558 Zenbakia 2010-12-10 / 2010-12-17

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hotza larruazalean

GALDOS, Aintzane



Zein ederra den uda partea. Haize epela, kalean egoteko giro ederra... Ez zait horrenbeste gustatzen, aldiz, udaberria. Eguraldi ezegonkorra, alergia madarikatua... Udazkenarekin batzuetan bai eta besteetan ez, horixe da gertatzen zaidana; hego haizea edo tenperaturen ikaragarrizko beherakada, zoriak nahi bezala. Argazkia: laszlo–photo

Zer esango dizut lagun, neguari buruz. Ez dut batere atsegin, eta zoritxarrez, bizi garen tokian luze joaten zaigu. Dela euria, dela txingorra, eta elurra... Guztia iparraldetik etortzen zaigun hotz ikaragarriak lagunduta... Daukadan berokirik sendoenak ere ez dizkit epeltzen hezur izoztuak.

Gainera, kalean nahi eta nahiez egon behar, pasatzen den jendeari so eginez haien bizimoduak erakarrita. Batzuek gaztaina beroak jaten dituzten bitartean, nik inbidiaz begiratzen diet, eta pentsatzen dut horrelako egunetan, salda goxoa ere, gustatu ez arren, atseginez edango nukeela.

Aitarekin eta amarekin egoten naiz, kalean gora eta kalean behera, batzuetan aterperen batean sartu behar izaten dugu, mela–mela egiterik nahi ez badugu. Izan ere, gure aterkiak zulo ugari ditu, eta zirimiritik babesten gaituen arren, zaparradetatik ez gaitu salbatzen.

Neguko hotzetan, gizon–emakumeak dendetan erosketak egiten begiztatzen ditut eta poltsa ugarirekin igarotzen dira nire ondotik, daukadan sudur–gorri eta hotz aurpegiari erreparatu gabe. Eta gainera, nire adineko neska–mutikoak ikusten ditut bufanda, eskularru eta katiuskak jantzita eta egunen batean nik ere Olentzerori eskatuko dizkiodala pentsatzen dut. Baina gero, tripen kontzertua hasten denean, mendiko ikazkinari bestelako gurariak galdegiten dizkiot, aitatxo eta amatxorentzako lana, etxe bat edota jakiz betetako saskia, esaterako.

Gutxienez gaur, herrian zabaldu duten aterpetxean ohe bat daukagu zain eta biharko eguna ere ikusiko dugula badakit.