577 Zenbakia 2011-05-06 / 2011-05-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amada Bizkaia

OTAZU, Xabi



Dirudienez, eta politikoen arteko eztabaida burutsu baten ostean, aurrerantzean Guipúzcoa Gipuzkoa izatera pasatuko da, eta Vizcaya idaztetik Bizkaia idatziko dugu, lasaitasun osoz. Egia esan behar badut, hotz utzi nau albisteak. Ez dut erabakia gure hizkuntza normalizaziorako inolako urrats erabakigarritzat hartu, izan ere aldaerak gaztelaniaz ari denerako planteatzen dira.

Ikusiko dugu zein nolako erreakzioa ematen den zenbait erdal komunikabidetan, hain zuzen ere euskal kutsu izan dezakeen guztiaren aurrean euren fobia pozoitsuak paseatzera ateratzen dituztenetan. Apustu egingo nuke —eta apustuak irabazteko egiten dira— Libertad Digital, ABC, El Mundo, La Razón eta enparauek “impasible el ademán” jarraituko dutela.

Hala ere, ez ditugu ahaztu behar hemengo medioak. Merkatua zaindu behar dute eta badakigu nola aritzen diren enpresa horiek. Alde batetik, euren ekonomiari begiratu behar diote eta komeni zaienean —publizitatea, kasu— Bizkaia erabiliko dute. Baina adoktrinatzen ari diren kolektiboari begira, euren postulatu mugiezinetan segituko dute, lotsarik gabe. Ia nork diotsan “El Correo”ri, bere portadetan “Edición Bizkaia”, “Edición Araba–Alava” jarri behar duena! Hurbildik jarraitu beharko dugu prozesua! Eta patxadaz...