Euskonews Gaztea
Gaiak: Emakumeak gai gara
Emakumeak edozertarako gai gara. Bai, nahiz eta batzuek oraindik zalantza eduki, emakumeok lan egin dezakegu —eta arrakasta eduki!— aisialdiaz gozatu dezakegu, amak izan gaitezke, kirolari famatuak... Egun ia ez dago ezin egin dezakegunik, nahiz eta batzuk saiatzen diren zangotrabatzen. Argazkia: CC BY — Ray_from_LA
Egia da ez dugula berdintasuna lortu gauza guztietan, ez horixe. Nahiz eta emakumea ezberdintasunak ezabatzeko denbora luzean ari den borrokan, oraindik asko dugu egiteko, eta gizarteko alor ezberdinetan eragiten jarraitzea funtsezkoa da. Eta ezin dugu ahantzi, gainera, ez dela emakumearen egitekoa bakarrik, gizonezkoen inplikazioa berebizikoa da berdintasunaren bidean.
Adibide bat ipintzearren, etxetik kanpo lan egitea ongi ikusita dago, baina zein preziotan? Izan ere, oraino soldaten artean desberdintasunak daude zenbaitetan. Edota mundu mailako agintarien argazki bat aterako bagenu... zenbat dira horietatik emakumeak? Egia da geroz eta handiagoa dela genero femeninoaren ordezkaritza, eta pozteko modukoa da, ez noa ezetzik esatera, baina gehiago lor dezakegula ez dut zalantzarik.
Beraz, epe luzera begira jarraitu beharko dugu, diskriminazio egoerei buelta ematea ez baita gaurtik biharrerako kontua izango. Arazoak identifikatuz eta salatuz. Kontzientzia sortuz eta sentsibilizatuz. Eraginez eta aldatzen saiatuz. Eta benetako egoerara iristen garenean lasaitu gabe, radarra piztuta mantenduz eta edozein atzera pausori aurre eginez. Gure arbasoek, gure ondorengoek eta guk geuk merezi dugulako.