55 Zenbakia 1999-11-19 / 1999-11-26

Gaiak

Dominique Garat: 1735-1799

GOIENETXE, Manex

Dominique Garat: 1735 1799 Dominique Garat: 1735 1799 * Manex Goyhenetche Aurten 200 urte bete dira Dominique Garat Uztaritzen zendu zela, 1799ko azaroaren 16an alegia. Aipamen guti ukan du euskal edo abertzale munduan, framazoi munduan ala frantses errepublikazaleen artean. Ez du omenaldirik ukan, Udako Euskal Unibertsitatean, ezik. Alta, denek zerbait zor zioten. Nor dugu beraz, pertsonaia hau, oraindik anitzetan bere anaia gaztearekin, Josep ekin nahasten duguna? 1735eko abenduaren 12an sortu zen Dominique Garat, Uztaritzen. Bere aita medikua zen, baina baita herrian detxema edo hamarrenaren biltzaile, eta gainera bizpahiru etxeren jabe. Ontasun eta dirutza nahikoa ukan zuen aitak haurrei ikasketak eginarazteko. Ez dakigu zehazki ikasketak non egin zituen, baina seguruen Bordalen, Guyenako Ikastegian, egingo zituen. Ikasketak bukatu eta abokatu izan zen Bordaleko parlamentuan. Utzi dizkigu abokatuen ordenako edo gremioko ordezkari gisa egin zituen mintzaldiak. Bere garaikide guztiak bezala, Bordaleko Akademiako ihardueretan parte hartu zuen, mintzaldi eder eta ospetsuak emanez. Bordelen Amitié deitu framazoien taldeko kidea zen, baina kanporatua izan zen,eta beste framazoi etxe bat muntatu zuen, Harmonie izenekoa. Etxe hortatik ziren azaldu girontiar buru gehienak. 1789ko urtarrilean, Versailles era Estatu Orokorrak deituak izan zirelarik, Bordalen Hirugarren Estatuaren ordezkaritza lortzen saiatu zen Dominique Garat. Baina Bordaleko burges merkatari handien artean ez zuen aukerarik izan, eta bozkarik gabe gelditu zen. Orduan, Uztaritzera etorri zen, bere aldeko bozkaldia bultzatu eta lortu egin zuen. Josep bere anaiarekin, hautatua izan zen Lapurdiko Biltzarraren izenean, Versailles eko Estatu Orokorretara joateko. Ez zen lo egon Versailles en eta gero Parisen Dominique Garat. 1789ko ekaineko gertakarietan buru belarri sartu zen, bereziki Estatu Orokorrak Nazio Batzar Konstituziogile bihurtu zirelarik. Batzar nazionaleko idazkaritza nagusian ere srtu zen 1790ekouztailaren 3an. Bere lana segi dezakegu Le Moniteur universel deitu egunkariari esker, hor aurkitzen baitira iraultzaile honen mintzaldi guztiak. Orotara berrogei bat mintzaldi egin zituen. Gehienik ezagutuak direnak Euskal Herriko departamenduaz dira (orduan erraiten zen "Euskal probintzietako" departamendua). Bereziki 1790eko urtarrileko eta otsaileko mintzaldietan gogor altxatu zen Euskal Herriari hertsatua zitzaion administraritza antolaketaren kontra. Baina beste lanik ere eraman zuen Dominique Garatek Batzar konstituziogilean. Erlijio ordenen kentzearen alde agertu zen, pentsatuz alfer lanetan ari zirela monastegiak. Horrez gain, justizia kriminaleko eztabaidetan parte hartu zuen, heriotz zigorraren alde agertuz, eta eskatuz, eskua moztea bere aita erahiltzen zuenari. Bestalde, giza eta herritar eskubideen agiria landu zuen beste biltzarkideekin, elizako konstituzio zibila ere. Gainera, erregimen zaharreko egituren etsaia zen, eta ondorioz, etengabe salatu zituen jaurgopeko egitura sozio politiko guztiak. Egia esan, bere garaikoa zen Dominique Garat. XVIII. mende "argiztatu" edo "ilustratu" horietako ordezkaria, kultura arrazionalistaren bozeramailea. Bere mintzaldietako hitz gakoa "zoriona" da, justiziaren bidez lortzen dena, despotismoa eta absolutismoa baztertuz. Gizarteari Legedi berri bat eman nahi baitzuten. 1789ko iraultzaileek, pentsatzen zuten legegilearentzat eredu edo modelo bat gorderik zegoela Pirineotako mendietan. Hori zen Euskal Herriko gizartea. Rousseau ren ideiak ziren. Honek Euskal Herrian aurkitua omen baitzuen gizarte ideala. Iraultza garaiko legedi berriaren eraikuntzan itzal handiko ordezkaria izan zen Dominique Garat. Rousseau ren ideiak bideratuz: "legegilearen helburua da Herritarren lasaitasuna segurtatzea". Batzar konstituziogilearen lana 1791n bukatu zen. Ondoren bere herrirat itzuli zen Dominique Garat. Konbenzio garaian, preso altxatu zuten. Robespierre agintetik botatua izan zelarik, presondegitik ateratu zen, eta 1795 1798 tartean,Uztaritzeko alkate hautatu zuten. 1796an, Uztaritzeko eskolarako maisu berri hautatzeko, bi baldintza proposatu zituen: Errepublikako legeak ezagutzea, eta euskara jakitea. Berak uste zuen, Euskal Herrian, irakasleek, euskara jakin behar zutela frantsesarekin batera. Horrela, Iparraldeko historian lehena izan zen, Iraultzaren ondotik irakaskuntza euskaraduna edo gutienez bi hizkuntzetakoa eskatu zuena. Dominique Garat en ekarpena ez da neurtu behar gure gaur egungo iritzien arabera. Bere garaian kokatu behar da. Erregimen Zaharrarekin haustura egin nahi zuen, eta egin zuen. Gizartea modernitatean sartu nahi izna zuen, despotismoa eta pribilegioak salatuz, herritarraren kontzeptu berri bat landuz, erlazio sozio politiko berriak eraikiz, justiziaren eta giza eskubideen ildotik. Baina, euskaldun gisa, marko instituzional juridikoan, bi eskakizun argi azaldu zituen herri eskubideen inguruan: alde batetik Euskal Herriaren lurraldetasuna, Euskal Herriko departamendua eskatuz, eta bestetik, Euskal Herriaren hizkuntz nortasuna irakaskuntzan eta administraritzan. 200 urte berantago, arazo berdinaren aurrean gara. Manex Goyhenetche, historialaria Euskonews & Media 55.zbk (1999 / 11 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria