561 Zenbakia 2011-01-07 / 2011-01-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Urteko lehena, baikor

BEREZIARTUA, Loren



Pertsona askorentzako urte berria hasteak esanahi negatiboa izaten du, eta maiz, adinean gora goazelako izaten da arrazoia; hau da, urtebete zaharrago bilakatzeak ekartzen die asko eta askori bertigoa.

Hori baina, adin tarte jakin batetan izaten da, ezen, ez zaie berdina gertatzen 15 urte dituztenei, esaterako. Helduagoak izan gurako lukete edade horrekin ezin burutu dituzten gauzak egikaritzeko, edota etxean eurek esanak aintzat har ditzaten, beste gauza askoren artean.

Gero, zahartzaroan, bi teoria nagusitzen dira urteen joan–etorrien inguruan. Hain justu, batzuentzako urtebete gehiago bizi izatea poztasun zioa da; eta besteek aldiz, herioaren besotik heltzeko denbora gutxiago geratzen zaiela pentsatu eta tristeziaz bizi dute momentua. Baikorrak izan gaitezke, edo negatiboak. Argazkia: Zawasome

Nik indarberriturik hasten dut gehienetan –ajeak aje– denboraldi berria. Ez dit axola ile urdinagoa daukadan edota burusoil bilakatzen ari naizen. Neuk, urte zaharrean egin ez ditudan gauzei heldu gura izaten diet, edota erronka berriak bilatu eta neure bizimodua ahalik eta aberatsena izan dadin saiatzen naiz lehenengo momentutik, kanpai hotsak entzun eta segundora. Zenbat iraungo didan emozio–egoera honek? Auskalo, baina zahartzeagatik damutu bitartean, halaxe jarraitzea espero dut...

Urteko lehenengo ekarpentxo honetan baikorregia naizela pentsatuko du norbaitek; akaso, hurrengo batean bestelako jarrerarekin agertu naiteke zuen aurrean. Halere, optimismo apur batekin bizitzeak ezer txarrik ez daukala eta, saiatuko naiz gaurkoan bezala jendarteratzen datozen hitzorduetan ere. Horixe nire 2011ko erronketako bat.