Euskonews Gaztea
Gaiak: Izaren artean galduta
Ez nituen inoiz begiak ireki nahi izaten, amets hutsa izan zela jabetzeak atsekabea eragingo zidalakoan. Txikitan amari esaten nion bezala, bost minutu gehiago izaten da orain ere nire lema esnatu berritan; errazagoa da baita ere, amaren errieta barik, iratzargailuko botoiari ematea besterik ez baitut egin behar horretarako. Argazkia: i dont make art anymore
Goxo–goxo geratzen naiz izaren artean eguneko aurreneko argi izpiekin poliki esnatzen noan heinean. Lozorrotik bat–batean iratzartzea osasunarentzat ona ere ezin daitekeela izan pentsatzen dut, eta ez dut ulertuko salto batez ohetik jaikitzen diren horien abilezia... Nire 25 urteetan sekula ez dut hori lortu, eta etorkizunean gauzak asko aldatu beharko lirateke egunero ohea modu horretan lagatzeko.
Motel hasten dut builaz jarraituko duen eguna, lanez lepo, alderik alde ziztu bizian igaroko dudan lanegunari aurre egiteko psikologikoki prestatu beharra baitut. Bost minutu horietan, lasai eta gauza serioetan pentsatu gabe, sabai zuriari so igarotzen ditut segundoak, apurka mugitzen, arnasa sakon hartzen, nire gorputzari martxan ipintzeko esanez.
Batzuek tontakeria dela pentsatuko dute, baina niri behintzat edozein ezustekori aurre egiteko lagungarria zaidala iruditzen zait. Modu positiboan ekiten dut eguna, jakin badakidan arren jarrera hori bestelakoa bihurtu daitekeela eguneko pasadizo ezberdinen ondorioz. Ez dut irudikatu nahi egunero aldarte txarrean esnatuko banintza zer–nolako pertsona izango nintzatekeen. Ez; ez du merezi, munduak nahikoa ezkortasun eskaintzen baitizkigu behin eta berriz, dela telebistako albisteetan, hil–kanpai hotsetan...
Egunsenti bakoitzarekin aztura eder hau praktikatzeak ezker edo eskuineko oinarekin jaikitzearen aldea adierazten duela pentsatzen dut. Azken momentuan jaikitzen diren horietarikoa bazara, saiatu bost minutu lehenago esnatzen; ez zaizu asko kostatuko, eta ziur munduari ere, beste modu batez begiratuko diozula. Zein ederra den izaren artean galduta egotea!