557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Lourdes Oñederra

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Diziplina anitzetan mugitzen da gipuzkoarra, beti ere hizkuntzaren zurrunbiloan dantzatzen, dela idazle, unibertsitateko irakasle, edota euskaltzain fazetetan. Argazkia: Euskaltzaindia.

Donostian jaio zen Maria Lourdes Oñederra Olaizola 1958ko ekainaren 9an. Aurrena, Andereño Maria Dolores Goya ikastolara joaten zen eta handik aldiz, Colegio de la Asunción Ikastetxera. Lourdes gazterik hasi zen liburuak eskuen artean hartu eta bertan aurkitzen zituen pasarteen bidez hegan egiten.

Hizkuntzalaritza gustuko zuela eta, Goi Mailako ikasketak egiteko unean Filologia Hispaniarra hautatu zuen. Lizentziatu eta gero, 1980an, Amerikako Estatu Batuetara bidaiatzeko abagunea erdietsi, Atlantikoa zeharkatu eta Hizkuntzalaritza master bat burutu zuen Iowako Unibertsitatean. Euskal Filologian doktoregoa burutu zuen baita ere; Koldo Mitxelenak zuzendu zion lana, hain zuzen Euskal Palatalizazioa hartu zuen ardatz eta 1987an defendatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da, Filologia fakultatean hain zuzen. Fonologian aditua, arlo horri dagokionez lan ugari burutu izan ditu, besteak beste, Euskal Fonologia: Patalizazioa (1990) edota Fonetika Fonologia Hitzez Hitz (2004).

Baina pedagogian ez ezik, bestelako beharretan ere murgildu da Oñederra. Esaterako, literaturara hurreratu zen eta aurreneko idazkia, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro liburuarentzako egindako epilogoa izan zen. Horrez gainera, beste hainbat agerkaritan idatzi izan ditu dela liburu aipamenak zein iritzi artikuluak, besteen artean, Ere, Oh Euzkadi, Hika, Euskaldunon Egunkarian edota Argian. Argazkia: Euskaltzaindia.

Bestaldetik, 1999an, Oñederra hamabost urtez apunte solteak idazten joan ondoren, eleberri bilakatzea erabaki zuen nobela jaio zen, Eta emakumeari sugeak esan zion. Arrakasta eduki zuen lan horrek, 1999ko Kritika Saria eta Beterriko liburua eta 2000ko Euskadi eta Zilarrezko Euskadi Sariak eraman baitzituen etxera. Halako oihartzuna eduki zuen euskal literaturari eginiko ekarpen hark, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, italieraz, errusieraz eta ingelesez ere publikatu zutela liburua.

Bestalde, ipuinak ere idatzi izan ditu, eta horren adibide dira, 2005ean Gutiziak ipuin bildumarako Anderson anderearen gutizia zein Begiz Jotako Ipuinak bildumarako Beranduegi izenekoak. Itzulpena ere landu eta Patrick Süskinden Sommer jaunaren istorioa euskaratu zuen, 2007an.

Guzti horrez gainera, ETBko euskara aholkularia izan da; Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kidea izan zen 1993-1994an eta 1994tik 1998ra aldiz, Ahoskera lan taldean aritu zen. Bestalde, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 2007ko martxoaren 26an.

Fonetika lantzen duen emakumea da Lourdes, hizkuntza eta estiloa neurtzen duen horietarikoa. Oro har, lan asko egin duen euskaltzalea.