
Artisautza
Vitoriano Arzuaga Saldias. Irulea: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Latxa ahariaren artilea erabiltzen du bere lanean, emearen artilea baino lodiagoa, sendoagoa eta luzeagoa baita. Bestalde, artile beltza zuria baino gogorragoa da.
Ahariaren artilea onena da, baina esan beharra dago artile mota horretan ere desberdintasunak daudela: batzuk besteak baino hobeak dira, eta denak ez dira onak. Horrek ez du esan nahi ardi emearen artilearekin jantziak egiterik ez dagoenik. Izan ere, antzina, hala egiten zuten baserrietan. Eskura zeukatena erabiltzen zuten, “halabeharrak eraginda”.
Gaur egun maiatzean mozten zaie ilea ardiei. Antzina, ordea, Santiago jaiaren (uztailaren 25aren) ondoren moztu ohi zieten. Uztailean moztutako artilea hobea da lantzeko, “solteago baitago”.
Moztutakoan, artilea uretan jartzen da. Garai batean ibaian murgiltzen zuten, eta gaur egun terreina batean. Ondo garbitzeko 5 bat orduz egoten da uretan; ondoren, xukatu eta eguzkitan lehortzen da. Vitorianok dendan erositako xaboi-hauts pixka bat bota ohi dio urari.
Ahuntz-ileak ez du balio, motza eta txikia baita.
Ondoren, artilea haga batez jotzen da, harrotzeko helburuz.
Hurrengo lana haria egitea da. Horretarako iruteko ardatza erabiltzen du (koroia ere esaten zaio eta, beste leku batzuetan, maratila edo txabila). Horretarako, artile sorta bat hartu eta mutur bat eskumuturrean eta bestea ardatzaren larakoan lotzen du. Bertikalean jarritako ardatzaren pisua aprobetxatuz, artilea hatzez bihurtu eta birarazi egiten du, hari-zuntzak elkartuz eta hari lodi etengabea sortuz.
Erabili behar ez duen artilea armairu batean gordetzen du, behar besteko denboraz. Armairu horretan ereinotza ere jartzen du (lehenago tabakoa erabiltzen zen) sitsak sar ez daitezen.
Jantzi zuriak egiteko artile zuria erabiltzen du, jantzi beltzak egiteko artile beltza, eta jantzi grisak egiteko biak nahasten ditu.
Haria prest duenean, nahi duen jantzia egiteari ekiten dio. Horretarako bi orratz erabiltzen ditu (gaur egun plastikozkoak dira) txaleko bat edo bestelako jantzi lauak egiteko, eta lau orratz jantzi tubularrak egiteko, adibidez galtzerdiak.
