Euskonews Gaztea
Gaiak: Ez-garapenaren bidean
Denok nahi dugu etorkizun on bat eduki; gure oparotasunari begiratzen diogu, eta kasu batzuetan baita ingurukoenari ere. Eta sarri askotan, nahi hori betetzeko Lurraren osasunari ez diogu erreparatzen.
Ados, esan berri dudana tontakeria hutsa da. Zuk kotxea ez duzu behar baino gehiago erabiltzen, zenbat kutsatzen duenaren jakitun baitzara. Zuk arropak erosi aurretik non egina diren begiratzen duzu, langileen baldintzak aintzat hartzen dituen enpresa bati erosten diozularik, ahaztu gabe, ingurugiroarekin ere txintxo portatu behar dela zure kontura poltsikoak betetzen dituen industria. Saiatzen zarenik, ezin ukatu.
Halere, albora begiratu eta daramagun garapena jasangarria ote den galdetu behar diogu gure buruari. Gobernu ugarik diskurtso ofizialean jendaurrean bestelakoa esan arren, ordua iristerakoan hartzen dituzten erabakiak kezkagarriak suertatzen dira. Adibide gutxi batzuk aipatzearren, Kiotoko protokoloari mingaina ateratzen diote, mendiak txikitzen dituzte ziztu bizian pasako den tren bati tokia egiteko, edota erradiazioaren beldurrik gabe, zentral nuklearren bizitza luzatzen dute hamar urtez...
Niri ez zait iruditzen aurrera egiteko urratsak direnik, kontrakoa baizik; gauzak nola dauden ikusita —eta ez daude ongi!— bere horretan jarraitzea ez–garapenaren bidean jarraitzea da. Akaso duela 300 urte ez zuten gure teknologiarik edukiko, ez gure bizimoduetako erosotasunik izango, baina garai hartan norbaitek Lurrak zenbat denbora biziraun zezakeen galdetuta, zifrak ez lirateke egun dauzkagunak besteko beltzak.
Aldatu ezean zulorantz jarraituko dugu, zulo beltzerantz, eta hark irentsita desagertuko gara. Oker ibiltzea espero dut, eta akaso hanka sartu dut artikulu honekin; grisetik kolore biziko etorkizunera goazela ikusiko bazenute, esan lasai, biziko poztuko naiz eta.