69 Zenbakia 2000-03-03 / 2000-03-10

Gaiak

Emakumeak euskal mitologian

ARANA, Anuntzi

Emakumeak euskal mitologian Emakumeak euskal mitologian Anuntzi Arana I. II. III. IIIa. IV. V. VI. VII. VIII. IX. I. SARRERA Martxoaren 8an ospatzen dugu emakumeen eguna. Nafarroan Baztanen, Erronkarin... Emakunde eguna ospatzen zen, Igande Inaute aitzineko hirugarren ostegunean, eta hori zen tradizio zaharreko emazteen eguna. Emakunde ondoko ostegunean Gizakunde zen, eta hurrengoa, Ostegun Gizena, Orokunde, denen besta. Beste leku batzuetan, Frantziako eta Espainiako hainbat herritan, Santa Agata izan da emazteen besta eguna, hartan ospakizunak egiten zituzten beren artean, bat hautatzen zuten auzapez eta, gizonak gomitatuz edo baztertuz. Bi ospakizun data horiek direla eta aitzinekoa otsailean eta oraingoa martxoan egoki da emazteak aipatzea. Emazteak gure mitologian. ( ) II. BIKOTEAK Emazteak zer leku duen neurtzeko, gizonek duten lekuarekin alderatu behar dugu, ea zein den agintaria, zein adimentsuena, zein nagusia eta zein sehia. Istorio zerrenda bat hartuko dut. Saiatuko naiz istorioak ez aukeratzea nire hipotesia indartzeko, baizik eta denetarik ematea. Lehena, hain zuzen, hipotesi horren kontra doa, Deabruaren alaba deituko dugu: protagonista, mutila, sartu da deabruaren etxean eta, bere burua salbatzeko, haren agindu bete ezinak bete behar ditu; deabruaren alaba, harekin maitemindu, lagundu eta gero ezkonduko da. Deabruak biak hil nahi ditu eta, pertsegitu dituenean, ihes egitea lortuko dute neskari esker. Alaba aita bera baino ahaltsuagoa da (baina senarrarekin batera egiten baitu, aita alaba bikotea ez da hain argia) (ikus Barandiaran, Kastilopranko, 1962: 17, Arratibel, 1995: 88 eta 59). Bigarren kondairak erakusten du emazte batek nola salbatu zuen senarra. Dohoztin kontatu zioten Barandiarani: Arotz bat bazen ezin bizia. Deabruak erran omen zion hark eginen zazkola lan guziak zortzi egunez, nahi bazien arima hari eman. Baietz, hitz eman omen zakon. Eta gero, denbora joatearekin, gizona triste: deabruak harkeman lan guziak egiten zazkolako. Emazteari kondatu zakon dena, eta harek pentsatu zuen haren doia: ile ondo bat burutik (ez ote zen sabelapetik?) idoki eta deabruari emateko, hura xuxen zezan. Deabruak ezin ile hori xuxen, eta suan sartu; ilea erre eta deabruak ezin lana burura. Eta gizonak arima beretako (Barandiaran, 1962: 101). ( ) III. FAMILIARREN MITOAK Familiarrak edo prakagorriak behin baino gehiagotan azaldu zaizkigu, eta ez dut istoriarik errepikatuko. Bakarrik haien ezaugarriak oroitarazi. Izaki bihurri tikiak dira, eulien itxurakoak, eta orratzontzi batean gordetzen dira. Jabearentzat lan harrigarriak egiten dituzte, baina ez bazaie lanik ematen, edo orratzontzia zabaltzen duena ez badaki nola berriz bildu, ez dute bakerik ematen. Hots gizonek dituzte kontrolatzen. Bizkaian kontatzen dute apez batek bazeuzkala, giltzariak hartu zizkiola eta askatu; lana eskatzen zioten eta, ura ekartzeko esan zienean, uretan ezarri zioten etxea; beharrik, senarra etorri zen, emaztearen sabelpeko ileaz kate egiteko agindu zien eta hori ezin eginez, bake eman zuten prakagorriek. Arestiko aterabide bera da ilea , baina aldi honetan gizonak du pentsatu, eta emaztea, aldiz, kurios pinterdi da, behar ez dena egin eta gero ez da konpontzeko gauza: gizonen beharra du bere txandrioen arranjatzeko. ( ) IIIa. FAMILIARREN BIKTIMA ETA PETZEROAK Akats handiagoa ere badute familiarrek: haien jabea ongi bizi bada, lan egin gabe eta aberats, egiten dizkioten lanei esker, hil orduan heldu zaio arazoa: hil hurren eta hil ezin paratzen da, zernahi pairatzen. Erremedio bakarra familiarretaz gabetzea da, norbaiti ematea. Komunzki abere bati ematen zaizkio, edo pertsona bati. Orduan airetik eramaten dute familiarrek beren hartzailea, eta inork ez du gehiago ikusten. Orozkon diote gizon batek ahuntzari sartu zizkiola, joarean edo ipurdian. Pertsona bati ematen zaizkionean, beti emazte bat izaten da hartzailea. Jakina da ahuntza eta emaztea parekatuak direla erramolde askotan, hala nola Oztibarren,"Ahuntza ez da abere, emaztea ez da jende" erraten baitzuten han. Horra bi istorio. Gizon batek prakagorriengatik ezin zuen hil. Alaba hirian zuen neskato eta familiarrak hari eskaintzeko deitu zuen aitak. Neskatxak onartu bezain laster, airean abiatu zen eta ez zen inon ere gelditu. Sorgina zela esaten zuten gero, beti airez ibiltzen zela. Beste istorio batean gauza antzekoa gertatu zitzaion Anbotoko Andere bilakatuko zen neskatxari. Anbotoko Anderea mendi batetik bestera ibiltzen omen zen airetik, ortzi eta tximisten artean, barazuza botatzen. Nola sortu zen esaten dute kondaira anitzek. Neskazahar baten neskatoa zen eta nagusi horrek familiarrak zituen; hil ordua heldu zitzaion baina ezin zuen hil, familiarrengatik, eta neskatoari eman zizkion; neskatoak hartu zizkion eta berehala airetik joan zen, geroztik airean ibiltzera kondenaturik, mendi batetik bestera ikusten zuten, inon gelditu ezinik. Eta hura da anbotoko anderea. Familiarren hartzaileak eta biktimak emazteak badira, haiengandik abantailak ateratzen eta kontrolatzen dituztenak aita edo nagusi anderea izaten dira; edo, arestian entzun bezala, nagusia eta senarrak: emazteek ezin dituzte behar bezala erabili eta baliatu. Hein batean dira senarrak eta nagusiak, hein batean sehiak eta emazteak; ez dugu ikusten emazte nagusirik morroia baino gehiago izaten. Hurrengo kondairetako bikoteetan egiaztatuko emakumea baino gehiago izateko baldintza gizona izatea dela, nagusigoa gizatasunean datzala. Ideia horretara ohitzeko, euskal kantu famatua entzungo dugu, "Agur jauna", jaun zein andereen ohoratzeko abesten dena: euskaldun batzuek hain dute gostuko zutitu ere egiten baitute hori entzutean. Jarririk egotea proposatuko diegu emazteei?. ( ) IV. ANBOTOKO ANDEREAREN SORRERAKO BIKOTEAK Anbotoko Anderearen sorrera erraten duten beste istorioetan ere agertzen zaizkigu bikote errangarriak, haietako kide bat beti Anbotoko Anderea delarik eta bestea, hura kondenatuko duena. Erraten dute neskatila ederra zela Anbotoko Anderea,bilo horiduna eta beti orrazten egoten zela. Horretaz kexatu zitzaion ama eta madarikazioa bota zion: "Ximistak eraman baheza!" Berehala airatu zela su eta gar, ihurtzirietan. Beste bertsio batean diote emazte ezkondua zela andere hura eta ez zela mezara joaten. Egun batez senarrak edo anaiak orgetan sartu zuen estekaturik eta bortxaz elizara eraman zuen; barnera sartu gabe, dena sutan jarri zen, estekak erre eta airetik abiatu zela garretan. Eta geroztik dabilela hortik. Arestiko bikoteei oraingo bi hauek gaineratu eta, hara zertan diren korrelazioak: aita/alaba = andere nagusia/neskatoa = ama/alaba = senar/emaztea = anaia/arreba. Kondenatua beti emakumea, eta kondenatzailea nagusia, gurasoa edo gizona. Normala da nagusi izatea aita alabaren eretzean, eta ama alabaren eretzean: genealogiaren araberako logika da, gurasoak eta haurrak ez baitira berdinak, haien arteko harremana bertikala da. Normala da nagusi izatea anderea neskatoaren eretzean: mailaketa sozio ekonomiaren arabera logikan, harreman bertikala da nagusien eta sehien artekoa (instituzioa justua edo injustua den kontuan hartu gabe). Baina ez da normala senarra nagusia izatea emaztearen eretzean, ez eta anaia arrebaren eretzean ere; horietan harremana ez baita bertikala, horizontala baizik, genealogiaren arabera (belaunaldi berekoak) eta maila sozio ekonomikoaren arabera. Senarra eta anaia nagusiak izateko arrazoi bakarra sexua da. Gizonen nagusigoak emazteak transparente egiten ditu usu. Zenbat aldiz ez dugun entzun ekitaldi publiko batean hizlariak toka egiten, entzule emazterik ez balitz bezala... Oso nabari da fenomeno hori borroka kantuetan: Anaitasuna denentzat, inoren anaia ez direnentzat berdin: `haurride' eta `senide' hitz jatorrak galdu ditu gure euskarak. Bestalde, gizonena da borroka, armak gizonen atributua direlakoan, nagusigoaren sinbolo eta eragileak. Hori da gure tradizioa. ( ) V. LAMINA ZAURITUA Emakume bat iruten gelditzen zen gauaz supazter ondoan eta lamina bat etortzen zitzaion tximiniatikurina eta txingarra eskatzen. Emaztea aspertu zen beti ematen eta senarrari salatu zion eta hura, emaztearen arropa jantzita, iruten jarri zen. Lamina etorri eta mesfido zen: Bardatik hona bizarra latzitu (zorroztu) zaun! Eman txingarra! Gizonak gerrena suan eman zuen eta goritua zenean laminari sartu zion, ahotik diote batzuek, uzkitik Zuberoako bertsio gehienetan. Eta ez zen gehiago laminarik etorri. Gizonak dira bertsio gehienetan laminen zauritzaileak. Bakarrik bi bertsio ezagutzen ditut emazteak gerrena hartu eta berak zauritu janaria kentzen ziona (bat Gamindek bildua, bestea Barandiaranek). Besteetan gizonari eskatu dio horren egitea, nahiz eta berak ere egiten ahal zuen, gizonen eginkizuna delakoan arma eskuan hartzea (eta ados dira horretan Bidasoa fundamentalista atxiki nahi dutenok). Hainbesteraino adierazia da armaren genero maskulinoa non, askotan, laminak bizarra aipatzen baitu, gerrenak bezala xixtatuko balu bezala. Laminaren zauria esplizitoki sexuala da askotan: Zuberoan uzkia aipatzen dute, baita alua ere bai, nahiz ez den hala erraten bertsio idatzietan. Eraso falikoa, dudarik gabe, familiarrak falikoki erabiltzen diren bezala femininoa den izaki baten kontra. ( ) VI. AKELARREA ETA BIZARRA Laminak basotik etxeetara etortzen dira, tximiniatik sartuz, emazteekin jatera. Manera erreziprokoan, basora joaten dira emazteak, laminen akelarrean dantzatzera, tximiniatik etxetik jalgirik. Horrelako bidaia dibertigarriak askotan kontatua izan dira, Euskal Herriko herrialde guztietan atxematen ditugu eta anitz bertsiotan: Cerquand ek Santa Garazin bildu du, Barandiaranek Saran, eta Barbierrek ere badakar: Etxe batean mutila, gau batez, zizailuan etzanik erdi lo zelarik, etxekanderea sartu zen, sukaldeko harri lauza bat altzatu, azpian gorderik zegoen kutxatxu batetik unturia hartu eta gorputz guztia hartaz torratu zuen. Mutila ixilik. Andereak "laino guztien azpitik eta berro guztien gainetik, oren bat harata beste bat honata" erran eta tximiniatik gora joanzen, akelarrera buruz. Mutilak ere joan nahi eta berdin egin du, baina alderantziz erran: "laino guztien gainetik eta berro guztien azpitik atsoaren gibeletik". Bere zizailuarekin tximiniatik abiatu zen: kostatu zitzaion zizailuari pasatzea, baina tira eta tira, azkenean airatu zen. Eta goiti eta beheiti gaixoa: lainoa zen lekutik gora, berroa zen lekutik haien azpitik, dena urraturik heldu zen akelarrera. Han baziren sorginak dantza eta dantza akerraren inguruan, eta hantxe zen etxeko anderea ere. Gero akerra fondorik gabeko kadira batean jarri zen, eta sorgin guztiak pasatzen ziren ipurdian pot emateko hari. Gure mutilaren aldia heldu zenean zapataria ere zen eta eztena eraman berekin , pot eman orde eztenaz ziztatu zuen akerra uzkian. Harek oihu egin zuen: "Geldi denok, geldi dantzak, sorgin berri honek bizar zorrotzak ditu". Eta hantxe barreatu ziren denak, akelarrean ziren guztiak. Mutila bakarrik, berroen artean, goizaldean ahal bezala itzuli zen etxera. Istorio hau aurrekoarekin alderatu behar dugu: tximiniatik datozen laminak "bizarra latzitu zain" diotsa gizonari, gerren zauritzailea eta bizarra lotuz. Akelarreko buruzagiak, berriz, "Sorginberrik bizarrak latzak ditu!": eztena eta bizarra parekatzen ditu, bizarrek dute akelarrea barrearazi. Bizarra gizatasunaren sinboloa da, erran nahi baita gizatasunak dituela lamina eta sorginak garaitzen, gizona dela gure mitologiako kondairetan laminen eta sorginen antidotoa, kondalariek usu azpimarratzen dutena. Gizona beti gizon, arma eskuetan maiz, nahiz ipuin honetan horretaz irri egiten den, beharrik. Mozarten Le nozze di Figaro operan mutiko gazte batek gerlara joan behar du, berak amodioa nahiago duelarik, eta Figarok barre egiten dio, "Narcisetto" eta "Adoncino" deituz, bide nabar, militarren topikoetaz ere trufatuz ("Cherubino alla vittoria, alla gloria militar"...), dena martxa militarraren erritmoaz, sinbolo sakratua doi bat inarrosiz. ( ) VII. APEZAREN AMA SORGINA Akelarrera joan zen mutilak ez zuen andereasalatu bertsio gehienetan. Beste batzuetan sorgina ez da salbatuko, semek berak du errearaziko: Herri batean baziren anitz haur eri, begizkoak joak omen: herritarrek erraten zuten sorgin batek bota ziola zorte gaiztoa eta sorgin hori apezaren ama zela. Apezek bazuten metodo bat sorgina nor den jakiteko: meza eman ondoan liburua zabalik utziz geroz, elizan diren sorginek ezin dute mogitu, parlesiaturik bezala gelditzen dira. Horixe egin zuen gure apezak: meza bururatu eta, liburua hetsi gabe, etxera joan. Laster jin zitzaion neskatoa, erranez amaren partez elizara itzul zedin arin eta liburua hets zezan. Horrela jakin zuen apezak ama sorgina zuela. Azkueren bertsioak dio apez horrek ama sorgingabetu zuela, benedikazioen benedikazioz. Niri kondatu didaten bertsioan, aldiz, apezak bere ama errearazi zuen eta kontalariak, emakume batek, ulertarazi zuen normal zela, sorgina zelako. Gizonen nagusigoaren logika urrun joaten da gure mitologia "feministan": genealogiaren logikaren kontra, semeak ama menperatzen, hau da, hainbestetan aipatu den Orestes en krimena egiten (Bachofen...). Irudiz, sorginen kontra zernahi justifikatua da. Esango digute hori apezkeriak direla... Ba, demostratzekoa da: hasteko, Azkue apezaren bertsioan, ez zuten sorgina hil, eta emazte batenean bai. Hots, makina bat ipuin irakurri dugu, bukaeran protagonistaren amaizun gaiztoa erretzen baitute. Amaizuna edo amatxi berdin, sinbolikoki, amaren irudia dugu beti. Arazoa da makina bat aldiz entzun behar dugula emazte guztiak nolabait sorginak garela, eta eritzi arrunt hori mitologiaren alderdi misoginoenarekin bat datorrela. ( ) VIII. SORGINAK OROHAR, SORGINEN ODOL NEFASTOA, AMA IZUGARRIA Amaren erretzeak psikoanalisira eramaten gaitu. Ipuinen psikoanalisia egin duen Bettelheim ospetsuak uste du sorgina beti amaren iruditik datorrela, "ama izigarria"ren arketipotik. Sorginen amatasuna "Hansel eta Gretel" ipuinean atxematen dugu: anai arrebak basoan galdu eta etxe bat atxeman zuten, hartan bizi den sorginogroak haurrak hartzen eta hazten ditu, ama on batek bezala, baina gizentzeko eta gero jateko asmoan. Haur tikiak uste du nahikaria guztiak beteko zizkiola amak eta Edipo garaian ohartzen da ez dela hala izaten; horregatik sumindurik eta sentimentu bikoitzetan murgilduta, ama ere ez ote den ogro bat somatzen du. Baina "ama izigarria"ren irudiak jende helduengan ere irauten du, eta emakumearen odolean aragitzen da, ur hilgarrian, gauean, denak sinbologia femininoaz tindatuak. Haurrak dira irudi misogino horren biktima hautak, gure tradizioko sorginen eginkizun tipikoa haurrak eriaraztea eta hiltzea da, eta haien pozoina odol menstrualetik heldu da: Albert Handia (Grand Albert eta Petit Albert badira) deitu magia liburu zaharrak hau dio: Oraino hilekoa duten emazte zaharrek seaskako haurrei begiratzen dienean, pozoina sartzen diete begien bidez, haien odol geldiak eta beste umoreak gorputz guztian hedatzen baitira begietaraino, eta begi horiek airea kutsatzen eta haurrak infektatzen dituzte. Zoritxarrez, gehiago hilekorik ez duten emazteek ere infektatzen omen dituzte haurrak. Nola hori? Hileroko odolik ez baitute kanporatzen emazte zaharrek, barnean gelditzen zaizkie humore gaizto guztiak eta, zaharrak izanik, ez dute aski bero gorputzean erretzeko; bereziki pobre direnek, jaki arruntak jaten baitituzte, besteek baino pozoin gehiago botatzen dute. Ikusten denez ez da eskapatzerik: emakumea, zaharra eta txiroa izateak sorgina erran nahi du. Albert liburua ez da euskalduna, baina hemen izan diren sorgin anitzek hiru ezaugarri horiek zituzten: Websterren bilduman badira horrelakoak, Barandiaranek andana bildu du bere Brujeria liburuan (1984); Caro Barojak kasu bat aipatzen du Nafarroan: Arantzan haur batzuk eri izanik, sorgin batek begi edo zorte gaiztoa bota ziela pentsatu zuten, eta gizon batek aldarrikatu zuen karrikatik iraganen zen lehen atsoa (ez lehen pertsona) zela hobenduna: emazte xahar bat kasik lintxatu zuten. Sorginak jendarte tradizionalean onak zirela etakristianismoak gaizto egin dituela entzuten dugu maizetan. Hori partean baizik ez da egia. Pertsekuzio basatia kanpotik bai ekarria bazen, sinestea oso bertakoa da. Kristianizatuak ez diren herrialde askotan ere badira sorgin gaiztoak, amerindioen artean nola Ozeaniako irletako biztanleetan. ( ) IX. ONDORIOAK Mitologian agertzen diren emazteei begiratuz geroz, bistan da gehienetan hemen aipatu ez baditut ere , eta salbuespenak salbuespen, nabari da emazteak gizonak baino ahulago izaten eta haien agintepean egoten direla, baita emakumeek gizonek baino maila genealogikoa edo sozial goragoa dutenean ere. Horrez gain, sorginen istoriak argi eta garbi misoginoak izaten dira. Gure mitologian gutxitan atzematen dira gizon sorginak, emazteak izaten dira gaiztoak. Neuk inkestatu ditudan lekuetan beti hala izan da, eta Dohoztin Barandiaranek egin ikerketan irakurtzen ahal da sorgin gaiztoa "sorcière" dela (femininoa); aldiz, aztia "devin" da (maskulinoa), eta ez kaltegarria, bakarrik gauza galduak non diren asmatzen du. Horiek hola, ezinezkoa da ondorioztatzea euskal mitologiak euskaldunen behialako matriarkalismoa erakusten duela. Orokorki, jendartean atxematen den joera antzekoa du, beharbada doi bat hobea, eritziak orekatuagoak. Footballean bezala txartelak eman behar bagenitu txartel horia emango nioke mitologiari, mundu honetako emakumeak tratatzeko orduan, eta txartel gorria ohidura sozialei. Bidasoako fundamentalistak zelaitik kanporatu, naski. Azken Eguberritan, jostailu denda bateko publizitatean hau entzun dugu: "Neskatilendako Barbie panpina, eta jeloskeriarik ez izateko, mutikoentzat Action man!" Iragarki horretan labur bildua zen rol banaketa sexista: azken Barbie ren atributua "la tresse magique" zen (laminen bilo hori luzea); Action man, aldiz, basamortuan aurkeztua zen ("patrouille du désert"). Ez da dudarik, naturalki neskek seduzitu nahi dute eta mutilek borroka egin. Mitologian bezalaxe. Jostailuak zein kondairak haurrei eskaintzen dizkiegu, eta haien bidezere ikasten dute beren burua non koka. Ez dut inondik ere ondorioztatuko euskal mitologia zakarrontzira botatzeko dela; alderantziz, parada ematen digu nahi ditugun istoriak eta nahi ditugun bertsioak hautatzeko eta, orain arte sexismoa izan bada joera nagusia, gure esku da jokua iraultzea, salbuespena izan dena ohiko bilaka dadin. Hemengo misoginia ez baita islamiar fundamentalistena, ez eta Inglaterra "victoriana"koa ere; hasteko, ez dizkigu predikatzen Virginia Woolf ek aditu behar zituen ergelkeriak: «Oscar Browning, autrefois grand personnage à Gambridge, avait coutume de déclarer "que, l'impression laissée sur son esprit après avoir parcouru n'importe quelle catégorie de copies d'examen, indépendamment des notes à leur attribuer, était celle ci: la meilleur des femmes est intellectuellement inférieure au pire des hommes"». Halere, geurea asumituko dugu, argudio lausengarrietan erori gabe: jatorriz oso plantakoak eta progresistak ginela baina indoeuroparren inbasioak, erromanizazioak eta judeo kristianismoak egin gaituela matxista. Hiru horien misoginia agerian bada ere, gurea haien bizkar emateko ez dugu inongo frogarik, soilik sinesgarritasun gutiko ustekeriak eta nahikariak. Goiti ari ote gara, orain? Agian bai. OK Korral ek nesken amodiozko kezkak kantatzen ditu, baina askoz gehiagotan egiten dute gizonek. Jadanik XII. mendean baziren emazte trobadoreak, amodio kezken kantariak, gizonak baino askoz gutiago beti. Orain bezala, orduan ere, biziki poeta onak, Dia ko kontesa, adibidez. ( ) Anuntzi Arana, antropologoa Euskonews & Media 69.zbk (2000/ 3 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria