584 Zenbakia 2011-06-24 / 2011-07-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Txapela buruan, eta munduan!

BEREZIARTUA, Loren



Bazen behin, aitaren urratsak jarraituz, txapelik gabe bizitzen ez zekien gizon bat. Xelebre tankera ikusten zion jendeak eta barre egiten zioten, ez txapela zeramalako, baizik eta janzten zuen moduagatik. “A medio lau”, esaten zuen berak.

Alboko herrian, emakume batek eguneroko arropen osagaien artean zeukan txapela. Esan behar da baina, nahiz eta kostako euskal herrixka batetan bizi, frantses erakoarekin irteten zela kalera; kioskoan erositako moda aldizkari fashion horietariko batetan ikusi zuen behin, eta ordutik, bilduma ederra egin du.

Apaingarri gisa edota praktikotasunagatik —burua bero edo fresko mantentzeko, adibidez— betidanik eduki dugu lepo gainekoa estaltzeko usadioa; gizona izan, edota emakumea; txapela erabili edota zapia lotu. Kultura askotan —gehienetan— existitzen den erritua dela esan daiteke: txinatarrek euren kapelak dituzte, tuaregek ere estaltzen dute burua, filmetako cowboyek eurenak nolakoak diren erakutsi digute eta Ingalaterrako aristokratak surrealistak izatera irits daitezke kontu hauetan...

Adibideak milaka izan litezke baina ez naiz luzatzen hasiko. Batzuek soilik lirainago agertzea dute xede —nahiz eta batzuetan lortu ote duten eztabaidagarria ere izan daitekeen. Beste askok baina, identitate kontuak bultzatuta janzten dute, nongoak diren erakutsi nahi baitute burugainekoarekin.

Arrazoiak arrazoi, esaten moduan, txapela buruan eta ibili munduan! Gora kosmopolizazioa!