Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskal Herria, euskararen herria
Bertsolaria
“Euskal Herria euskararen herria dela garbi zait. Euskara, Euskal Herriko hizkuntza dela ere garbi zait. Horregatik, goizean, sokagileen karrikatik abiatzen naiz egunero, cordeliers karrika dela ahantzi nahian. Urdail karrika zeharkatu, charcuti?re izenondoa ahantziz. Kioskora sartu eta: “egun on!” diot. Egunkari saltzaileak “bonjour!”. “Bazinuke BERRIA ?” nik. “Oui, BeLia est à gauche” berak. Egunkaria erosirik, epizeriara joan naiz “Le petit Casino” deitzen dena. Hor, egun on bat justu–justu bota, eta hozkailu artera noa, yaourt–ak, gasna pixka bat eta Evian ur boteila bat erostera. Ordaintzera hurbildu eta “quatre euros et trente–cinq centimes s’il vous pla?t. Merci!” erran dit saltzaileak, nire “zenbat da ?” edo “milesker” bat entzuteko denborarik hartu gabe. Argazkia: matthewf01
Euskara Euskal Herriko hizkuntza dela garbi zait. Bai eta Euskal Herria euskararen herria dela ere. Ederki nago, baina, nire herriaren hizkuntza nire herrian oraindik erabili ezinik! Eguneroko bizia ez da beti ederra Baionako euskaldun batentzat. Seaskaren kanpaina batek “Euskaraz bizi!” dio. Baionan, baina, euskaraz bizitzea zein zaila den!
Etsipenean itotzen erresa izaten da, baina. Gure begietako nigar malkoetan itsutzeko joera ere izaten dugu batzuetan. “Ia guriak egin du!” kantuari “ia” hori kenduta.
Okindegira sartu naiz orain, ogiaren bila: “Egun on!” nik. Eta, zirto batean “Egun on! Zer nahi duzu ?” okinak. Ogia nahi dudala erran diot, eta “milesker” batekin agurtu. Hemendik aitzina bere okindegian erosiko dut ogia. Ogirik nahi ez dudalarik ere. Nire desio handiena bete du okin hark: euskaraz mintzatzea eta euskaraz bizitzea.
Mila esker Pannecau karrikako okina. Mila esker nire nigar malkoetan itsutzen ari nintzela, berriz esperantza pizteagatik. Egun on eta milesker batek zenbat egin dezaketen erakusteagatik.”