Erleen eta aintzineko euskal sinismenen arteko loturak Erleen eta aintzinako euskal sinismenen arteko loturak * Manex Lanatua Eguzkia, erlea, bizia, heriotza. Euskaldunen sinestean horra lau gauza tinko eta herstu elgarri lotuak. Adibidez, Mendibe Lakoan, etxea alde batetik eta borda bestetik. Borda, eraikitzearekin harginak eguzkiaren jeikaldeko paretan leio antzeko idekidura bat ohatu zuen. Haizobia eta aterbia segurtaturik, hor daude, nola gerta, 7 edo 15 erletxe (kofoinak Basonafarroan dioten bezala). Borda bat, eraikidura pisua da, lan asko eskatzen duen harri eta lurrezko gorputza. Beraz, hori altxatzearekin erleaz axolatzeak eta honi doakion toki berezi baten zabaltzeak salatzen digu nolako garrantzia zaukan uli berezi honek baserriko bizian. Pentsa daiteke, bereziki, garrantzi hori zetorkiola egiten duen janari gozoarengatik. Alabainan, aintzineko belaunaldiek zaukaten azukre bide bakarra eztia zen. Sebastian EZKURDIA, Gasnategiko errekan zegoen artzain xoilak, ehun kofoin edo erletxe zauzkan. Erran zidan 1940 1944 eta gerla urteetan ardien mozkinarekin baino sos gehiago egiten zuela erlearenarekin. Euskal Herriko erran zaharretan erleari eta erlearen mundiari doazkion erranak ez dira eskas, hala nola etxeko andere xintxo batez errana zen "erlea bezain langilea zela". Erraiten zen ere hauxe "Beti ongi etorri egin erleari" edo oraino "Auzorat airatu den erlumearen bila ez zaitez joan, suerte txarra ekarriko dizu". Ohar gaitezen huntaz: Euskal etxeko anderea eta erletxean dabilan anderea, biak andere deitzen dira. Dakigularik erletxearen harmonia etxea eta geiago oraino erletxearen hil bizia bere anderearen izairan oinharritzen dela, nabari da hitzkuntzan erabilia den konparaketa honek, nunba Euskal sineste sakona ukitzen duela. Anderea, erregina, emaztea. Zergatik lotzen dira eztitasuna eta emaztetasuna ? Zergatik ez da erraiten "gizon bat bezain eztia" bainan ordea "zer emazte eztia!". Euskaldunen eguzkia emaztezkoa ote da ? erletxeko anderea bezala ? Denadela, Euskaldunen herria, Eguzkiaren herria da. Etxearen ataria eguzkiari doakio, horrela leiotik edo atetik eztia erletxean bezala andere eguzkiaren lehen zirrintak sukaldera sartzen dira. Eztiak eguzkiaren kolorea du. Okabe kaskoan baratzetako belar sakratuaren gainera eguzkiaren printzak zirristatzen direlarik erleen eztia da lurreraino zirristatzen. Euskaldunek, eztia jaten duelarik eguzkiaren indar gozo sakona da bakoitzaren hezur muinetaraino sartzen. Eguzkia oraino argi zarean: argi zarea zen, etxeko norbait zendu eta, urte bete batez etxeko andereak zeraman zu ziri borobila (eguzkiaren borobila, zarearen borobilean da). Piztua den sua eguzkiaren sua da. Su horrek gogoratzen digu eguzkitik datorkigun susko erredura, hots, bizia. Eguzkiaren suan bezala erredura oraino erlearen ziztan da: Ai zer erredura samina ! Aipa dezagun oraino Euskaldunek erlearekin zuten beste ohidura bat. Hau zen : Etxeko nagusi zaharra zendua zen ordutik nagusi gaztea erlandara zoan eta hor erleen, aintzinean zutik erraiten zieten "Erleak! Nagusi zaharra zendu da, orain, ni naiz zuen nagusia, niretzat egin eztia!". Euskaldunen aspaldiko sinestean finkatzen da erlea, Euskalduna bezain zaharra den erlea. Manex Lanatua, Idazlea Euskonews & Media 55.zbk (1999 / 11 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.