572 Zenbakia 2011-03-25 / 2011-04-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ignacio Zuloaga

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia



Ignacio Zuloaga Zabaleta, pintorea. Eibar, 1870ko uztailak 26a; Las Vistillas, 1945ko urriak 31.

Bergarako Seminarioan egin zituen lehen ikasketak. Aita desmakinatu, arkitektura edo ingeniaritza lanetan aritu zen eta semeak ere lanbide hori izatea nahi zuen; dena den, semeak pintore deiera zuen eta, grina horri jarraiki, Madrilera joan zen Prado Museoan kopiak egiteko asmoz (gogoko zituen Velazquez, El Greco, etab.). 17 urte zituela Erakusketa Nazionalean Un sacerdote rezando en una habitación antigua izeneko olio–pintura aurkeztu zuen. 18 urterekin Erromara egin zuen. Ordurako antzinako arteak erakartzen zuen, nahiz eta berezko seta goiztiarra izan berak. Handik Parisera egin zuen jauzi, kezka berriz astindutako artisten topagunera. Han, pintore txiroaren bizimodu buhamea eman zuen ezinbestean, Palette Akademian aritu zen bitartean. Gauguin, Pablo Uranga eta Santiago Rusiñol ezagutu zituen. Urtebetera erakusketa bat eman zuen Gauguin, Van Gogh eta Toulousse–Lautrec entzutetsuekin batera. Bilbo bisitatu zuen eta han, beste batzuekin batera, El Escritorio elkartea sortu zuen eta hartako hormetako bat pintatu zuen gaitzat Amanecer hartuta. 1892an, 22 urte zituelarik, St Louis uhartea izan zuen bizileku (Quai Bourbon). Han Rusiñol (harentzat bi Greco topatu zituen), Utrillo eta Jorda izan zituen adiskide.

Hala ere, Andaluziak erakarpen berezia eragin zion eta Sevillan finkatu zen 1893an. Handik hainbat bidaia egin zituen Italia, Suitza, Londres (Oscar Browningi erretratu bat pintatu zion) eta Espainia osoan zehar. 1895ean Andaluziako gaiak jarri zituen erakusgai Parisen eta Bermeoko Kasinoko (Bizkaia) pinturak egin zituen eta, urtebetera, Amigos obrarekin bigarren domina erdietsi zuen Bartzelonako Erakusketa Nazionalean. Azken hiri hori ez zuen sekula bazter utzi.

1898an, bere kalitatea eta originaltasun indartsua zela medio, Zuloaga dagoeneko pintore ospetsua zen bere herrialdean (eztabaidatua izan arren: ikus Ramon Perez de Ayalak Zuloagaren alde “itsusiari” buruz egindako aipua, Hispania aldizkaria, 1914–06–01) eta baita atzerrian ere. Urte hartan lehen domina eskuratu zuen Bartzelonako Erakusketa Nazionalean Víspera de la corrida obrarekin. Segoviara jo zuen (Gaztela deskubritu zuen), Parisen eta, orokorki, Frantzian erakusketak antolatu zituen eta Luxemburgeko pinakotekak Mi tía y mis primas enkargatu zion. Paris, Segovia edota Madrilen asko sortu zuen eta, orokorrean, tamaina handiko margolanak egiten zituen. Horien inguruan hainbat aipamen eta eztabaida sortu ziren eta 98ko belaunaldiarekin lotu zuten. Parisen ezkondu zen Valentine Dethomas anderearekin (1899).

Nolanahi ere ez zuen lortu lehen domina eman zion obrak Espainiako epaimahaikideen onarpena izatea 1900ean Parisen ospatutako Nazioarteko Erakusketa Handian paratzeko (Madril aurka zuen); dena den, Brusela, Berlin, Düsseldorf eta Kolonian hainbat erakusketa egin zituen. Urte horretakoak dira Parisienses eta París. Hurrengo urtean Dresdeneko Nazioarteko Erakusketan lehiatu zen Anglada Camarasa eta Iturrinorekin batera, eta Urrezko Nazioarteko Domina Nagusia erdietsi zuen. Rilke ezagutu zuen. Leku orotan ukan zuen arrakasta (Paris, Düsseldorf, Praga, Rotterdam, Anberes, Lieja, Venezia, Dresden, Viena, etab.). 98ko literatura–taldeak omenaldia egin zion oturuntza batekin (1904); 4 mihise egin zituen Anateko Andra Marian (1904 ) eta Berlingo Operak Carmen de Bizet operako eszenografia bere eskuetan utzi zuen (1905). Parisen lantegia ireki zuen (1905). Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ohorezko diploma eta erregearen diploma eskuratu ostean, hiru hartako Museoak pintore eibartarraren Mis primas (1906) obra bereganatu zuen. Halaber, bere garaiko gizarteko erretratugile ospetsuenetakoa izan zen. 1909an New York hiriko Hispanic Society delakoan egin zuen erakusketara milaka pertsona bertaratu ziren. 1910ean egin zituen bere lehen erakusketak Iberoamerikan: Mexiko, Txile, Argentina. Orobat, Veneziako Bienalera joan zen, Zumaiako bere “Santiago Etxea” egiten hasi zen eta La víctima de la fiesta, La familia de Daniel Zuloaga, Retratos del Duque de Veragua y de su hijo obra ezagunak pintatu zituen (San Telmo). Bere izena 1911n sortutako Artista Euskaldunen Elkarte handinahikoan ageri da. Arestian esan bezala, bere obra nahiko eztabaidatua izan zen. Lafuente Ferrarik “Zuloagaren auzia” izendatu zuen polemika hori, izan ere, zenbaitek Espainia txiro eta atzeratuari buruzko irudi iraingarria islatu izana leporatu zion. 98ko belaunaldikoen artean oso gustuko zen ikuspegi hori. Beste muturrean, Unamunok honakoa idatzi zuen:

“Niri buruz esan izan dute Zuloagaren mihiseak ikustea baliagarri izan zaidala Espainiarekin lotutako oldarraldi askotan harri buruz kokatu dudan ikuspuntua sortzeko, eta mihise horiei beha nire sentimenduetan murgildu naizela eta gure herrialdearen tragedia duinaren kontzeptuan, bere larritasun lazgarri eta funtsezkoan, bere arimaren barneko kutsu historikoa duena. Margolan horiei begira geratzen den horretan dugun ugaritasuna eta gertatzen den horretan dagoen eskasia sentitu dut”

Ezinezkoa da bere 400 margolan baino gehiagoz osatzen den zerrenda hona ekartzea. Gehienak tamaina handikoak eta presarik eta zalantzarik gabe gauzatuak. Horien artean Espainiako eta Amerikako aristokraziaren zenbait erretratu (Alfontso XIII erregearena barne) eta biluztu tartekatzen dira, 1930era arte egin zituenak. 1912an Eibarrek omenaldia egin zion Astelena pilotalekuan. Gerra Handiaren urtean Zumaian pintatu zuen. Bertan islatzen den euskal estiloko etxea bere egoitza bihurtu zuen. Horrez gain, Fuendetodos herrian Goyaren etxea bereganatu zuen eta bertan finkatu zuen maisu miretsiaren museoa. 1916an Estatu Batuetako hiriburu nagusietan barna ibili zen. Hainbat lantegi agertzen dira garai horretan, tartean, Madrileko Las Vistillasekoa. 1925ean AEBra itzuli zen bere adiskide handi Pablo Uranga pintorearekin batera; Habanak ere ezagutu zuen bere erakusketa bat. 1928an Eusko Ikaskuntzako bazkide bihurtu zen. Urte horietan izandako arrakastak 1931n jo zuen goia. Orduan Juan de la Encinak Madrileko Arte Modernoko Museoan areto bat eskaini zion armaginari, Encina bera baitzen bertako zuzendari. Aipatu Museoko Patronatuko presidente izendatu zuten.

1936–1939 bitarteko gerran Zumaian zegoen. Han, tropa frankistak sartu zirenean, zenbait egunkaritan erail egin zutela agertu zen. Albistea, ordea, faltsua zen. Bizirik atera zen gerra horretatik eta zenbait obratan bando frankistaren gorespena agertu zuen: Retrato de Franco con uniforme del Movimiento, Paisaje heróico de Toledo, El último requeté (Francok Ciano Kondeari oparitu ziona). Gerran zehar erakusketak egiten jarraitu zuen (Venezia, Londres) eta baita gerraostean ere (Madril). Bizi zela egindako azken erakusketa Bartzelonan izan zen ikusgai 1942an. Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin zion 1945eko udaberrian.

‹‹Ignacio Zuloaga Zabaleta, Auñamendi Eusko Entziklopedian››