572 Zenbakia 2011-03-25 / 2011-04-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskararekin bueltaka

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskonews Gaztea dela eta, ikastetxez ikastetxe joaten naiz Euskal Herriko zazpi probintzietatik barrena. Lau urte pasatxo daramatzat horrela, milaka eta milaka kilometro autoan sartuta.

Hamahiru eta hamazazpi urte bitarteko ikasle horiek nire bisitarekin gauzak ikasten dituzte —edo hori sinetsi gurako nuke behintzat!— baina aitortzen dut niretzat ere irakasbidea izaten dela euskal txoko horietan barneratzea.

Esaterako, bertatik bertara ikus dezaket gazteek euskararekin duten harremana nolakoa den toki bakoitzean. Hain zuzen, pertsona arrotza izaten naiz beraientzako eta neure aurrean lehenengo elea zein hizkuntzatan egiten duten ikustea adierazgarria izaten da oso; horri erreparatuta hasten nahiz datorrenaz jabetzen.

Argi dago toki euskaldunagoak aurkitu ditudala nire bidean, baina horrek ez du esan gura gure hizkuntzaren erabilera hobea denik batean edo bestean. Nire usteak sarri izan dira ustelak; zenbaitetan, ezusteko bikaina izan da, eta ikasgai ederra hartu dut nik neuk ere. Eta horrek erakutsi dit aurreiritziak edukitzea funts–gabekoa dela.

Bestalde, jabetu naiz toki askotan euskalkia irakasten dutela ikastetxean bertan, gaur egun asko baitira horren beharra ikusi eta berbeta sustatzeko ahalegina egiten duten eskolak; hizketa lantzen dute baina baita idazketa ere, askotan. Ondorioz, sarritan irakurri ahal izan ditugu euskara batutik aparteko artikuluak aldizkari honetan: bizkaitarrez batzuk, zuberotarrez besteak... Ez al zaizue iritzi pitin bat bada ere horrek aberasten gaituela? Hizkera diferentetako idatzixak sareratziak euskeria oso anitza dala erakusteko be balixo dauela pentsetan dot.

Askotan jendartearen belarriak ez dira ohituta egoten beste eskualde batzuetako hizketa moduetara; arrotzak iruditzen zaizkigu nahiz eta funtsean euskara bera egon, eta horren urrutiko kontua ez izan. Herri bakarra bagara, euskal herria bagara, merezi du esfortzu txikia egin eta elkar ulertzeak.