559 Zenbakia 2010-12-17 / 2010-12-24
Ez da berria Euskonews Gazteari izana ematen diona Euskal Herriko ikastetxe publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea dela, haiek astekaria egikaritzeko burutzen duten lana ezinbestekoa baitugu.
Euskonews Gaztea segitzen duzuenok jakin badakizue gure aleak zentro horietako ikasleek ekoizten dituztela neurri handi batean. Testua idaztetik –elkarrizketa, iritzi artikulu edota erreportaje gisan– maketazio lana egiteraino.
Guzti horren atzean irakasleak aritzen dira ikasleak gidatzen, dela gaia aukeratzen laguntzen edota testuen zuzenketak egiten. Beraien laguntzarik gabe, zaila egingo litzaiguke –ezinezkoa ez esateagatik– kalitatezko edukiak zuen eskura ipintzea.
Irakasle horien jarduna eskertu nahi izan dugu beste behin eta 2010eko Durangoko Azokan esker on ekitalditxo bat egin genuen Eusko Ikaskuntzaren standean bertan, abenduaren 6an. Bergarako Aranzadi Ikastolako Jon Errasti eta Gasteizko Olabide Ikastolako Jon Santos bertan izan ziren; lana dela eta, Donibane Lohizuneko Dona Maria Kolegioko Irene Noriega eta Denis Granetek aldiz, ez zuten bertaratzerik izan.
Lau irakasleei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, eta gaur arte bezala, etorkizunean ere lankidetzan jarrai dezagun espero dugu.
Eskerrik asko bihotzez!