564 Zenbakia 2011-01-28 / 2011-02-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Tene Mujika

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Idazle eta hizlari ezaguna, abertzalea eta euskaltzalea izan zen gipuzkoar hau bere bizitzan zehar.

Deban etorri zen mundura Robustiana Mujika Egaña 1888ko maiatzaren 24an, familia euskaldun batetan. Hamabi anai–arrebetatik bederatzigarrena, eta aurreneko neska izan zen. Orduan herrian zegoen dendarik handiena zeukaten gurasoek, eta Tenek txikitatik denbora ugari igarotzen zuen bertan, hasieran jolastoki gisa erabiliz, eta lantoki bezala beranduago.

Etxetik gertu zegoen eskolara joaten hasi zen sei urte zituenean, eta garai hartan ohikoa zen moduan, gaztelaniaz idazten eta irakurtzen ikasi zuen, euskaraz ez baitzegoen aukerarik. Ezin izan zuen gainera, goi mailako ikasketarik egin, orduko ohituren arabera gizonezkoen kontua baitzen soilik, salbuespenak salbuespen.

Halere, Teneren etorkizuna familiari lotuta egongo zen; oraindik ere nerabea zela, amari laguntzea egokitu zitzaion alaben artetik zaharrena zela eta. Baina gainera, dendan ere bere beharra zuten eta laguntzen hasi zen. Ikasten jarraitzeko bide ofizialetan abagunerik eduki ez arren, saltokia eskola izan zuen; ofizio hartako trikimailu ugariz jabetu zen, eta dendan herriko etxeetarako argizariak egiten zirenez gero, ezkogintzan ere murgildu zen.

Hemeretzi urte zituela aita hil zitzaion, eta orduan eginkizun ugari hartu behar izan zituen bere gain. Eta horren ondorioz bizkarrezurreko minekin hasi zen, eta luze eraman zion sendatzeak, hamar urte hain zuzen ere. Batzuetan ezin izaten zen etxetik atera, egun hobeak zituenean amarekin aritzen zen lanean. Eta garai hartan, ikasteko eta irakurtzeko denbora gehiago zuela eta, horri ekin zion. Euskaraz ere aukerak ugarituz joan zitzaizkion, 1912an Jaungoiko–zale, 1913an Euzkadi eta 1916an Euzko Deia aldizkariak sortu zirelako.

Baina irakurtzeaz gainera, idazten ere hasi zen erakusmahaiaren atzean zegoen gaztea. Batez ere euskarazko olerkiak sortzen zituen, atsekabe, poz eta ezinegonak gai zentral zituela. Euzkadi eta Euzko Deian hainbat lan publikatu zizkioten 1916an. Olerki ugari horien artean, hauek dira gutxi batzuk: Muxua, Ama, Ikaskin Lilluratua, Arnoko Gurutzia, Nire leyua.

Bizkarreko minak 1918an egin zioten ebakuntza bati esker kendu zitzaizkion eta horrek indarberritu zuen gipuzkoarra, eta bestelako ezinegonei aterabidea eman zien. Abertzale giroan murgildu zen, EAJn sartu eta 1921an alderdia banatu zenean, autonomiazaleekin abiatu zen Mujika. Halere, zenbait gorabehera izan zuen garai hartan, orduko pentsaeraren aurka, emakume honek gizonezkoen gisa, bere tokia aldarrikatzen zuelako. Horren adibidea da, independentziaren aldekoek Emakume Abertzale Batza sortu zutela eta Tenek ere bide bera jarraituz, Abertzale Atzarri Batza eratu eta erabaki horrek, bere alderdikideek gaizki begiratzea ekarri zion. Baina 1931n berriro ere EAJko bi alderdiek bat egitean, libreago sentitzen hasi eta EAB indartzeari ekin zion; 1935ean Gipuzkoako lehendakari izendatu zuten.

Bestalde, antzerkigintzak erakarrita sentitu zen garai hartan debarra eta orduko antzerkigile onenen artean kokatu zen. Gabon, Gogo Oñazeak eta Juan Jose idatzi zituen. Lehenengo biekin gainera, Antzerki Sariketan lehenengo saria eraman zuen etxera, 1934an.

Gerra garaia ere iritsi zen, eta beste askok bezala atzerriratu beharra eduki zuen emakume abertzaleak. La Rochellera (Frantzia) iritsi zen barkuz, eta handik Ziburura joan eta bertan kokatu zuen bizitokia gerra amaitu arte. Sorterrira itzuli zen orduan, baina handik Nafarroara lekualdatu zen denboraldi batez. Frankismoak bestelako eragina ere izan zuen, ezen bere ahizpa batek Teneren lan asko erre zituen, badaezpada ere.

Hirurogeiko hamarkadan, dendari lanetan zebilen emakumeak berriro heldu zion lumari. Orduan, baserri giroko testu bat aurkeztu zuen, eta Txomin Agirreren omenez Ondarroan ospatutako Lore Jokoetan saritu zuten, 1964an. Bestalde, ikastolak martxan ipini berritan, laguntza eske joan zitzaizkion zenbait irakasle eta pozarren lagundu zien gainera; hala, 1968an Euzkel Idaztiñoak kaleratu zuen. Ordutik ez zion idazteari utzi, zela herriko aldizkarian, edota Euskera Zaintza aldizkarian.

Euskaltzaindiak ere, omendu zuen euskara pasioz erabiltzen zuen gipuzkoarra, eta hala, 1975ean Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten. Sei urte beranduago, 1981eko irailaren 16an hil zen bere jaioterrian. Debako udalak, bere izena daraman Tene Literatur Lehiaketa sortu zuen 1983an.

Emakume aitzindariak bere arrastoa utzi zuen euskal kulturgintzan, horrenbeste maite zituen eleei bizitza euskaraz emanez.