Euskonews Gaztea
Gaiak: Antonio Mercero Juldain
LARRAÑAGA, Luis ROLDÁN LARRETA, Carlos
Auñamendi Eusko Entziklopedia
Telebista eta zinemagilea. Lasarten (Gipuzkoa ) jaio zen 1936an jaio zen Lasarten.
Zuzenbide ikasketak burututa, Madrilgo Zinematografiarako Eskola Ofizialean sartu zen. Bertan egin zituen errealizazio ikasketak, ikasgai ofizialek eskatzen zuten ohiko hiru urtetan barik bitan eginaz. Ikasketak amaitu ahal izateko ekonomia zailtasunak izan zituen eta ondorioz, aldi berean, zine–kritikari edota Denys de la Patellier frantsesaren Un taxi para Tobrouk (1961), edo Jorge Grauren Noche de verano (1963) zinegileen filmetan laguntzaile gisako zeregin batzuk izan zituen. Iraganeko zine unibertsalaren maitale eta ezagutzaile, aro mutuaren zine komiko estatu batuarrarenganako benetako admirazioa zuen, eta baita Jacques Tati frantziar zinegilearen umore bereziaganakoa ere. Hori izango da bere ikasketa bukaerako lanean tratatu zuen gaia eta, Trotin Troteras izenburua ipini zion. Bestalde garai horretan zehar Lección de arte (1961) laburmetraia ere egin zuen. Antonio Mercero lanean.
Azkenean, 1963an Se necesita chico filmaz metraje luzean abiarazten da. Claudio Barbattiren laguntzaz Mercerok asmatutako argumentu horrek, gogo berbera mantentzen zuen eta Trotín Troterasen errealizadorearen artegatasun beraren emaitza zen. Zinta hori Bordigherako umore zinemaldian aurkeztu zen. Zinemaldi horretan, kritikak bere umorea Berlanga berri bat izateko atseginegia eta behar besteko garraztasun gabekotzat jo zuen. Porrot horren ondorioz, lasartear errealizadore horrek ez zuen 1974ra arte zine gehiago egingo. Manchas de sangre en un coche nuevo filmak ere ez zuen asebetetzen, agian filmean azaldutako gaia nahasia izateagatik. Askoz ere homogeneoagoa izan zen Las delicias de los verdes años (1976), baina benetako garaipena La guerra de papá (1977) filmarekin etorri zen, xelebrea eta apala, sentiberatasun ukituren batez, eta Lolo García ume goiztiarraren presentziarekin. Ume hori, hurrengo urtean, Tobi izeneko filmean erabili zuen. Zinta horretan, Antonio Ferrandis aktorea Juldain Doktorea interpretatuz agertzen da, eta filmaren bitartez txiki zein handiengan entzute ikaragarria lortuz RTVEn igande arratsalde asko bete zituen Verano Azul telesaioaren erabateko protagonista izanik. Lan horrek Mercerok telebistan egindako lana pantaila handian egindakoa baino askoz oparoagoa eta ezagunagoa eta goretsiagoa izan dela esateko beta ematen du.
Bere programarik ospetsuena, zalantzarik gabe, La cabina izan da, aurkeztu izan den telebista lehiaketa eta ekitaldi guztietan saritua izanez. Ikuspegi futurista ikaragarria, dentsitatez eta trebetasunez lortua. Merceroren beste arte programa handietariko bat Los pajaritos izan zen. Telebista lanarekin batera zine proiekturen batzuk ere burutu zituen garai hartan, 1982an kasu: Buenas noches, señor monstruo; eta La próxima estación. Telebistarako Turno de Oficio egin zuen 1985ean Espérame en el Cielo filma, 1987an
Turno de oficio Sienako Teleconfronton Telebista–Burutakizunik Hoberena bezala saritua izan zen eta Esperame en el cielo luzeak, besteak beste 1988an Biarrizko Jaialdiaren Sari Nagusia lortu zuen. Geroztik Miguel Delibesen literaturara —ordurako jada La guerra de papá film arrakastatsura moldatuta zuena— itzuli zen, eta El tesoro (1988) filmatu zuen. Mercero 1989an euskal zinean sartzen ahalegindu zen eta gaztaroko oroimenetan oinarritutako metraje luzeko egitasmo bat aurkeztu zuen: Está lloviendo y te quiero. Bestalde, Kulturako arduradunei Iparragirre bizardunaren bizitza telebistako serie batera eramatearen aukera azaldu zien. Edozelan ere egitasmoetariko batek ere ez zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren konplizitaterik izan. Don Juan, mi querido fantasma (1989) filma egin ondoren, Mercero laurogeita hamarreko hamarkadan arrakastarik handiena eman zion mediora itzuli zen, telebistara. Zinean arrakasta porrot ikaragarriekin txandakatu dituela nabarmena bada ere, telebistan berak egindako saioek historia egin dute. Bere telebistako Midas erregearen irudia Crónicas de un pueblo (1971–1974) telesailarekin gauzatzen hasi zen. Frankismoak ezarritako politika–usai gorabeheratsua medio, erregimena bera bezain iluna eta goibeltsua zen telebistara berritasun eta freskotasuna zekartzan lana ikus–entzuleek konplizitatez hartu zuten. Filma kanpoan egitea, umorez eta hurbiltasunez tratatutako kostunbrismoa eta bigarren mailako aktoreen kutuntasuna, aipagarri dira.
La cabina film surrealistaren ariketa itogarri eta gogorrari esker Emmy sari ospetsua, Estatu Batuetako telebistako Oscarra, edo Montecarloko Zinemaldiaren Nazioarteko Kritikaren Saria irabazi zituen. Eta Verano azul telesailak, mizkeriarako bere joeratik haratago (hori baita Merceroren kameren ostean egindako lanari egin dakiokeen gaitzespenetariko bat) belaunaldi oso batengan eragina izan zuen, hainbat alditan berrezarri zen eta nazioarteko merkatuan salmenta–arrakasta ikaragarria izan zuen. Zinegile gutxi dira telebistaren hainbesteko kontrola eta ikuslearen arreta harrapatu eta bere mundura eramateko berezko trebetasuna dutenak. Une horiek berdintzea zaila zirudien. Eta, ostera, euskal zinegileak 1991 eta 1995 bitartean Farmacia de guardia, umorea eta eguneroko gaiak nahasten zituen komedia formatuko seriea garatzen du. Merceroren proposamen berriak telebista espainiarraren historian aldi aldaketa ezarri zuela esatea ez da gehiegikeria. Antena 3ren lehen ekoizpen propioa zen eta bere ikusleriaren arrakasta handia ikustean beste kate espainiar desberdinetan ekoizpen propiodun serieak ugaritzen hasi eta bere garaian ukiezinak ziren nazioarteko serieekin lehiatzeko gai zirenak azaldu ziren.
Farmacia de guardia bere ibilian zehar hainbat sari lortu zituen, esaterako, 1992 eta 1994 bitartean, Nazio Serierik Hoberenari Urrezko TPa, 1992an Nazio Serierik Hoberenari Ondas Saria edo 1991 eta 1992an Telebista Errealizadorerik Hoberenari Espainiar Zineko Zuzendarien Saria lortu zituen. Espainiar Kultura Ministerioak Mercerori Arte Ederretako Urrezko Meritu Domina eman zion 1997an.
Ondoren, La hora de los valientes, agian metraje luzeko bere filmik hoberena dena, egin zuen. La hora de los valientes filmak Moskuko XXI Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinearen XVI Astean Metraje Luzerik Hoberenari Ikusleen Saria eskuratu zituen, beste batzuen artean, Gasteizko Euskal Zinearen Asteak omenaldia eskaini zion 2001ean. Omenaldi horretan aurkeztu zen El humor y la emoción: el cine y la Televisión de Antonio Mercero, Carlos J. Plazak eta Jose Luis Rebordinosesk koordinatu eta Euskal Filmategiak editatua. 2003an Mercerok Planta 4a (Zuzendaririk Hoberenari Saria eta Montrealgo Zinemaldian Ikusleen Saria) estreinatu zuen. Urte horretan ere Telebistako Arte eta Zientzia Akademiak “Toda una vida 2002” Saria eman zion.
Manolito gafotas (2004) telesailak, bere benetako telebistaren erreinutik alde egite tristea suposatu zion. Filmaketan jasotako iradokizun batzuk ez zitzaizkion zinegileari atseginak izan eta ez zuen bertan behera uzteko zalantzarik izan.
Metraje luzeko bere ¿Y tú quién eres? (2007) filma, Alzheimerrari buruzkoa zen.
2010ean Espainiako Zinematografia Zientzia eta Arteetako Akademiak Ohorezko Goya Saria eman zion Mercerori eta lasartearrak, osasun arazoengatik, ez zuen joaterik izan.
‹‹Antonio Mercero, Auñamendi Eusko Entziklopedian››