581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Julia Otxoa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bere burua hobeto ulertzeko idazten duen horietarikoa da olerkari eta narratzaile gipuzkoarra.

Donostian jaio zen Julia Otxoa Garcia 1953an. Literatura zalea izan da betidanik eta hamabi urterekin idazten hasi zenetik ez da geratu. Nerabezaroan idazle frantsesak —Sartre edota Simon de Beauvoir, besteen artean— deskubritu eta haien obra irakurtzen hasi zen. Halere, denborarekin eta hazten joan ahala, beste makina bat autoreren lanari erreparatu die Otxoak.

Urteekin bilakaera jasan du bere obrak, momentuko bizipenak, bizi den gizartearen errealitateak eta bestelako faktoreek eraginda. Gaztaroan espresatu beharrak bultzatuta lantxoak idazten zituen bitartean, heldutasunean aldiz, bere buruaren ezagutzarako tresna gisa eduki du gipuzkoarrak literatura.

Hogeita bost urte zituela, 1978an, Composición entre laluz y la sombra argitaratu zuen, bere aurreneko obra poetikoa. Barruan sentitzen zuena kanporatu eta jendeari helarazteak harrapatuta idazten jarraitu zuen, eta makina bat poema–liburuk ikusi dute argia ordutik. Besteen artean, Luz del aire (Ricardo Ugarterekin batera idatzia, 1982an), Cuaderno de Bitácora, (1985), Antología Poética (1988), L’eta dei barbari (1997), Taxus baccata (2001), Cartas a Mr. Gardener (2002), Gunten Café (2004), edota La lentitud de la luz (2008).

Baina ez da idazle honek jorratu duen arlo bakarra izan. Hain zuzen ere, narrazioa ere landu du, hamaika izenbururekin osotuz bere bibliografia. Kiskili–Kaskala (1994), Un león en la cocina (1999), La sombra del espantapájaros (2004), Maiali e fiori —Cerdos y flores (2007), zein Lugar en el parque (2010) dira tituluetariko batzuk.

Haurrei ere zuzendu zaie Julia, eta narrazio zein olerki lanak burutu ditu, bai eta hainbat ilustrazio sortu ere. Lucas y el búho (1997), El bosque de las zanahorias (1997), La canción de Mister Popoff (1998), El sueño de Hakam (2000) eta Poemas de un ratón (2010), besteen artean. Saiakerari dagokionez ere, Emakume Olerkariak (1990) eta Narrativa corta en Euskadi (1994) lanak jorratu ditu.

Emakume geldiezina da donostiarra, eta asko irakurri eta ikertu du bere obrak garatzeko. Eta maiz aintzatetsi diote literaturari eginiko ekarpena. Hala, besteen artean, Pasaiako Udalaren Poesia saria eman zioten 1985ean eta 1989an, Madrileko Carmen Conde Sarietan finalista izan zen. Horretaz gainera, maiz gonbidatu dute Otxoa hitzaldiak ematera, besten artean, Sevillan aritu da, baita Zaragozan, edota AEBko zenbait unibertsitateetan ere, Massachussets edota Cincinnatin kasu.

Aintzateste horren beste adibide bat, bere ekarpenak hizkuntza ezberdinetara itzuli direla da, euskara, alemana, italiera, ingelesa, hungariera edota arabierara.

Bestalde, donostiarrak ohiko kolaborazioak burutu izan ditu hainbat agerkaritan, Diario de Bilbao, Diario Vasco zein El País egunkarietan, esaterako. Baina baita bestelako aldizkari literariotan ere: La Manzana Poética, Rosa Cúbica, Turia, Lerer, Journal de Poesía, La Galerna...

Kontakizunak ulerterraz egitearen aldeko idazlea da Julia Otxoa, eta argi utzi du bereizten duen ezaugarria hasi zenetik gaur arteko ibilbidean.