553 Zenbakia 2010-11-05 / 2010-11-12
Bizkaitar honek barruko pasioari aterabidea eman eta zinema, antzerki eta telebistan eginiko lan handiagatik gure artean aurpegi ezaguna bilakatu da berea.
Erandion jaio zen Alejandro Angulo León 1953ko apirilaren 12an. Gaztetatik eduki zuen artista sena, baina hala ere, Irakasle ikasketak burutu zituen, eta behin amaitutakoan, urtebetez aritu zen lanbidean beharrean. Baina fakultateko ikasle garai haiek bere etorkizuna landu zuten, eta ez soilik pedagogia arloari dagokionez; hain zuzen, 70. hamarkadan Karraka antzerki talderako hautaprobak egin, pasatu eta komedia lantzen hasi zen beste lagun batzuekin batera. Haien artean Ramon Barea zegoen, gerora hainbat proiektutan batera aritu ziren. Alex Angulo, ezkerrean. Argazkia: Iker Merodio
Hamarkada hura eszenatokietara igota igaro zuen Alexek, harik eta 1981ean antzezpenaren munduan beste ate bat ireki zitzaionera arte. Euskal zinemagintzaren loraldia ematen ari zen, eta bizkaitarrak probetxua atera zion egoera berriari, hain zuzen, Imanol Uribe zinemagilearen La fuga de Segovia filmean parte hartzeko aukera eman zioten.
Hala hasi zen bere karrera lantzen, urratsez urrats, denetarik probatuz. Ez zen eszenatokietatik guztiz jaitsi, hanka bat antzokietan eta bestea gauza berriak egiten igaro baitzuen, pantaila txikia ezagutuz, esaterako. Euskal Telebistan besteen artean, Bertan Zoro, Con los pies en el agua edota Detrás del Sirimiri moduko saioetan lan egin zuen.
Interpretatzerakoan naturaltasuna eta gertutasuna transmititzeko abilezia daukan aktorea dela erakutsi zuen paper bakoitzean, eta horrek proiektu ezberdinetan aritzeko deiak jasotzea ekarri zion. Batzuetan protagonista moduan, bestetan bigarren mailako aktore gisa, baina beharrik ez zaio falta izan bizkaitarrari. Bere filmografia osatzen duten luzemetraietariko batzuk dira, El amor de ahora (1987), Tu novia está loca (1988), Todo por la pasta (1990), El rey pasmado (1991), Acción mutante (1992), Marbella antivicio (1994), El día de la bestia (1995), Así en el cielo como en la tierra (1995), Carne trémula (1997), Muertos de risa (1999), A mi madre le gustan las mujeres (2002), El oro de Moscú (2003), El laberinto del fauno (2006), edota El gran Vázquez (2010).
Gainera, zenbait laburmetraietan ere esku hartu du, aurrenekoz Alex de la Iglesiaren Mirandas Asesinas (1991) lanean. Eta horrez aparte, Los amigos del muerto (1993), Adiós Toby, adiós (1995) , Muertos de amor (1997), Lorca (1998) edota ?¿Qué será de baby Grace? (2009) izenekoetan.
Baina telebistako beharra ere gertutik ezagutu zuela aipatu dugu hasieran, eta esate baterako, 1998tik 2002ra Periodistas izeneko telesailean edota 2007-2009ra bitartean Hermanos y detectives deiturikoan protagonista paperak izan zituen. Beste hainbat saiotan ere agertu da, baina kolaboratzaile gisa: 7 vidas, El comisario, Aquí no hay quién viva, Los Serrano, Cuéntame como pasó edota La princesa de Ébolin.
Horrelako ibilbide oparoak zenbait saritarako izendapena eta golardoa etxera eramatea ekarri dio Alexi. Besteen artean, Goya Sarietarako izendatu zuten El día de la Bestia (1995) eta Muertos de Risa (1999) lanengatik. Ondas saria etxera eraman zuen berriz, 1996an El día de la Bestian apokalipsia saihestu nahi izan zuen apaizaren paperagatik. Ponferradako Zinema jaialdian Retina Saria eskuratu zuen 2010ean; eta urte berean, etxean ere aintzatetsi diote ibilbide profesionalean eginiko lana, hain zuzen, Donostiako Zinemaldiko 58. edizioko Zinemiran saritu zuten.
Gizon onaren aurpegia dauka Alex Angulok, baina kameleoiek bezala situazio ezberdinetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du momentu dibertigarri ugari oparitu dizkigun bizkaitarrak.