Euskonews Gaztea
Gaiak: Krisitik barealdira, denbora asko ote?
Ez dira betiko garai onenak... Halaxe hasten zen Hertzainak taldearen Aitormena abesti ezaguna, eta halaxe ekin diot nik gogoeta txiki honi ere.
Ez dira garai onenak, ez, familia askorentzat. Adibide moduan, langabeziak eraginda hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzten sendien kopurua oso handia izatea, larregikoa! Eta noski, ez dago zalantzarik; azkenaldian prezioek jasan duten igoera bortitzak eragina izan du egoera zailetan. Amets gaiztoak egia bilakatu dira pertsona ugarirentzako, zoritxarrez.
Salbuespenak salbuespen, denoi eragiten digu egoerak; bai, nahiz eta gurasoekin bizi, eta oraindik ere independentzia lortzeko asmorik ez eduki. Azken finean, tximeleta efektuaren adibide garbia da; aste–saria eman behar dizun horrek ez badauka sosik apenas, eta kalean taberna zein dendatan prezioak igotzen badira... Nola eragiten dizu zuri, erdian egonda?
Halere, beste ikuspuntu baikorrago bat bilatu nahiko nioke egoera konplikatu honi. Orain arte kontsumismoaren gurpilean bueltak eta bueltak ematen ohituta egon gara, eta behar ez genuen hori edukitzeko joera izan dugu. Beraz, momentu ona izan daiteke, usadio malapartatuak alboratu eta burua erabilita kontsumitzen hasteko; funtsezkoa dugun hori soilik eskuratuta ere, aurrera egin baitaiteke.
Kontziente naiz, horrek ez duela gizartearen egoera hobetuko, baina uste dut etxean laguntzeko aproposa izan daitekeela, gutxienez. Eta ez da gutxi.
... barearen ostean dator ekaitza Horrela jarraitzen du kantuak. Nik, krisi honekin, kontrakoa gertatzea espero dut. Trumoi eta tximistek lasaitasunari bide eman eta familien egoera beranduegi baino lehen nasaitzeko esperantza ez dut galdu. Zenbaki gorriek Erromako zubiaren koloreak hartuko dituztela berriz ere.
