593 Zenbakia 2011-09-23 / 2011-09-30
Amaren sabelean nengoenetik musika erritmoek jarraitu izan naute; haziz ahala, bat edo bestea gusturago aditu izan dut, tarteka–marteka estiloz aldatzeak nire izana osatzen ere lagundu didala gaineratuko nuke. Ez da musika aditua naizela, ezta gutxiago ere, afizio ikaragarria bat da soilik barruan daramadana.
Oroitzen dut nola pailazoekin adiskidetasuna zer den ikasi nuela, baita Pintxok zakur ederra behar zuela izan, edota Paristik etorritako artistaren tronboiak zeukan soinuaz jabetu nintzela. Aitarekin kotxean bidaiatzean egiten genituen kantuak; zenbat letra asmatuko genituen bidaia luzeetan, batek jakin!! Eta zer esanik ez, larunbatero goizetan egongelako disko–jogailutik Benito Lertxundi, The Beatles eta Rolling Stones moduko taldeek atmosfera zipriztintzen zituzteneko uneak...
Nerabezarora ailegatuta eta lehenengo maiteminekin ikasi nuen abesti batek zer nolako eragina izan zezakeen pertsona triste batengan. Eskerrak ez zaizkidan maitasun kantak gustatzen... Egin ditudan negarrekin!
Kontraesanez ere jantzi izan naiz musikari dagokionez. Esaterako, autoan joanda, doinu lasaiek estresatzen nautela ohartu nintzen asteazken arratsalde batetan eta ordutik ezin dut halako erritmo sosongoekin gidatu; eta aldiz, neguko egun hotz batetan etxeko sofan berotan nagoenean, hozkirria nabaritzen dut musika klasikoarekin eta ezin gusturago egoten naiz disfrutatzen. Hori bai, sukaldatzeko orduan doinu dantzagarriekin dena goxoagoa geratzen zaidala pentsatzen dut maiz...
Ez dakit zer egingo nukeen musikarik gabe. Nire bizitzari errepasoa eginda, zerbait faltako litzaiokeela ohartu naiz, bere soinu banda, hain zuzen. Horrenbeste izan dira belarritik sartuta bihotzeraino iritsitako letra eta melodiak... eta etorriko direnak, espero dut!