Euskonews Gaztea
Gaiak: Aire freskoa gizartean
Negua izaten da eguraldi hotzaren sinonimo. Akaso berotegi efektuaren ondorioa izango da, baina 2011ko urtarrilean udaberri giroa nagusitu zaigu; hego haizea maiz izan dugu lagun eta termometroak zero azpiko zenbakietara gutxitan egin du bisita.
Epeltasun eta erosotasun horretan elkartu ziren milaka lagun Bilboko kaleetan presoen eskubideen aldeko deiadarra gizarteari helaraziz; eta batzuek estali nahi izan bazuten ere, gizarte errepresentazio zabal eta anitza zegoen bertan. Eta bi egun beranduago, hilaren 10ean, ETAren su–eten iragarpena iritsi zen medioetara, eta bestela ezin zitekeen moduan, mundu osoan hedatu zen albistea.
Askotariko jarrerak ikus–entzun–irakurri ditugu ordutik; dena beltz ikusten dutenek hitz egin dute, bai eszeptikoek edota baikorrek, eta noski, baita duda–mudatan zer esan jakin ez arren, isilik ezin egon direnek ere. Maiz uste dut badirela albiste onekin kutsatu gura ez duten pertsonak gure artean. Ez dut esan nahi albiste guztiekin ados egon behar garenik, baina edozein notizia entzunda jarrera itxia erakustea ere ez da bidea.
Halere, iritziak iritzi, neuk atzamarrak gurutzatzen ditut, eta indarrez desiratuko dut lan egitea egokitzen zaien pertsonek ardura hartuko dutela bideko sastrakak kendu eta aurrera egiteko, etorkizunak merezi duela pentsatzen baitut. Eta ez dut desiratzen edozelako geroa; ez, iritzi guztiek toki bat izango duten geroa baizik.
Batzuen eta besteen arrangurak entzuten igaro ditugu azken hamarkadak, eta askotan tamalez, protagonista horiek beraien artean entzungorrarena egiteko joera izan dute. Ez da erraza iritzi kontrajarria duten pertsonek bat egitea zerbaitetan, baina ez dut uste bestalde, ezinezkoa denik puntu amankomunetara ailegatzea.
Lan eginez saiatu behar da, eta sarri askoan, alfer galantak dirudigu elkar–ulertzeko orduan. Ibilian egiten omen da bidea, bada talde batetan, eserita geratzen denak oztopatzen du helmugara iristea.
Probestu dezagun gizartean daukagun aire freskoa, eta ipar zein hegoaldetik jo, igo dezagun aingura, eta zabal ditzagun belak, iritsi nahi dugun tokira ufadaz ufada ailegatzeko gai izan gaitezen.