60 Zenbakia 1999-12-23 / 2000-01-07

Gaiak

Gaurkotasunezko umore grafikoaren gida

MARTIARENA, Iñaki

Gaurkotasunezko umore grafikoaren gida Gaurkotasunezko umore grafikoaren gida * Iñaki Martiarena Otxotorena (Mattin) Marrazkilari editorialistaren eguneroko jarduna zertan den azaltzea zaila, nahasia eta askotan esplika ezinezkoa egiten zait. Sormen lana prozesu berezia da oso. Gauzak horrela, zure asmoa lanbide serio honetan buru belarri hastea baldin bada, zenbait gomendiotxo botako dizkizut, nire esperientzia apalean oinarrituta eta botepronton: Lerro editoriala Ai ene. Gai korapilotsua. Prentsa "objetiboa" mito bat besterik ez da. Enpresa periodistiko guztiek ideologia jakin bat bultzatu eta babesten dute. Marrazkiak enpresak markatutako ideologia islatzen du, edukian zein informazioaren tratamenduan. Konflikto asko (gehienak) ikuspegi kontrajarriak daudelako gertatzen dira. Marrazkilari "artista" txorakeria bat da: langile bat besterik ez da eta bere ideiak eta marrazkiak saldu egiten ditu. Argi eta garbi. Iritzi arduraduna Kazeta guztiek iritzi arduraduna dute. Bere betebeharra iritzi orrialdeek lerro editoriala biltzea da. Beraz, iritzi arduradunarekin nolabaiteko "sintonia" izan beharra dago. Le MONDEko Plantú marrazkilari ospetsuak, adibidez, argitaratu aurretik iritzi arduradunari bostpasei zirriborro erakusten dizkio. Gaia ere, normalki, erredakzio bileran erabakitzen da. Sail bakoitzeko arduradunak elkartu eta eguneroko albisteen errepasoa egiten dute. Gero, marrazkilariari irudikatzeko bat "posible"ren bat jartzen diote. Bertsolariei bezalaxe. Beraz, adostasuna komeni da. Oso ariketa interesgarria da iritzi arduraduna eta zuzendaria norberaren ideia munduko ideiarik onena dela konbentzitzea. Nagusiak "toreatzea" nekagarria bihur daiteke ordea. Hobe da energia hori marrazki txukun bat egiten gastatzea. Ez indarrak alferrik galdu. Argi dago: gu pizti "arraroak" gara kazetarien erredakzioan. Albistea Informatua eta "egunean" izan behar duzu. Ez da beharrezko albiste nagusiaren egin behar. Ideia onak askotan albiste arrunt batek ematen digu. Hala ere,gertakizuna edo "akontezimentua" dagoenean (pinochet estraditatu dute, Udalbiltza eratu da,...) horri buruz egin behar duzu eguneroko marrazkitxoa. Nagusien iritzia ere kontutan hartzekoa da, bestela langabezian egoteko aukera handia daukazu. Denbora Presaka eta korrika egin beharra dago lana. Burua argi eta eskua arin eduki beharra dago. Merkatuan gehien baloratzen dena lana garaiz egitea da, eta merke. Buruko gimnasia egin beharra dago, sormena etengabe prest egon dadin. Teknika eta edukia Pintzela, errotulagailuak, arkatza, ordenagailua,...mila teknika dago. Funtsezkoa da txistea edo ideia ondo komunikatzea. Beraz, grafismo zein ideietan zuzena eta garbia izan behar da. Helburua ez da marrazki polit eta eder bat egitea, ondo komunikatzea baizik. Irakurleak marrazkia ulertu behar du. Irudi sobera eskematikoak egitea gerta daiteke, estetikaren kalterako. Juan Acevedo irudigile peruarrak ederki asko azpimarratzen du: "Prentsan lan egiteak soberan mugatzen du egilea. Mezu politikoa duen umorean lan egiteak batez ere irudimenari eragiten dio, marrazkigintza blokeatu dezake". Ahal den neurrian errutinatik atera beharra dago, beraz. Jean Jacques Sempé frantziarrak adibidez, ez du marrazki politikorik egiten, ez du politiko profesionalen aurpegi ezagunik marrazten. Gai sozialak jorratzen ditu eta ondorioz, askoz ere gehiago irauten dute denboran. Era berean, gai sozialek, oso grafismo atsegina eta landua dute. Kontutan hartzekoa da, prentsako irudia komunikazioa dela. Ideia ondo adierazi behar du marrazkilariak, bestela porrota da. Hala ere, erdia marrazkilariaren lana da. Beste erdia irakurleak egin behar du. Acevedok irudia eta edukia erabat lotuta daudela dio. Txanponaren bi aldeak dira: "Gidoia eta marrazkia loturik daude, banatuezinak dira. Chumy Chúmezek adibidez, ederki asko uztartzen ditu biak". Niri adibidez, Egin egunkariko Lopez & Perez datorkit burura. Ezkerraldiko umore bikaina lantzen zuen, oso umore beltza. Labe garaiak, Neguriko burgeseria, Guggenheim...horrelakogaiak jorratzeko irudi oso egokiak erabiltzen zituen. Bere marrazkiak ez ziren "politak", egileak grafismo oso sinplea zuen baina oso oso eraginkorra. Espainiako prentsako El Rotoren ildotik. Britania Handian "The Guardian"eko Steve Bellet marrazki eta umore oso zorrotza dauka. Gaur egun oso modan dago Macistosh ordenagailuz egindako grafismoa: frehand, photoshop, Adobe ilustrator...Eskuz egindako marrazkiak arkeologia bihurtuko dira. Teknikak hala ere ez zaitu itsutu behar, bertsotan bezalaxe, garrantzitsuena "etorria" da, ez marrazten jakitea. Marrazki klaseetara joatea denbora alferrik galtzea da. Izan autodidakta. Soldata Oso desberdina da hilero 60.000 pezeta kobratu ala 250.000 irabazi. Zoritxarrez, alokairua eta dentistaren enpasteak ezin ditut marrazkitan ordaindu. Beraz, diru iturri extra on bat izatea komeni zaizu lanbide honetan bizi irauteko. Kokapena Iritzi orrialdeak aspergarri baina aspergarriagoak dira. Horrexegaitik begiak marrazkira joaten zaizkio irakurle begiraleari. Artikulu gris eta aspergarriz betetako orrialdeak arintzen ditu irudia. Oso desberdina da horoskopo ondoan ala lehen orraildean izatea. Saiatu orrialde aspergarrietan argitaratzen. Inspirazioa Ai inspirazioa! Betiko galdera: non arraio okurritzen zaizkizu ideiak? Auskalo: bapatean trenean, leihotik begira, kalean pasiatzen, txosnetan goizeko 4etan, ohean..., eta ondoko egunkaritik kopiatuta. Kontua irakurlea eta norbera ez aspertzea da. Ideiak lanean harrapatu behar zaitu. Kaletik paseatzea, lagunartean ibiltzea eta zinemara joatea beharrezkoa da. Problema hasten da marrazkilaria egun osoan bulegoan sartuta badago, orduan, irudimena agortuko zaizu. Ganbara betetzeko kalera atera eta begiak ireki behar dituzu. Eta kopiatu. Saltzen ikasi Ikasi zure burua ondo "saltzen". Bohemio itxura zaharkitu hori baztertu eta ejekutibo itxura txukuna eraman. Ez esan "komikilari" "txiste egile" edota "marrazkilari" zarenik. Oso fama txarra dute. Hobe " editorialista grafikoa", "ilustratzaile" edota "umorearendisenatzaile". Goitizena Terrorista gaiztoak bezalaxe, guk ere goitizenak ditugu. Ondo ondo pentsatu zeurea. Mota eta zuzena izatea komeni zaizu, ahal bada exotikoa. Eta emakumeak? Lanbide honetan gizonak dira nagusi. Zergatik? Ufff! Emakumeoi dagokizue lanbide honi kolore piska bat ematea. Animo! Etorkizuna Mundua di da batean aldatzen ari da etengabe. Gaurko arrakasta bihar porrota izan daiteke. Modaren morrontza ikaragarria da. Ez zaitez kezkatu. Arrakasta ez baduzu lortzen, modan dagoen ofizio bat aukeratu: ipuin kontalari, klown edota barne kontseilari. Iñaki Martiarena Otxotorena "Mattin", Euskonews & Media 60.zbk (1999 12 23 / 2000 1 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria