555 Zenbakia 2010-11-19 / 2010-11-26
Asko eta asko dira elearen magiak harrapatuta, eta hauek erabilita artista bilakatzen direnak. Eremu horretan kokatu beharko genituzke beste askoren artean, kazetariak, musikariak, idazleak poetak, bertsolariak... Argazkia: Orange_Beard
Batzuetan barre edo negar eragiteko gai izaten dira euren jarioarekin, bestetan izutu egiten gaituzte, aho bete hortz edota asper–asper eginda utzi gaitzakete, aho zabalka bai, baina logura sartu digutelako...
Hitzen garrantzia ikaragarria da gure gizarte honetan; mutuak ere keinu bitartezko hitzak erabiltzen ditu komunikatzeko. Begiraden hizkuntzak bestalde ez dauka letrarik, baina lagungarria zaigun lengoaia izan liteke; esaterako, jakin badakigu ama haserre dagoela begiratzen digun moduagatik.
Bitxia da nola umeek txikitan onomatopeiak egiten dituzten soilik, harik eta aurreneko berba esaten dutenera arte. Eta orduan hasten da gurasoen buruko mina! Batzuek ama esan dutela, besteek aita... Maiz norberaren belarriek ere engainatzen dute entzulea, eta gura duenari egiten dio kasu.
Bestaldetik, arraroa da ikustea txikitan ia hizketan egiten ez zuen ikaskidea nola denboraren joan–etorriarekin isiltzen ez den pertsona horietarikoa bilakatu den, urte luzeetan erreprimituta egon izan balitz bezala, eta azkenean askatasuna! aldarri egingo balu bezala hitz bakoitzarekin.
Denetarik dago mundu honetan, puruak erretzearen eraginez marranta jota dagoen agurea; ia hatsik edukiko ez balu bezala ahots haritxo bat irteten zaion lotsatia; badago modu goxoan hitz egiten dizun jendea; eta beste batzuen bozak aldiz, oilo–ipurdia ipintzen dizu, hitz bakoitzak tinpanoa zulatuko balizu bezala.
Garrantzitsuena komunikatzea da; zer esan edo adierazi gura dugun ongi pentsatu eta dela modu batean edo bestean adieraztea, hitzez edo imintzioz, baina esatea. Gaizki ulerturik nahi ez badugu behintzat!