579 Zenbakia 2011-05-20 / 2011-05-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mikel Valverde

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Ilustratzailea da Mikel, eta bere lanak hainbat aldizkaritan publikatzeaz gainera, liburuetan ere argitaratu ditu.

Mikel Valverde Tejedor Gasteizen jaio zen 1966an. Institutuan aurkitu zuen bere artista sena, besteen artean, Artearen Historia ikasgaian deskubritu zituen pintore, eskulturagile edota obra ezberdinek piztu zuten gazte harengan txinparta. Eta denborarekin afizioa handitzen joan zen bere barnean. Marrazten trebatu beharra zeukan noski, eta poliki hasi zen urratsak ematen; aurrena, liburu eta abarretatik kopiatzen zituen marrazkiak. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia.

Hamalau urterekin, komiki bat aurkeztu zuen lehiaketa batetara eta sari bat eman zioten. Eta horrek aurrera segitzeko bultzadatxoa eman zion. Denborarekin, beste marrazkilari batzuk ezagutu zituen, eta haiekin batera zenbait proiektutan hartu zuen parte. Hemeretzi urte zituela esaterako, 1985ean, Tebeos Kopón sortu zuen.

Goi Mailako ikasketak egiteko unea iritsi eta Arte Ederren fakultatean eman zuen izena, EHUko Leioako kanpusean, eta arte grafikoetan espezializatu zen. Halere, ordurako zenbait argitalpenetan bere istorioak publikatzeko abagunea eduki zuen. Gainera, Frantzian egiten zen lana ezagutu eta bertako estiloak erakarrita sentitu zen; istorio, gidoi eta marrazki onak protagonista ziren obra haietan eta Mikelen etorkizuneko ekarpenek eskola haren eragina edukiko zuten.

Bere lanari erreparatuta, Valverdek batez ere haur eta gazteentzako liburuak ilustratu ditu. Aurrenekoz, lagun duen Bernardo Atxaga idazlearen Xolak badu lehoien berri (1995) liburuari marrazkiak egin zizkion. Atxagarekin errepikatu zuen, hain zuzen BBKk idazleari eginiko enkargu batean lagundu baitzion Bambulo pertsonaia sortuz.

Makina bat izan dira burutu dituen ilustrazio-lanak. Esaterako, Joanes pertsonaia sortu eta Juan Kruz Igerabiderekin liburuak kaleratu ditu: Joanesek arazo potolo bat du eta Joanesen pena,esaterako. Rita izeneko neskatila ere jaio zen gasteiztarraren irudimenetik eta hainbat liburu-ilustrazio argitaratu dira, besteen artean, Rita erraldoia, Ritak nobioa du, Rita Robinson, Rita eta Hilobi-lapurrak, Rita poloan...

Santa Maria Fundazioaren Nazioarteko ilustrazio lehiaketa irabazi eta ondorioz, 2005ean Paula en Nueva York liburua kaleratu zen. Oihartzuna eduki zuen lan hark, hain zuzen, mugak gainditu eta AEBtan ere argitaratu baitzuten obra.

Baina Valverdek lehiaketa gehiago ere irabazi ditu diziplina artistiko honetan murgildu zenetik: 1986an, Gaztela eta Leongo III. Komiki Erakusketan lehenengo saria eman zioten edota Gernikako Komiki Lehiaketan saritu egin zuten bere lana 1998an.

Liburuez gainera, aipatu bezala, Mikelek agerkari ezberdinetako orriak ilustratu ditu, besteen artean, TMEO, Ipurbeltz eta Gara egunkariaren Zazpika igandetako gehigarrian ikusi ditugu bere ekarpenak.

Bere saltsan murgiltzen da Mikel pertsonaiak eta istorioak asmatu eta guzia paperean ilustratuz. Lanbide den arren, gustuko duen horretatik bizitzeko pribilegioa duen marrazkilari gasteiztarra dugu.