Euskonews Gaztea
Gaiak: Alfonso Ugarte Leturia
Antzuola (Gipuzkoa), 1879–08–02; Lizarra (Nafarroa), 1937–05–31. Musikagilea, organo–jotzailea eta banda–zuzendaria.
Euskal Herrian musika loraldi betean sartuta zegoen garaian kokatzen da Alfonso Ugarte musikaria. XIX. mendearen amaieratik 1936. urtera arte luzatzen da musikaren abertzaletasuna aldarri zuen garai hori. Garai horretan hainbat maisuz (Ugarte ere tartean zela) osatutako belaunaldi batek berrikuntza bat garatu zuen eta, ondorioz, Europako korronte garaikideen bidean jarri zuten euskal musika: Guridi, Usandizaga, Aita Donostia, Nemesio Otaño, etab.
Alfonso Ugarte Leturia 1879an jaio zen Antzuolan, Gipuzkoako barnealdean, Zumarraga eta Bergara artean kokatutako herri txiki batean. Juan Lino Leturia osaba izan zuen lehen musika–maisua. Lino Leturia Zumarragako Andre Maria Jasokundearen parrokian organo–jotzailea izan zen eta musika–akademia txiki bat sortu zuen. Ugartek soprano abeslari modura eman zituen lehen urratsak Zumarragako parrokiaren koruan, eta herriko akademia txiki hartan jaso zituen kantu, solfeo eta organo eskolak. Akademia horretan Busca Sagastizabal eta Secundino Esnaola ere aritu ziren ikasten. Beranduago, Bergarara jo zuen, Pedro Fernández de Retanarekin musika–ezagutzak osatu nahirik. Fernández de Retana San Pedro parrokiako organo–jotzailea eta kapera–maisu zen eta berak sortu zuen Aritz Maitea Orfeoia. Ugartek kapera–maisu horrekin osatu zuen musika–prestakuntza, harmonia eta konposaketa ikasiz. Horrez gain, organoa ikasten jarraitu zuen. Geroxeago edo agian garai bertsuan, Donostiako Arte Ederretako Elkartearen Musika–akademian osatu zituen bere ikasketak. Ugartek pianoa eta harmonia ikasi zituen bertan, German Cendoya maisu zuelarik, sona handiko piano–jotzailea eta hainbat musikari garrantzitsuren maisua izan zena: Alfonso Ugartez gain beste ikasle ugari izan zituen: Juan Telleria, Regino Sainz de la Maza, Jose María Usandizaga eta Pablo Sorozabal, kasu.
Prestakuntza amaitu ostean, musikariak oposaketak egiteari ekin zion parrokia batean organo–jotzaile gisa aritzeko xedez. Artean ikasketak egiten ari zela eta hamazazpi urte besterik ez zituela, jadanik lehen oposaketetara aurkeztu zen Balmasedan (Bizkaia). Nafar bati esleitu zitzaion plaza, baina itxuraz bere musika–dohainak agerian utzi zituen, izan ere, tribunaleko presidenteak, Resurrección María Azkuek, Parisera jotzea gomendatu zion ikasketak han osa zitzan. Geroago, 1900. urtean, Lizarrako San Pedro de la Rúa parrokian (Nafarroa) organo–jotzaile plaza bat betetzeko oposaketak deitu ziren. Alfonso Ugarte bertara aurkeztu zen eta lehen postua eskuratu zuen. Dena den, 1902. urtera arte ezin izan zuen plaza hartu, Tomás Larrumbe parrokoaren eta Fabrika Batzordearen artean desadostasunak sortu baitziren, organo–jotzaile berriaren aukeraketa zela–eta. Gutxi gorabehera urte eta erdi iraun zuen eten txiki horretan zehar, Ugarte beste oposaketa batzuetara aurkeztu zen. Hala, 1901ean emaitza bikaina lortu zuen Elorrioko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) parrokietan deitutako organo–jotzaile oposaketetan. Azkenik, Lizarrako San Pedroko parrokoaren deiari erantzunez bertara jo zuen organo–jotzaile postuan aritzeko. Bertara iristean, bere jaioterriko (Antzuola) parrokoaren gutun bat aurkeztu zuen. Bertan bere portaera bikainaren eta deboziozkoaren berri ematen zen, gainera, parrokia horretan hogei urtez organo–jotzaile gisa emandako zerbitzuen berri ere emanez. Ondorioz, XIX. mende amaieratik Ugarte Antzuolako parrokiako bitarteko organo–jotzaile lanak egiten aritu zen.
Alfonso Ugarte 1902an iritsi zen Lizarrara (Nafarroa) eta bertan bizi izan zen 1937an zendu zen arte. Han finkatu zen behin–betiko eta denbora gutxira, herriko familia ospetsu bateko senitarteko zen Carmen Vicuñarekin ezkondu eta hiru seme–alaba izan zituzten (guztietan zaharrena, Julio, apaiz izan zen eta bere aitak bezala, musikaren alorrean bilatu zuen ogibidea). Lizarrara iritsi zenetik Ugarte sona handiko musikari bilakatu zen, gainera, herriko musika giroa garatzen zuten taldeen eta testuinguruen sustatzaile nagusietako bat izan zen: parrokiak (lehendabizi San Pedroko eta gerora San Joaneko organo–jotzaile modura), 1920tik bere gidaritzapean egon zen Herriko Musika–banda eta Lizarrako klase diruduna sarritan joaten zen antzoki eta lokal pribatuetako kontzertuak (kasinoak, etab.).
Alderdi profesional horien guztien artetik, erlijiozko musikaren organo–jotzailearena eta musikagilearena nabarmendu behar dira, izan ere, alor horiek jorratuz eman zuen bizitza Alfonso Ugartek, Euskal Herriko eta Nafarroako lurretan eliza–musikaren erreforma barneratzen aitzindarietako bat izan zelarik. Iritsi eta berehala, Ugartek zezilianismoak babesten zituen musika–korronteak txertatu zituen Lizarran. XIX. mendearen erdian Europan abiarazitako erreforma–mugimendu horrek tenpluetako musikan genero profanoa eta antzerki–generoa barneratzeari muzin egiten zion eta tradiziozko musika elizkoia berreskuratzea aldarrikatzen zuen, kantu gregorianoa, polifonia errenazentista eta herri–hizkuntzan kantatzen ziren erlijiozko kantu herrikoiak hauspatuz. Zalantzarik gabe, Ugartek garaiz izango zuen korronte horien berri, izan ere Lizarran egindako lana erabat aitzindaria izan zen. Musikariak errotutako musika–ohiturak baztertzeari ekin zion, normalean parrokietan interpretatzen zen opera giroko musika–errepertorio arina alboratuz (Mercadante, Prado, Cosme de Benito, etab.) eta erreformaren idealak barneratzearekin estiloa irauliz. Eraldaketa horrek giro zakarra eta erresistentzia indartsua izan zuen hasiera batean, izan ere, erabilera berriek talka egiten zuten parroko eta eliztar gehienen ohiturekin.
Ugartek pedagogiazko lanari ekin zion erreformaren mesedetan, Rocamadorreko Ama Birjinaren Eskola Serafikoaren (parrokiatik hurbil kokatzen zena) ahots zuriak irakatsiz, horretarako Aita Juan Evangelista de Ibero eta Aita Rentaría kaputxinoen laguntza izan zuelarik. Denbora gutxira, erreformak bultzada erabakigarria jaso zuen 1903an Pio X Aita Santuak igorritako Aita Santuaren agiriarekin: Musika Sakratuaren Kode Juridikoa edo “Motu Proprio” izenez ezagutzen den agiriarekin. Alfonso Ugartek kode juridiko berria San Pedroko parrokian aplikatzeari ekin zion, katekesia jasotzen zuten gazteei gregorianoa irakatsiz eta parrokiako korua errepertorio berriarekin trebatuz (gregorianoa, zezilianismoan nabarmendu ziren musikagileen antzinako erlijiozko polifonia, eta herri–hizkeran abesten ziren kantu herrikoiak). Errepertorio berriak arrakasta izan zuen lizarratarren artean, izan ere, Ugartek, koruari musika fintasunez, gustuz eta kalitatez isurtzen irakasten asmatu zuen. Lortutako prestigioak eraginda mugimenduak bultzada berri bat jaso zuen eta herriko beste bi parrokietako organo–jotzaileen babesa jaso zuen, San Joan Bataiatzaile eta San Miguel parrokietako organo–jotzaileena, hain zuen, Moisés Baylós eta Andrés Hermoso de Mendoza, hurrenez hurren. Urteen poderioz, Alfonso Ugartek abiarazitako erreforma–mugimenduak jaso zuen bazterkeria, herrian gero eta indar handiagoa eta zale gehiago zituen mugimendu bilakatu zen.
Urte horietan, herri ezberdinetako organo–jotzaileen eta parrokoen ekimen partikularrak, estatu mailako mugimendu handiago batean uztartu ziren. Bultzada horri esker, eliza–musikaren hainbat kongresu ospatu ziren (Valladolid 1907; Sevilla 1908; Bartzelona 1912) eta erreforma–mugimendua sendotzeko eta hedatzeko hainbat ekimen abiarazi ziren. Horien artean Aita Otañok sortutako Revista Música Sacro–Hispana delakoa nabarmendu behar da, izan ere, ekimen hori erabakigarria izan zen mugimenduko kideen arteko harreman–sareak eraikitzeko, bataren zein bestearen obrak ezagutzeko, musika hautatua eskaintzeko eta erreformak nola gauzatu behar ziren azaltzeko. Alfonso Ugartek sarritan kolaboratu zuen aldizkari horretan eta bertan argitaratu zituen bere erlijio–konposaketa asko. Aldizkari horren bitartez ezagutarazi zuen bere burua; horrez gain, beste adiskide batzuek egindako lanak ezagutu ahal izan zituen eta garai hartan mugimenduko kide eta musikagile ospetsu izan zen. Halaber, bere erlijiozko musika–obrak beste argitalpen batzuen bitartez ezagutarazi ziren han–hemen. Horien artean, “Motu Proprio” delakoan ezarritako jarraibideak betetzeagatik 1912ko kongresuaren ostean eratutako Bartzelonako Gotzaintzaren Batzorde Zentsorearen onarpena jaso ondoren, Iruñeko Casa Arilla argitaletxearekin argitaratutako konposaketak nabarmendu behar dira.
‹‹Gehiago irakurtzeko, Auñamendi Eusko Entziklopedian››