579 Zenbakia 2011-05-20 / 2011-05-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ez dut emakume izan nahi!

GALDOS, Aintzane



Orri hauetara nire ekarpena egiteko tartea edukitzeak horixe dauka, nahi bezala ipini diezaiokedala titulua nire testuari.

Ez dut nire egiten ez dut emakume izan nahi esaldia, ez. Harro bainago naizenarekin, nire sexuaren aspektu denekin, nire biologiarekin, nire fisikoarekin, nire... guziarekin! Baina munduan asko eta asko dira esaldi hori erabiltzen duten pertsonak, eta sarritan, ez zaie arrazoirik falta. Argazkia: CC BY — D Sharon Pruitt

Esaterako, eurena ez den gorputz batean jaio direnak; hau da, gizon sentitu baina emakume gorputzean giltzaperatuta dauden sentsazioz bizi diren horiek. Batzuek, zorionez eman ahal diote aterabidea arazoari, baina beste asko, medio faltagatik, besteen artean, arrotza duten gorputzean jarraitzera kondenatuta daude.

Beste adibide bat ipintzearren, ziur ablazioa sufritu duten eta oraindik ere sufritzen duten emakumeetatik askok eta askok izango dutela emakume ez izate nahi horren sentsazioa. Tamalez, hainbat tokitan, emakumezko jaiotzea zigortzen jarraitzen da.

Bi adibide baino ez dira, pentsatuz gero beste hamaika situazio etorriko baitzaizkigu burura. Eta ez da arraroa, azken finean, mendeetan zapalkuntza bizi izan duen genero batek, oraindik ere XXI. mendean aurre egin behar baitie zenbait aurreiritziri. Balore positibo asko eta asko irradiatzen ditu emakume izateak, eta tristea da, alderdi negatiboekin —ahuleziarekin, esaterako— lotzen dutenak daudela ikustea.

Hala ahotsa altxatu eta ozen esan dezagun: gora emakumeak!