Euskonews Gaztea
Gaiak: Adolfo Eraso
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Batzuek eguraldi beroa gustuko dute eta besteak, hotzak erakarrita sentitzen dira; azken kasu horren adibide garbia dugu Adolfo Eraso zientzialaria.
Lizarran jaio zen Adolfo Eraso Romero 1934ko abuztuaren 8an. Jaioterri inguruan oharkabean eduki zuen zientziarekin lehenengo hartu–emana, hain zuzen ere, zenbait mineral–harri batu eta bilduma txiki bat osatu baitzuen. Gaztetan, hamaika urte zituela, Gasteizko barnetegi batetara bidali zuten estudiatzera. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia
Etapa hura amaitu eta berriari ekinez, Madrilera lekualdatu zen Goi Mailako ikasketak burutzeko xedearekin; txikitatik zientziak erakarri zuen gazte hura Zientzia Kimikoetan matrikulatu zen Complutense Unibertsitatean eta 1957an lizentziatu.
Ez zen baina, horretara mugatu, eta ikasten jarraitu zuen nafarrak. Hala, diplomatura ezberdinak eskuratu zituen: Hidrogeologia Orokor eta Aplikatua (1967), Geomorfologia Aplikatua (1974), Neurrien Sistema Analogikoa (1974), Geoestadistika Aplikatua (1985), eta Ikasketa Antartikoa (1987). Tartean gainera, doktoregoa egin zuen Geologian (1975) eta Complutenseak Doktore Tesi onenari Sari Berezia eman zion 1976an.
Besteak beste, petrolio–zulaketen eremuan zein hidrogeologia arloan buru–belarri egin izan du lan dela txostenak egiten, tokian tokiko azterketak burutzen? Baina gainera, Erasok landa–lana gustuko duela eta, espedizio ugari burutu izan ditu, eta glaziarren ikerketarekin lotura izan dute sarri askoan. Aurrenekoz 1989an Alaska aldera abiatu zenetik 50 bidaia baino gehiago burutu ditu, glaziarren gaineko ezagutza ikaragarria bereganatuz.
Besteen artean, Alpeak (1990, 1994, 1996, 97), Andeak (1998), Txina (1993), Groenlandia (1990), Norvegia (1987, 1988), zein Artiko suediarra (2006, 2007) bisitatu ditu. Baina zalantzarik gabe, sakontasun handiagorekin ezagutzen dituen lurraldeak Antartida (1987/1988, 1988/1989, 2000, 2003, 2005, 2006, 2007), Patagonia (1988, 1989, 1995, 1999, 2000, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007) eta Svalbard uhartea (1985, 1992, 2001, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006) dira.
Eginiko lan eskergak errekonozimendua eman dio, bai etxean eta baita kanpoan ere. Horren erakusgarria ditugu jaso dituen sari eta izendapen ezberdinak. Askoren artean, Kubako Espeleologia Elkarteko ohorezko kidea (1983), Txekiako Espeleologia Elkartearen urrezko domina (1986), Iruñeko Ateneoaren Domina (1995), SEDECKeko —Espeleologia eta Zientzia Karstiko Elkarte Espainiarra— ohorezko kidea. New York Academy of Sciences eta Russian Academy of Natural Scienceseko akademikoa ere izan zen 1994 eta 2002an, hurrenez hurren.
Ikerketa lan ugari —400 baino gehiago— publikatu ditu nazio mailako zein nazioarteko aldizkari zientifikotan, eta lizarratarraren ezagutza eremuetan lan egiten duten enpresa ugariren jarduna hobetzeko informeak ere burutu ditu.
Gaztelania, ingelesa, frantsesa portugesa, italiera eta alemana hitz egiten dituen gizon nekaezinak, erronka berriak ipintzen dizkio egunetik egunera bere buruari, beti ere natura eta gizakiak uzten dituen aztarnak kezkatuta. Eta Lurrak jasaten duen klima aldaketaren ondorioak glaziarren bidez ikertzen dituenez, ahal duen guztietan gerturatuko da lurralde hotzetara, lanbidez bakarrik ez, bokazioz ere duen zientzialari senak bultzaturik.
