“Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa ala errealitatea?”.
Aspaldi hasi nintzen liburuko ideia nagusietan pentsatzen. Hizkuntza irakaslea eta euskaltzalea naizenez, urtetan hainbat galdera egin dizkiot neure buruari hizkuntzen izaerari eta funtzionamenduari buruz. Euskal Herriak bizi duen egoera diglosiko bikoitza aztertu nahian hamaika teoria irakurri ditugu azken urteotan, egoera desorekatu hau azaltzen dutenak. Lan honek ordea, berrikuntza bat erantsi nahi die ohiko ikuspegiei eta horretarako oinarri-oinarrizko galderak egin ditut: Hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun bera al dute? Modu inplizitu edo esplizituan aipatzen den hizkuntzen parekotasun komunikatiboa, errealitatea ala mitoa da? Errazagoa al da zenbait hizkuntzatan hitz egitea? Eta hau horrela bada, zergatik?
Nabaria da euskarak duen gizarte osasuna ez dela askok nahiko genukeena. Aldaketa politikoari esker, euskaldunen kopurua nabarmenki handitu da, batez ere gazteen artean. Euskal gizarteak gainera, ahalegin itzela egin du bere hizkuntza berreskuratzeko: Ikastolak, eskola publikoa, euskal prentsa, herri irrati eta telebistak, instituzioek hainbat arlotan hartutako neurriak, euskararen aldeko mugimenduak, euskaltegiak, jaialdiak, mota guztietako ikerketak, gizarteko sektore askoren konpromisoa, publikazioak, zientoka herritarren laguntza isil eta ezezaguna, eta abar. Hala ere, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea gero eta handiagoa da, alegia, jende askok euskaraz badaki, baina nahiago du erdaraz mintzatu. Koska hor dago eta denok ohartzen gara neurri batean edo bestean honetaz; aitzitik badirudi ez dela gaia aipatu nahi, tabu soziala balitz bezala. Esperientziak erakutsi digu ordea, arazoak ukatu edo ez ikusiarena eginda, ez direla berez konpontzen eta, hain zuzen, ideia honetatik abiatu nintzen, politikoki oso zuzenak ez diren elkarrizketa hauek egitean.
Liburu hau idazteko lau hizkuntzalarirekin ipini nintzen harremanetan. Izenak ordena alfabetikoz emanda, hauek dira: Azkarate, Miren. Bichakjian, Bernard. Moreno Cabrera, Juan Carlos eta Rubio, Jesus. Guztiei hizkuntzalaritzari buruzko galdera berdinak egin nizkien interneten bidez. Galderak hitzaurrearen ondoren datoz.
Lau hizkuntzalarietatik bik —Azkaratek eta Moreno Cabrerak—, uste dute hizkuntza guztiek daukatela komunikatzeko gaitasun berbera, alegia, berdin komunika daitekeela esaterako, ingeles modernoan edo Australiako hizkuntza aborigen batean eta horrela egiten ez bada, ez dela, hain zuzen, hizkuntza bat bestea baino osatuagoa edo errazagoa delako, baizik eta beste zenbait arrazoirengatik, politiko, historiko, ekonomikoak, eta abar. Bestalde, beste bi hizkuntzalariek ere —Bichakjianek eta Rubiok—, uste dute munduko hizkuntza guztiek dutela komunikatzeko gaitasuna eta ez dituzte aipatu arrazoi soziolinguistikoak ukatzen. Haien iritziz ordea, hizkuntza batzuk —edota hizkuntza jakin baten ezaugarri batzuk—, beste batzuenak baino komunikatiboagoak izan daitezke eta elebidun den hiztunak beti izango du joera —alderdi afektiboak alde batera utzita—, bi hizkuntzetatik bat aukeratzeko: komunikatzeko errazen egiten zaion hura, alegia.
Liburuan erabilitako hizkuntzari buruz ohar pare bat egin nahi ditut. Euskal liburua izan arren, ez da euskara hutsean idatzia, erdal idazleek egindako ekarpenak bere horretan utzi baitira. Horrela, J.C. Moreno Cabreraren lana ez euskaratzea erabaki nuen eta beste horrenbeste egin nuen B. Bichakjianen idatziarekin. Azken hau frantsesa izan arren, ingelesez idaztea erabaki zuen, hizkuntza horretan erosoago sentitzen baita. Aipatu beharra dut ere, J. Rubiok baliabide prepositiboak erabili dituela idatzian, eta horren arrazoiak bere lanean aurki daitezke. Esan beharrik ez dago, bestalde, M. Azkaratek euskara batuan idatzi duela lana.
Liburuan aipatzen diren zenbait kontzeptu ezagunak dira, beste batzuk ordea, agian arrotzak. Hala eta guztiz ere, etorkizunean egoera desberdina nahiko bagenu, derrigorrez ikuspegi berriak kontuan hartu beharko genituzke, nekez espero baitaiteke bestelako emaitzarik betiko iritzi eta metodoak errepikatuz.
Hauek dira lau hizkuntzalariei egiten dizkiedan galderak:
– Hizkuntza guztiek komunikatzeko gaitasun maila berdina al dute?
– Ba al da hizkuntza zailagorik, hitz egitean nahiz ikastean?
– Zein da hizkuntza ideala?
– Sintaxian
– Morfologian
– Aditz sisteman
– Alderdi fonikoan
– Hizkuntza batean aurki al ditzakegu elementuak, komunikazioa zaildu edo trabatzen dutenak?
– Hizkuntzak aldatu egiten dira. Zein norabidetan?
– Gramatika xinpleagorantz?
– Hizkuntza analitikoagorantz?
– Hiztegi eta ñabardura aberatsagoak edukitzera?
– Zein izan beharko litzateke hizkuntzalaritzaren zeregina?
– Zer da zuretzat lengoaia? Nola definituko zenuke?