60 Zenbakia 1999-12-23 / 2000-01-07

Gaiak

Komikigintza Euskal Herrian

IRAETA USABIAGA, Ainara IRAZU, Ainhoa

Komikigintza Euskal Herrian Komikiak Euskal Herrian * Ainhoa Irazu eta Ainara Iraeta Umoregintza grafikoaren euskarri nagusiak egunkariak zein aldizkariak dira. Prentsako ilustrazio nahiz txisteen erreinuan, mundu grafiko emankorra zabaltzen da. Antton Olariagak Zeruko Argiako atea jo zuenean, euskal grafismo modernoari hasiera emanez. Adituek diotenez, Olariagarekin euskal umorearen aro berriari hasiera eman zitzaion. Hori orain dela 25 urte izan zen. Orduz geroztik hainbat eta hainbat egilek jarraitu dute Olariagak umoregintza grafikoan urratutako bidea. Grafismoa indar handiz sartu da prentsan. Urte batzuetatik hona idatzizko komunikabideetan gero eta garrantzi gehiago ematen zaio marrazkiari. Zergatik? "Diskurtsoa erreza da, begietatik aise sartzen da. Hori dela eta, agerian geratu da testuaren eta marrazkiaren arteko lotura eraginkorra dela" dio Mauro Entrialgok, hainbat komunikabideetan marrazkilari gisa ari den gasteiztarrak. Grafismoaren garrantziaz jabetuta, gero eta gehiago dira informatzeko modu horri heltzen dioten idatzizko hedabideak. Era berean, gero eta gehiago dira eguneroko berriak txiste bihurtzen dituzten marrazkilariak: Oroz (Diario de Navarra), Iñaki Martiarena (Euskaldunon Egunkaria), Mikel Valverde (Zazpika), Asisko Urmeneta eta Marko Armspach (Argia), Jabier Etaio (Gara), Xabi Mercero (Diario Vasco) eta abar luze bat. Idatzizko komunikabideetan jaio zen umore grafikoa. Edonola ere, bada oraindik grafisten lana baloratzen ez dela uste duenik. "Umore grafikoaren plataforma nagusiak idatzizko komunikabideak dira. Beraz, gai honi buruz hitz egiterakoan ezin dira ahaztu komunikabideetan lan egiten duten egileak. Alde horretatik, uste dut, komunikabideetako marrazkilarien lana oso gutxi baloratzen dela. Liburuetarako egiten diren ilustrazioak, prentsako umore grafikoa baino askoz gehiago baloratzen dira". Hona hemen Euskal Herrian argitaratzen diren komiki garrantzitsuenak: La COMICtiva: 5 urte komikigintzan La COMICtiva izeneko aldizkaria EuskalHerriko komikilarien elkarteko espresio tresna gisa jaio zen, eta egun ere, aipatu elkarteko adierazpide nagusiena da. Bi hilabetekaria da eta Bilbon du bere egoitza nagusia. La COMICtivaren lehendabiziko zenbakiak 1994an ikusi zuen argia. Orduan, komikiari eskainitako fanzinea baino ez zen. Hasiera batean, Bilboko Udalak diruz laguntzen zuen. Edonola ere, aurrerago, erakunde honek argitalpena babesteari utzi zion. Urteak aurrera egin ahala, zuri beltzezko 32 orrialde zituen fanzine hark bilakaera garrantzitsua izan du. Horretarako, bertako lagunek lan nekeza egin behar izan dute finantziazio iturriak finkatzeko: publizitatea lortu, banaketa sare egokia eratu, argitalpena hobetu eta abar luze bat. Egun, komiki aldizkari txukuna da, 64 orrialdez osatutakoa, % 60tik gora kolorez eginikoa. La COMICtivak 15.000 aleko tirada du, eta espainiar Estatuko zein Hego Euskal Herriko denda espezializatuetan eros daiteke 350 pezetaren truke. Edukiei, gaiei eta egileei dagokienez, Euskal Herrira baino Espainiara eta Latinoamerikara begira dago. Komiki guztia, gazteleraz egina da. Erredakzioan, Natxo Allende (zuzendaria), Carlos Cristóbal eta Rubén Ontiveros komikilariek jarduten dute. Horiez gain, hainbat eta hainbat kolaboratzaile dituzte: Alex de la Iglesia, Santiago Segura, Javirroyo, Roberto Garay, Borja Crespo, Mauro Entrialgo... Maketazio lanetan, berriz, Jonardo ari da. Natxo Allende da argitalpen honen "alma mater"a. Napo pertsonaiaren egileak komikigintzan aritzeaz gain, eskarmentua izan du telebistan, eta laburmetrai baten egilea da. Bestalde, Borja Crespo autoreak ukitu gorea ematen dio aldizkariari. La Comictivan espainiar Estatuan izen handia duten hainbat komikietako langileak diren zenbait egile hazi dira, esaterako, Ladislao Kubala, Jose Luis Agreda (Barrabás eta el elefante erranteren egilea) eta Pedro Vera. Horiek, la Comictivatik El Jueves aldizkarira egin dute jauzi. La COMICtiva. http://comictiva.kender.es Gasteiztik TMEO: guztien aita TMEO aldizkaria Arabakohainbat komikizaleen ekimenez jaio zen 1987an. Arabako komikilariak antzindariak izan dira argitalpenen sorkuntzan, izan ere, TMEO jaio baino urte batzuk lehenago, komikiari eskainitako argitalpen xumeago bat ere plazaratu zuten Arabako hiriburuan: Hamelin. Hamelin fanzinea zen, eta horretan jardun zuten kideak izan ziren TMEO aldizkaria sortu zutenak. Ildo honetan ezin aipatu gabe utzi Ernesto Murillo komikigilea, zeinek, TMEOren sortzaileetakoa izateaz gain, beste hainbat egitasmotan parte hartu duen, esaterako Euskadi Siux izeneko bilduman. Euskal Herrian egindako komiki aldizkari zaharrenetakoa dugu TMEO, guztien aita. 12 urte bete ditu aurten, eta urte horietan guztietan, bertako lagunek 53 zenbaki atera dituzte. Bi bilduma ezberdin plazaratu ohi ditu bi hilabetekari honek: TMEO eta Anzuelo izenekoak, hain zuzen ere. TMEOko autoreei dagokienez, espainiar Estatuko komiki aldizkarietan (Vibora, El Jueves) izen handia lortu duten hainbat egile daude, esaterako, Mauro Entrialgo eta Álvarez Rabo. Lehendabizikoak hainbat argitalpenetan parte hartu du: El Vibora, El gran musical, Primera Linea, El País...Komikigintzaz ezezik, Entrialgo beste zenbait esparrutan ere sartu da: musika, antzerkia eta zinea, besteak beste. Gasteiztar honek sortutako pertsonaien artean, ezin ahaztu, "Herminio Bolaextra" Sobradun antzerki taldeak agertokira emandako pertsonaia. Álvarez Rabo, bestalde, espainar Estatuko autore interesgarrienetakoa dugu. Galiziar euskaldun honek polemika piztu du, batik bat, sexuaren inguruan plazaratutako bere komiki istorioengatik. Azkenik, Mikel Valverde gasteiztarraren izena aipatu behar, zenbait argitalpenetan kolaboratzaile moduan aritzeaz gain, ilustrazioaren munduan bide oparoa jorratu baitu. Berak sortutako pertsonaien artean komikizaleen artean nahikoa ezaguna den "Canaille" komisarioa dago. Bestelako kolaboratzailerik ere bada TMEOn: Orue, Larry, Kini, Kike Turmix, Azagra, J.C Palacio eta abar luze bat. TMEO. http:// Nafarroatik Napartheid: euskarahutsezko komiki bakarra 1988ko negu gorrian jaio zen Napartheid. Izen hori erabiliz, Napartheid eko lagunek Nafarroan euskararen ofizialtasuna arautzen duen legea salatu nahi dute. Egitasmoa abian jarri zuen taldearen helburua euskara hutsean eginiko argitalpen bat aurrera eramatea izan zen. Lehendabiziko zenbakiak bitarteko aldetik xumeak izan arren, arrakastatsuak izan ziren. Horren adierazle jendearen artean sortutako zalaparta. Urteak joan urteak etorri, argitalpena hobetuz joan da. Batetik, autoreen zerrendari izen berriak gehitu zaizkio: Aritz, Iñigo, Martin. Une honetan, sortzaileek (Asisko Urmeneta, Patxi Ugarte...) egile gazteen esku utzi dute erreleboa: Iñigo, Aritz, Martin eta abar. Napartheid dugu erredakzioan emakume gehien dituen komiki aldizkaria: Maite, Agurtzane eta abar. Bestetik, denbora igarotzearekin batera, egitasmoa sendotzen joan da, tirada, 3.000 aletara iritsi da. Ale bakoitzean gaurkotasuna duen gai bat jorratzen dute, beti ere, ikuspuntu kritikoarekin, hau da, komunikabideetan aurkitzen ez den errealitatearen berri eman nahian. Banaketari dagokionez, Nafarroatik Euskal Herri osora hedatu da. Komikia liburudenda espezializatuan eros daiteke, baita tabernetan ere. Napartheiden izaera finkatuz joan da, eta egun, lau ardatz nagusi ditu aldizkariak: Batetik, aldizkariko marrazki taldeak arte adierazpen ezberdinak ekoiztu eta argitaratzen ditu, beren sormena bideratu eta, bide batez, mezuak hedatzeko. Taldea, berez, euskaraz bizi da. Ondorioz, ekoizpen guztiak euskara hutsez izan ohi dira. Napartheidek berez underground izaera du, hau da, antolaketa horizontala da, inolako ierarkiarik gabea. Horrez gain, aldizkaria merkatiliskotik at kokatzen da. Gaien tratamenduaren aldetik, esan bezala, Napartheid ek jarrera kritikoa du. Egun, aldizkariaz gain, taldekideek bestelako ekimenak lantzen dituzte: liburu bitxiak, grafitiak, bideogintza eta fanzinoteka. Napartheid. http:// Comic Club fanzinea Comic Club argitalpena orain dela 5 urte sortu zen Durangon.Sortzaileen asmoa, marrazkigintzan eta mundu grafikoan zebiltzanei euren lanak argitaratzeko leku bat eskaintzea zen. Hasiera batean fanzin euskarria zuen. Gaur egun, Comic Club izenekoaren itxura oso bestelakoa da. Fanzin eta aldizkariaren artean koka genezake. Ez du orrialde finkorik, batez beste 50 orrialde ditu. Azala koloretakoa da eta barrukoa, berriz, zuri beltzean. Batik bat, komikigintzari begira egindako argitalpena da, edonola ere, bestelakorik ere aurki daiteke bertan: artikuloak eta musika aipamenak, besteak beste, bai euskaraz eta baita erdaraz ere. Comic Club egiten duten kideek hobby moduan hartzen dute beren jarduna. Ismael Igesias gaztea da erredakzio batzordeko burua. Jon Roman, berriz, maketazioaz arduratzen da. Horrez gain, badira kolaboratzaile finak: hala nola, Xabier Etxeita, Ander Lauzirika, Piedad Ortiz eta Maite Yurrebaso. Horiek guztiek, gehien bat eguneroko bizimodua dute hizpide beren komikietan: sexoa, frustazioak, kezka politikoak, gizarte kritikak... Normalean bi zenbaki ateratzen dituzte urteko. Orain arte, guztira 12 zenbaki kaleratu dituzte. Tirada, berriz, 500 alekoa da. Une honetan, bi finantziazio modu dute fanzine honetako lagunek: herriko eta inguruetako tabernari eta dendariek egindako publizitatetik aterako sosak, eta Durangoko Udalak emandako dirulaguntza. Comic Club. Pinondo etxea z/g Durango 48200 Ipurbeltz Euskal Herriko komiki aldizkari zaharrena Ipurbeltz Euskal Herriko komiki aldizkari zaharrena da, orain dela 22 urte sortu zen. Garai hartan ikastolak sendotzen ari ziren eta euskararen transmisioari eusteko tresnak asmatzen ari zirela, komikiak sortzea bururatu zitzaien. Asmoari itxura ematen Julen Lizundia, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga ,eta Jon Zabaleta ibili ziren besteak beste, helburu didaktikoa zuen komiki aldizkaria sortzeko asmoz. 22 urteren ostean, Ipurbeltzek etapa ezberdinak izan ditu: erabat komiki izan zen sortze garaian, Antton Aranbururen gidaritzapean. Geroago, eskola giroari gehiago begiratzenhasi zen, haurren partehartzeari eraginez, eta ipuinak plazaratuz. Jexux Mari Arrietaren lana ere ez zen nolanahikoa izan. Aldi hartan bi irakasle izan ziren Ipurbeltzen arduradun, Aitzpea Goenaga eta Mertxe Ezeiza. Kontsolidatze aroa izan zen, beharbada. Ondoren, Agate Eskisabelek koordinatu zuen aldizkaria, sekzio emanez batetik, eta formula berriak saiatuz, bestetik. Esaterako, ETBrekin landutako Super Bat nabarmenduko genuke etapa honetan.Azkena, duela hiru urte hasitako bidea da, Ipurbeltzek komikiak eta kazetaritza kutsuko idazlanak argitaratzen dituenetik. Etapa eta garai bakoitzarekin, irakurleen adina ere aldatuz joan da konturatu gabe, Ipurbeltzen adin espektroa zabaldu egin da, bertan biltzen diren komikiek hainbat irakurketa maila onartzen bait ditu. Euskal komiki aldizkari zaharrena garai berrietara moldatzen ari da eta hurrengo urteetarako baditu erronka garrantzitsuak. Euskal Herrian diren eta ez diren zoko guztietara iritsi nahi du, harpidedun kopurua 2.000 tik 4.000 ra bikoiztuz eta haurren eta gaztetxoen erreferentzia izanez. Haur prentsa lau haizeetara ezagutzera eman nahi du Ipurbeltzek, horretarako hilabetekariak Internet en orria ere behar du izan etorkizun laburrean. Erronka handiak. Geroak esango du. Ipurbeltz. http:// Ainhoa Irazu eta Ainara Iraeta, kazetariak Euskonews & Media 60.zbk (1999 12 23 / 2000 1 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria