594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07
Arrasaten 1833ko uztailaren 18an jaiotako filantropo gipuzkoarra.
Pedro Viteriren aita, Domingo, arabarra zen eta ama Juana, aldiz, arrasatearra. Txikia zela, Lapurdi aldera lekualdatu zen familia, Baionara, hain zuzen, eta bertako lizeora joan zen , harik eta eskola britainiar batetan ikasten hasi zen arte. Europako zenbait hiri ezagutzeko parada eduki zuen gaztetan eta horrez gainera, Paris aldera joan eta bertan bizi izan zen.
Hainbat urte igaro ziren Euskal Herrian berriro bizitzen ipini zen arten; 60 urte zituen eta Biarritzen kokatu zuen bizilekua. XIX. mende amaieran, gainera, Gipuzkoara bueltatu zen, eta zenbait bisitaldiren ondoren, bertako herritarrei zerbait eskaini behar ziela iruditu zitzaion.
Bazeukan dirua Pedro Viterik, hain zuzen ere, aita eta anaia hil zirenean, herentziaz jaso zituen ondasunak. Modu horretan bere aurreneko proiektua egikaritzen hasi zen eta, Arrasaten bertan Esteban de Garibairen etxea eraberritzeko lanak ordaindu zituen; ordutik udal epaitegi izatera igaro zen eraikina.
XX. mendean sartuta, 1902an zehatzago, Pedro Viteri fundazioa sortu zuen bere jaioterrian, eta ondoren Hondarribia, Errenteria, Pasai Donibane eta Pasai Antxo, Irun, Donostia, Aretxabaleta, Hernani eta Urnietara hedatu zen. Asmoa, hezkuntzari bultzada ematea, izan zen eta horretarako eskolak sortu zituen udalerri guzti horietan. Ikastetxeak, orduan Europan zegoen korronteari jarraituz, erlijioz kanpoko hezkuntza sistema baten barruan zeuden, Viterik hala nahi izan baitzuen.
Lan eskerga egin zuen gizonak Gipuzkoako herri horietako neska–mutikoen heziketan indarra egin eta etorkizun oparoagoa izan zezaten ahalegintzen, eta egiteko hori aintzatetsi zion Donostiako Udalak 1906an, Seme Kuttun izendatuz. Bi urte beranduago 1908ko maiatzaren 21ean hil zen arrasatearra Biarritzen
Arrasaten 1911n berari eskainitako monumentua inauguratu zuten Viteri eskolen lorategietan; eraikina desagertuta, lekualdatu eta gaur egun Grupo San Juan plazan dago arrasatearraren omenezko monumentua. Horrez gainera, Alfonso XII.aren Ordena Zibileko zaldun izendatu zuten 1925ean.
‹‹Pedro Viteri Arana, Auñamendi Eusko Entziklopedian››