Arrantzarako arteak, amuak Arrantzarako arteak, amuak (Amu mota berriez osatutako tretzekin egindako proben emaitzak) * Esteban Puente 1994az geroztik, legatza tretza erdipelagikoarekin ("harri bola") harrapatzeko teknologiaren inguruko ikerketa programa bat gauzatzen ari da AZTI, eta azterlan bat egin berri du arrantzu mota honetarako amu mota berrien erabilgarritasuni buruz. Amu mota berriak Wide Gap, O'Shaugnessy eta Circle izenekoak dira, eta jada arrakastaz probatu dira ur norvegiar eta kanadiarretan, beste espezieetara (bakailao, eglefino) bideratutako arrantzuetan. Round Hook motako ohiko amuarekin binaka alderatu dira harrapaketako ezaugarriak, hau da, harrapatze tasa eta modua, eta harrapakinen osaketa bai tailaka eta bai espezieka. Proba hauek arrantzu esperimental konparatiboen bidez egin dira, baxurako flotako untzi tretzadun profesionaletan. Wide Gap (2 neurria) eta Circle (11 neurria) amu esperimentalak, ohiko amua baino eraginkorragoak dira legatza harrapatzeko: ohiko amuaren aldean, Round Hook ekin (3/0 neurri) %24 eta %50 hobetzen da harrapatze tasa zamari dagokionean. O'Shaugnessy amua, aldiz, ohiko amuaren antzekoa da harrapatze eraginkortasunari dagokionez. Arrantzalea amuekin. Lanean aritzeko daukan zailtasuna dela eta, proba gutxiago egin dira Circle amuarekin, eta amu gutxiagorekin gainera; horregatik, komenigarria litzateke lortutako emaitzak beste proba gehigarri batzurekin osatzea maila komertzialean. Ziurrenik hauxe izango da amu esperimental batzuk arrantzurako eraginkorragoak izatearen zergatia: arrainak sendoago krokatzen dira amuan honek daukan diseinuagatik, eta, behin krokatuz gero, zaila egiten zaie askatzea. Probatutako hiru amu esperimental motek tretzaren selektibitate inter espezifikoan eragiten dute, harrapatutako espezieen proportzioak asko aldatzen baitira ohiko amuaren alderatuta. Bestetik, ez dirudi legatzaren kasuan amu esperimentalek tretzaren selektibitate intra espezifikoa gehiegi aldatzen dutenik, izan ere, oso antzekoakdira espeziaren batezbesteko taila nahiz tailaren banaketa amu esperimentalekin eta tradizionalekin egindako harrapaketetan. Azterketa honetan erabilitako amu mota guztietan, amua arrainaren ahoko hezurretan krokatzearen bidezko harrapaketa izan da nagusitu den modua, baina proportzio handiagoan amu esperimentalen kasuan tradizionalean baino. Litekeena da hein batean horixe izatea amu esperimental batzuen eraginkortasuna hobetzearen zioa. Operatibitateari dagokionez, Circle amuak eragozpen praktiko batzuk ditu, batik bat bere harakunearen zailtasunagatik eta gaur gaurkoz untzi trotzadunen ekipamendua gaizki egokituta egoteagatik trotzaren zamarako; ondorioz, aurretiazko garapen teknikoren bat erabili beharra dago arrantzu komertzialean. Wide Gap amua, ostera, erabat egokitzen da flotaren egungo lan baldintza eta ekipamendura, eta, beraz, zuzenean aplika daiteke erabilera komertzialerako. Ondorio hauek interes gorena daukate sektorerako azkenaldian sakonki birmoldatua bere errendimendu baxuen ondorioz , izan ere, asko lagun dezake legatza harrapatzen duen flota trotzadunaren lehiakortasuna handitzen. Esteban Puente, Arrantza Baliabideen Saila Argazkia: Auñamendi Euskonews & Media 64.zbk (2000 / 1 28 / 2 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.