hamarkadak zekarren aro berria aprobetxatuta, Eleizegik emakume rol ideala goitik behera apurtu zuen erreferente bat aukeratu zuen orduko hartan.
Beraz, Eleizegiren lanetan ikus dezakegu zenbait zapalkuntza identitario irudikatu zituela (klasea, generoa, nazioa) eta araua auzitan jartzen zuten pertsonaiak ere taula gainera igo zituela, bere garaikideek ez bezala. Askotariko emakumeak agertzen zaizkigu bere obretan, eta desira, zoriontasuna, edo askatasunari buruzko arazoak planteatzen dituzte.
Pertsonaiez eta gaiez gain, espazioaren eta denboraren mugak ere zabaldu zituen. Izan ere, teatro autore gehienek antzezlanak orainaldian eta baserrian, sukaldean, mendialdean, Donostian edo Gipuzkoan kokatzen zituzten bitartean, Eleizegik iraganera eta etorkizunera egiten du salto gatazka historiko desberdinak oholtzara ekarriz eta Euskal Herriarekin batera, Europa, Amerika eta Asia ere aipatzen ditu.
Mayi Pelot Cazeaux (1947-2016)
Mayi Pelot jaio zenean Indiak independentzia lortu zuen inperio britaniarrarengandik. Zientzia eta teknologian aurrerapenak egiten ari ziren eta AEBen eta Errusiaren arteko gerra hotzean espaziorako “karrera” betean zebiltzan, bere narrazio futurista eta espazialetarako bazka eman zioten gertakariak.
Euskal emakume idazle honen bizitzari buruz, gutxi izan arren, Eleizegirenari buruz baino gehiago dakigu. Bera ere aldaketa garai batean bizi izan zen, XX. mendearen bigarren erdian eta mende aldaketan zehazki. Bere lanak 1980ko hamarkadan argitaratu ziren eta hamarkada horretako zenbait gauzaren eragina nahiko argia da obretan: aurrerapen teknologikoak (lehen ordenadore pertsonala, internet sarearen hasierako protokoloak), AEBen eta Errusiaren arteko gerra hotzaren ondorioak (espazioko lasterketa, gerra nuklearraren beldurra), Irak eta Iranek arteko gerra, HIESaren ondoriozko lehen hildakoak, apartheidaren azken urteak, ETA eta GALen urte odoltsuak…
Mayi Pelot Bordeletik hurbil jaio zen (Talencen) eta Miarritzen hil. Alaba bakarra izan zen eta ez zen ezkondu, baina seme bat adoptatu zuen 46 urte zituela. Aita 16 urte zituela galdu zuen eta amarekin bizi izan zen denbora luzez. Piano ikasketak egin zituen, baina ez zituen bukatu, Parisera joateko dirurik ez zutelako. Beraz, humanitateetako bideari ekin zion. Oso ikastuna izan zen eta ikasketa klasikoak nota onekin burutu zituen. Latina, greziera eta frantsesa irakasle izan zen lizeoan eta unibertsitatean. Portugesa eta errusiera ere ikasi zituen adoptatuko zuen haurraren ama-hizkuntza ezagutzeko. Euskara 23 urterekin ikasten hasi zen eta euskal komunitatearen partaide aktiboa izan zen zenbait urtez (Maiatz aldizkari literarioaren sortzaileetako bat izan zen, EEPren “Nola erran” hiztegian zuzentzaile aritu zen, Gure irratian esatari jardun zuen).
Zientzia-fikzioa jorratu zuen Pelotek. Berak zioen exotismoa asko gustatzen zitzaiola, lurra ezagunegia zela berarentzat. Hori zela eta, etorkizuna irudikatzea maite zuen, geroa ekintzen lekua zelako bere ustez, arazo sozio-politikoez hitz egiteko aukera ematen zuelako. Adibidez, ikuspegi ekologista batetik egun egiten diren gauzen ondorioak aurreikustea eta gerta zitezkeenak aurreratzea.
Maiatz aldizkarian poemak eta narrazioak argitaratu zituen 1980ko hamarkadan zehar. Horrekin batera hiru liburu ere kaleratu zituen garai hartan: lehena Biharko oroitzapenak (1985) ipuin bilduma, bigarrena Teleamarauna (1987) eleberria, eta hirugarrena Hinduismoa. Monoteismo mila aurpegiduna (1992) dibulgazioko liburua, ekialdeko bizimodua gurera hurbildu asmoz.
Olerkietan bere jakituria kulturala eta tradizio literario klasikoaren aztarnak agertuko zaizkigu han eta hemen. Baita ahozko literaturaren jostetarako gogoa, hitzak eta hotsak dantzak jartzen dituena. Narrazioetan ordea etorkizunera garamatza eta espaziora ateratzen gaitu, jende taldeen arteko gatazkak eta hondamendiak erakutsiz eta emakume pertsonaia boteretsuak sortuz.