556 Zenbakia 2010-11-26 / 2010-12-03
Ez ditut erlijio kontuak aipatuko, hori ematen duen arren. Ez, gaurkoan eredu patriarkala ekarriko dut lerro hauetara, eta nahiz eta gauzak aldatzen ari direla iruditu, oraindik ere balore horietan osatutako gizartean bizi gara. Argazkia: Horia Varlan
Ez dugu telebista piztu besterik egin behar, eta jostailu iragarkiei erreparatzen baldin badiegu, sexismoa puri–purian dagoen zerbait dela ohartuko gara. Adibide moduan, mekanikariaren jostailuzko tailerra saltzeko mutikoei zuzenduta diseinatu duten kanpaina. Eta neskentzako berriz, supermerkatu eder bat, kolore biziko fruta mordoarekin, erosketak sartzeko orga eta guzti.
Erabat oker. Egun berdintasunaren aldarriak edonon entzun daitezkeen garaian, umeak desberdintasunean hezten jarraitzen dugu, zaharkitutako ereduak bizirik diraute eta. Badirudi umeak jaiotzean harrera egiten dion medikuak dagoeneko rol jakin batzuk banatzen dizkietela:neska bada, modu honetan bizi beharko da, mutila bada aldiz, beste bide honetatik jo beharko du.
Txorakeria, ezta? Halaxe da, eta horixe esan nahi dut, gizartea bera dela nola jokatu behar dugun gidatzen gaituena, jaiotzean ez baitakigu arros eta urdin koloreak existitzen direnik. Eta eredu patriarkal eta sexistan bizitzen jarraitzen dugunez gero, ez da arraroa txikitatik heziketa horixe jasotzea. Etxetik bertatik hasi behar da aldaketa. Gure neskatoak panpinarekin jolastu nahi duela? Zergatik ez? Baina neska izanagatik bakarrik, ez oparitu panpina; kamioia gustuko badu, zergatik ez trailerra erregalatu?
Norberaren usteak aldatzen hasten garenean, benetan eraldatuko dugu sistema. Gaur normaltasun eta berdintasunean hezten ez ditugun umeak, etorkizuneko gizarte atzerakoia gidatuko dutenak izan daitezkeelako.