557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskararen hitz politena

LOPEZ DE JUAN ABAD, Blanca

EI Gazte! Sariaren irabazlea



Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Mikel Laboa (Gure hitzak)

Zein da euskararen hitz politena? Eusko Ikaskuntzak hitz politenaren bila ibili da azken hilabetean eta 1700 lagun baino gehiagok hartu du parte ekimenean. Eta zenbat buru, hainbat aburu. Argazkia: the_tahoe_guy

Hamaika ele ditugu eskuartean euskaltzale eta berbazaleen ahoa eta arima asetzeko. Hitz batzuek soinu polita dute, eta beste batzuek gauza politak esaten dituzte. Soinuagatik aukeratu dira xuxurlatuz, zirriborro, txantxangorri, zirrikitu, xarmangarri, ttantto, poxpolin, panpoxa... Eta esanahiagatik hautatu ditugu maitasuna, askatasuna, laguna, kuttuna, bihotza, muxu, ama eta maitea bere aldaera guztietan (maitia, maitie, maitte, maittie...), besteak beste.

Eta badirudi, Miss hitza ere aurkitu dugula, izan ere, gehien esan den hitza pinpilinpauxa omen da. Animalia bitxi honek xarma handia omen du ahoskatu edo entzuten dugunontzat... Eta, nahi gabe, gogora etorri zaizkit Bernardo Atxagaren hitzak non daude orain tximeleta esateko ehun moduak?

Rankingak ranking, honek ez du hitzezko lehiaketa izan nahi, baizik eta jolasa, gure hitzen edertasunari buruzko gogoeta egiteko parada. Poetak badu hemen hitzen datu basea bere hautua egiteko, eta baita publizistak ere.

Eskerrik asko, bihotz–bihotzez, Eusko Ikaskuntzari eta parte hartu duzuen guztioi, kamisetak bidean daude!