60 Zenbakia 1999-12-23 / 2000-01-07

Gaiak

Azantzak. Erne belarriok!

URMENETA, Asisko

Azantzak. Erne belarriok! Azantzak. Erne belarriok! * Asisko Urmeneta Komikia, gainerako arte guziak bezala kanpotik etorri zaigu euskaldunoi, eta nondik ez, beranduegi. Oroitarazi behar ote dugu Erdi Aro betean hemengoak arras emanak zeudela megalitismoari? Komikia ofizialki Estatu batuetan sortu zen, eta bistan dena, ingelesez sortu ere. Bertze hizkuntzetara itzuli zituztenek arazo ezagun batekin egin zuten talka: testu arrunta bertze edozein idazki gisan itzuliko zatekeen, eta idatzi. Baina eta onomatopeiak? Letra molde berezietan eginak zeuden, marrazkiarengandik hurbilago idazkiarengandik baino: odoltsuak, zapartatuak, isuriak edo izoztuak katalogo amaitezinean. Beren horretan uztea deliberatu bide zuten biñeta ez aldatzearren, eta horrelaxe sartu zitzaizkigun eguneroko bizitzan SNIFF, SLURP, BLAM eta enparauak. Gainera, eta afera kolonialak direla kausa, modernoago eginen zitzaien nonbait BANG tiroa, etxeko danba baino. Eta horra aspaldiko galdera: oilarrak COCORICO (iparraldean) edo KIKIRIKI (hegoaldean) egin badezake KUKURRUKUren ordez, zertarako "oilarra" erran eta ez gallo, edo cocq? Hotsen isla dira onomatopeiak, hizkuntz unibertsoaren parte arnegaezinak, eta ez hori bakarrik, soinuaren kategoria gainditu, eta ekintza burutzeko jarreraren berri ematen digute. Ez da eta gauza bera FIRIRIN FIRIRIN aritzea edo TRIPUS TRAPUS, FORDOKO FORDOKO edo ZIRRIKI ZARRAKA, bistan denez. "Aborijinaltasuna" gure goiburuari jarraituz, BANU IQASI izeneko sarea eratu genuen Napharthaideok onomatopeia bilketari ekiteko. Handik eta hemendik oinarrizko zerrenda osatu genuen, eta hura herriko lau kornerretan gaindi ibilarazi alde berriak biltze aldera. Horiek horrela gauza andana ikasi genuen: zuberotar otsoak OHÜLGÜ egiten duela, DZIST isurtzen dela gizakia, edo DAPA! etortzen zaigula gogora ideia. Bildu genituenak bildurik, berriak asmatzea dugu maiteen... Nola egiten du mandrilak altan delarik? Zein azantz sortzen duen kondoiak urratzean? Eta telebista deskateatuak?Erne belarriok! Asisko Urmeneta, Napartheideko kidea Euskonews & Media 60.zbk (1999 12 23 / 2000 1 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria