581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10
Ondarroan izan nintzen aurreko egunean, Ibilaldia 2011n. Giro paregabea, bai jendearen aldetik, baita eguraldiari dagokionez ere. Eta zergatik ez esan, uda usaina zegoen Bizkaiko udalerrian denon gozamenerako. Argazkia:CC BY — jeeheon
Hitz larriz idatziko dut: UDA. Izan ere, negu eta udaberri osoa igarotzen dut neure urtaro gogokoenaren zain. Hori da hori ezinegona! Ados, 2011ko lehenengo seihilekoa ez da beste batzuetan bezain gogorra izan... Batzuek diote aldaketa klimatikoaren eraginez apenas izan dugula negurik. Ez dakit horixe den arrazoia, baina egia da, elur pittin bat ere faltan izan dudala... Kale zuriak, autoa hartzeko urduritasuna, umeen zoriontasun aurpegiak!
Baina bai. Ni tenperatura beroagoen zalea naiz, dudarik gabe. Gustura egoten naiz 26 gradutik gora ere, fraka motz, maukarik gabeko elastiko eta sandaliek lagunduta. Eta noski, zoriontsua naiz ostiraletan edukitzen dugun lantokiko udako ordutegiarekin, asteburuak ia zubi bilakatzen direlako. Eta nola ahaztu abuztuko oporrak! Zoritxarrez ez naiz irailean jai har dezaketen horietarikoa, eta edozer egin nahi badut, bikoitza ordaintzea egokitzen zait... Baina ez naiz kexatzen hasiko!
Udak usain berezia ekartzen digula esango nuke. Barrualdean bero uneak maiz nekezak diren bitartean, kostaldean brisak ekarritako kresal lurrinak une goxoagoak eskaintzen dizkigu. Begiak itxi eta erlaxatzeko aukera paregabea.
Halere, bada bestelako berezitasunik. Urtaro hau kulturalki aberatsa da; herri askotako festak hasten dira eta horrek bertaratzen garenoi kontzertu, kale animazio eta bestelakoekin gozatzeko abagune eskaintzen digu. Eta aire librean musika festibalak ahaztu gabe...
Bizitasuna ekartzen du gure artera... Gora uda!