Euskonews Gaztea
Gaiak: Wentworth Webster
Elizgizon eta euskalari ingelesa 1828ko ekainaren 16an Uxbridgen jaioa.
Brightoneko eskola partikular batean eta 1849tik aurrera Oxfordeko Unibertsitateko Lincoln College–an ikasi zuen. Osasun arazoak zirela eta, apaiz ordenatze berantiarra izan zuen, baina ez zion Europa eta Afrikatik (Egipto, Hegoafrika, eta abar) barna bidaiatzea eragotzi. Frantzian Bagnères de Bigorren bizi izan zen eta hemen ezagutuko zuen bere emaztea izango zen Tekla Laura Knipping.
Euskal Herriarekin lehen kontaktua Lapurdin bizitzen jarri zenean izan zuen (1869), euskal kostalde ezagunean bizi ziren anglikanoen kapilau bezala, batez ere Donibane Lohitzune eta Biarritzen. Bere ulertze eta prestakuntza zientifikoari esker, bertan kultura esanguratsu bat zegoela ohartu zen eta bere bizitza guztian zehar metodo kritiko baten bidez honen ikerketara zuzendu zen, herrikideen artean oso ohikoa ez zena.
Euskara ikasi zuen, metodo fonetikoak jarraituz jasotzen hasi zen, eta frantses eta ingelesera itzuli zuen. Basque legends, collected chiefly in the Labourd (1879) lana argitaratu zuenean 51 urte zeuzkan, eta zortzi taldetan sistematizatutako kondairak bildu zituen: Tartalo, Herensuge, animaliak, Basa–jaun, Basa–andre eta lamiak, sorginkeria, maitagarri zeltak, maitagarri frantsesak, kristau kontaketak. Ondoren Spain (1882) argitaratu zuen kapitulu bat Euskal Herriari eskainiz, aldizkari ingelesetan argitaratutako gai erlijiosoak ahaztu gabe.
Urte batzuk geroago Sarara joan zen bizitzera, eta betiko ezarri zuen berta bere bizilekua (1882), lehenik “Bechi–enea” baserrian, gero “Crespotegia”n (Mendi–Bichta), zituen osasun arazoengatik, bai eta jendearen sinpatia eta inguruko kulturarengatik ere. Bertatik, askotan bisitatzen zuen Hendaian bizi zen Antoine d’Abbadie laguna.
Euskal kostaldera joaten zen bisitari batek, Gladstonek, diru laguntza bat lortu zion horretatik bizi ahal izateko; teologiari buruz eztabaidatzen zuten biek askotan. Hala ere, herri honi zion maitasuna ez zen eragozpena izan 1883an Garay de Monglave eta Louis Duhalde autoreen Altabizkar (1883) kantu apokrifoa agerian uzteko: aurkikuntza hau Historiako Errege Akademiaren Buletinean argitaratu zuen (III. Libk., VI. Koad.). Honi, “La Tradition du Pays Basque” –en argitaratutako (1879) Les pastorales basques argitalpenak jarraitu zion, 1900. Urtean, 1712ko Pierre d’Urteren Grammaire Cantabrique–Basque, ordura arte argitaratu gabe egon zena eta 1901ean berriz, Les loisirs d’un étranger au Pays Basque.
Foru (ikuspegi liberal batetik idatzia), partzuergo, agote, lotura egokien akordioak, kofradia, kobada, toponimia, eta abarri buruzko gaiak landu zituen “The Academy”, “Notes and Queeries”, “The Spectator”, “Boletín de la Institución Libre de Enseñanza”, “The Fortnighly Review”, “The Atheneum” bezalako aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluetan. 73 urte zituela hil zen 1907ko apirilaren 2an adopzioan hartu zuen herrian. Donibanen lurperatua izan zen.
‹‹Wentworth Webster, Auñamendi Eusko Entziklopedian››