Euskonews Gaztea
Gaiak: Eta egingo nuke euskaraz
Kazetaria
Idazteko ahalegina egiten dudan bakoitzean, ez zait esaldirik bururatzen, ez eta orriratzen. Nahi nuke izan horietakoa, bat–batean, beroaldian, hogei, hogeita hamar, hirurogei orrialde idazten dituztenetakoa. Argazkia: susancorpuz90
Nik, gehienez, bi idatz ditzaket, adore–aldirik, asaldatzerik handienean. Eta, beharbada, azken puntua jarri orduko damutu gero. Bi esan dut baina, bakarra baino ezin idatz dezakedala esatea zuzenagoa litzateke. Burutaldirik bikainena gogora etortzen denean, adierazi eta eskuz orrialdean inprimatzeko beharrizan kontrola ezina denean, orduan ere, bakarra.
Maiz, arkatza, luma edo boligrafoa eskuan hartzen dudanean, eta, paperik zuriena, perfektuena, azalera lau eta garbian kokatzen, barruko musikalitatea munduaren sintonia arritmikoei gailentzen zaienean, inguruan isiltasuna lehertzen denean, taupadak arindu eta niniak diz–diz dabiltzanean, istorioan letraz letra, esaldiz esaldi, lerroz lerro orrialdearen isla izateko prest daudenean, orduan, ametsetik esnatu berri naizela sentitzen dut. Holakoetan, idatzi eta batera, edo idatzi ahala, dena ahazten da. Eta, ez, ez dauka erremediorik. Gehienez folio bat.
Ametsak ez dira inoiz berdin errepikatzen.
Eta, nahi nuke izan horietarikoa. Hogei, hogeita hamar, hirurogei... bat batean. Bat–batean, beroaldi baten, hogei, hogeita hamar, hirurogei orrialde idazten dituzten horietakoa.
Eta uste barik, iratzartzea ez, lotaratzea den honetan, tindatu da beltzez amatatzera doan orrialde bakarra. Bat. Ez, ez nahiz horietarikoa.
Eta banintz, idatziko nuke euskaraz, euskara delako gure kultura eta gure identitatea. Eta banintz, idatzitakoa irakurri ez ezik, kontatu ere euskaraz egingo nuke.Gaur euskararen nazioarteko eguna da. Eta bihar?
