555 Zenbakia 2010-11-19 / 2010-11-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Agustin Zubikarai

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Idazle honen lanetan itsasoaren presentzia handia da, hain zuzen ere, ondarrutarra izateak eta Txomin Agirre herrikidearen lana ezagutzeak eragin zuten horretan.

Agustin Zubikarai Bedialauneta Ondarroan jaio zen 1914ko azaroaren 3an; familia handia zen berea, hain zuzen ere, bederatzi anai–arreba ziren orotara. Eta nahiz eta gurasoak arrantzaleak ez izan –aita arotza baitzuen– betidanik mundu horrekin erlazio estua bizi izan zuen.

Aurrena, herriko Gurutzeko Alabak ikastetxean estudiatu zuen, eta oso gaztea zela, 10 urte besterik ez zituenean, Saturrarango Seminarioan hasi zen ikasten. Apaiz izateko urte horietan liburu artean murgilduta egoteko aukera eduki zuen Agustinek, eta hor hasi zitzaion hitzenganako pasioa sustraitzen. Denbora igaro zen eta ikasten bost urte zeramatzanean gaixotu egin zen eta ondorioz, etxetik jarraitu zituen ikasketak. Baina ez zen apaiztera iritsi, bokazioa bidean galdu baitzuen.

Idazteko zaletasun handia zeukan Zubikarai gazteak eta hala, 1933an Zornotzara abiatu zen Jaungoiko–Zale eta Ekin agerkarietan lan egiteko asmoz; halere zapuztu egin zitzaizkion asmoak, gaixotu eta Ondarroara bueltatu behar baitzen. Baina geratu gabe, beste hainbat aldizkaritan esku hartu zuen gerra aurretik, besteen artean, Gudari eta Euzkadin. Azken horretan gainera, publikatu zuen Aberrijagaz bizi izeneko bere aurreneko antzezlana.

Gerra Zibila piztu zenean baina, Ipar Euskal Herrira ihes egi zuen Agustinek, eta handik gutxira Bilbora bidaiatu zuen. Bertan zegoen 1937an Eguna egunkari berria agertu zenean, bera zen zuzendariordea; bost hilabete eta erdiko bizia izan zuen agerkariak, hain zuzen, tropa frankistak Bilbon sartu zirenera arte. Orduan Aralar batailoiko kide bilakatu eta handik hona ibili zen, Zallan, Karrantzan, Santoñan, Asturiasen, Laredon... Azkenean baina, preso hartu eta Castro Urdiales, Aranda del Duero, Miranda de Ebro, Oteiza de la Solana edota Guadalajara moduko kontzentrazio esparruetatik pasatu ostean, Ondarreta eta Azpeitiko kartzeletara eraman zuten.

Segidan, atzerriratu behar izan zuen eta Goi Pirinioetara joan zen, baina alemanek Frantzia okupatzearekin batera, bueltatu, atxilotu eta berriro kartzelaratu zuten, harik eta jaioterrira itzuli zenera arte, 1941ean. Orduan, Mutrikuko Arruti Kontserba lantegian hasi zen beharrean, kontabilitatea eramaten; 40 urte eman zituen bertan. Gainera, Ondarroako kulturaren bultzatzaile sutsua izan zen, zenbait musika eta antzerki talderen laguntzaile, edota Kultura Etxeko arduraduna, 1981etik aurrera. Ondarroan 1992an bere omenez ipinitako irudia.

Tarteka sortzeari utzi bazion ere –gerragatik, esaterako– ia bizitza osoa eman zuen idazten bizkaitarrak. Besteen artean, antzerkiak idatzi zituen, eta izenburuetariko batzuk ditugu, Kirrixkak, Umetako kezkak, Itxas–lapurrak, Itxasora (1950), Seaska inguruan (1956) Mariñelak (1964), Kresaletan, Iru alaba (1963), Bizi garratza (1968), Errekonduan (1969), Mendu zarrak (1969), Mendi ta itsaso (1983) edota Arteako itsua (1986).

Baina narratiba ere landu zuen, eta Piñuetako madalenak (1965), Gogorra gertatu da zuen errian, Amonatxo zaharrak eta ur–txakurrak (1964), Bale denborak (1978), Anton Guzurretxe, Esan eta esango (1979), Laiñoak Mundakan (1980), Bizitzako urratsak, garratz eta gordin (1981), Itxastarrak (1985), Gerrateko kontuak (1983) eta Peru eta Mari gureak (1985). Saiakera arloari dagokionez berriz, Motrico (1970), Boga ta zixe (1977), Gure inguruak (1982), Bizkaiko bidetan (1984), Ondarroa baserri giroan (1985), Balendin Berriotxoa Deuna (1988). Gainera, Bizkaiko –eta batez ere, Lea–Artibaiko– hainbat udalerriren gaineko monografiak burutu zituen.

Halere, bere idazle eta kultur eragile fazetatik haratago, politikari moduan ere jardun zuen Agustinek diktadura amaituta; Ondarroako zinegotzia, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ahalduna izan zen 1983–1987 urteetan.

Bestalde, 1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1993an berriz, ohorezko euskaltzain. Gainera, bere jaioterrian omenaldia egin zioten 1992an eta bere izena daraman plazan haren omenezko irudia ipini zuten; eta herriko seme izendatu zuten. Horrez gainera, 1995ean Sabino Arana Saria eman zioten.

Beste hainbat gauzen artean, euskara, itsasoa eta idaztea zituen maite Agustin Zubikarai ondarrutarrak, eta guztiekin gozatzeko tartea aurkitu zuen harik eta 2004ko uztailaren 12an hil zen arte.