Euskonews Gaztea
Gaiak: Ohiturek bizirik diraute
Otsaila iristearekin batera, bi zita garrantzitsu agertzen ziren egutegian gure arbasoen bizitzetan; aurrena, alde batetik, San Blasek egiten zuen agerraldia eta ondoren, Santa Ageda izaten zen ospakizunetarako motibo. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)
Egun, neurri apalagoan bada ere, oraindik bi data horiek jendearengan eragina daukate. Adibidea Abadiñoko ferian aurkitzen dugu, esaterako, Blas santuaren omenezko egunean –otsailak 3– milaka pertsona elkartzen baitira. Orduan, bedeinkatutako kordelak lepoan ipintzea eta anisez bustitako opil goxoak saltokietan barra–barra egotea ditugu ezaugarri nagusiak.
Bestalde, Agedaz ere asko akordatzen dira hilaren 4 eta 5ean Euskal Herriko hainbat udalerritan; makilekin abestiaren erritmoa jarraituz, kantuan irteten dira koadrila ugari bezpera egunean, eta trukean dirua edota janaria ematen zaie usadioaren arabera.
Motibazioak motibazio, jendea kalera ateratzeko baliagarriak izaten dira data bereziak; familia zein lagunekin elkartu eta nork bere harri koskorra ekarriz betiko kontuetara, hala, nahiz eta ohiturek bizirik dirautela esan dezakegun, modernitate zantzuek ere maiz ?kutsatzen? dituztelarik mendeetako tradizioak. Horren erakusgarri garbiak dira Inauteriak edota Gabonak.
XXI. mendeko aurreneko hamarkadan sartuta, erlijio arrazoiek ez dute horrenbeste pisu jendartean, baina akaso aspaldiko azturekin bat egin eta jai giroan momentu onak igarotzeak bultzatzen ditu gazte zein helduak santutegiko egun horietan parte hartzera.