573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: 110 kilometro orduko

PLAZAOLA, Miriam



Uste dut espainiar gobernuak hartutako erabakia guztion onurako izango dela. Krisi garaietan neurri guztiak onak izan daitezke, behintzat gastuei balazta jartzeko baliagarriak badira. Eta iruditzen zait auto gidarien sakelan modu positiboan eragin dezakeela 120 kilometro ordutik 110era igaro beharrak. Nik honez gero nabaritu dut neurria, tankea gasolioz bete ondoren kilometro gehiago egiten baitut orain, duela hilabete baino.

Bizitza gauza txikiez osatua dago, eta espainiar gobernuaren deliberamendua kate horren maila berri bat dela iruditzen zait. Mantsoago joanez gero askoz hobeto kontzentra zaitezke gidaritzan; istripu portzentajea murriztu egin dezakezu eta musika atsegin baduzu, irratia eta mp3 piztuta burua melodia lasaigarriz bete dezakezu, lanera ailegatu aitzin. Eta hori osasuntsua da, alde guztietatik. Nik behintzat horrela ikusten dut.

PSOEko gobernuaren neurri hori dela–eta, han eta hemen buruturiko inkestek ez dute garbi utzi espainiarren iritzia aldekoa ala kontrakoa den. Baina hori biztanlerian antzematen den zatiketaren islapen erreala da, besterik gabe. Nekez azalduko du aldeko jarrera PPko militante porrokatuak, nahiz eta —niri bezala— erabakiak poltsikoan diru–aurrezpena adierazi dion..

Hori bai; 120tik 110ra jaistearen ondorioz, orain lanera iristeko ohetik pixka bat lehentxeago jaiki beharra daukat; ez da asko, hamar bat minutu, gutxi gora behera. Baina nik ere neurria hartu dut eta orain lehenago oheratzen naiz, eta horrela gorputz–atsedenaldiak berean segitzen du, osasunak eskertzen duena. Ez litzateke–eta berdina izango, nire ohiko ohiturei jarraituko banie. Eta, bestalde, askoz gehiago irabaz dezakegu espainiar gobernuaren neurriarekin, baldin eta biharamunean autoa hartu behar duena teleikusle amorratua bada: lehenago oheratu beharrak hamar bat minutu zabor ekidin diezaioke. Hori bai dela aurreztea!