549 Zenbakia 2010-10-08 / 2010-10-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Urriaren 12a, ospatzeko eguna

BEREZIARTUA, Loren



Urriaren 12a, ospatzeko data. Hori da jende askok pentsatzen duena, baina niri aldiz, ospatzeko moduko zerbait ote denaren inguruko zalantza sortzen zait. Ez neuri zuzenean dagokidanagatik –uko egiten baitiot halako datetan konfetiak botatzeari– baina bai egun horrekin zerikusi zuzena dutenengatik. Argazkia: SashaW

Urtero jai egun moduan aurkitzen dugu egutegian, gorriz tindatua, eta horren zergatiak gogoeta egitera bultzatu nau. Hau da, 1492ko urriaren 12an Colon buru zuen itsasontzitik ustez – eta euskal atsotitzak ederki esaten duen lez, usteak ustel– Indietako lurrak zirenak begiztatu zituzten. Eta halaxe ekin zitzaion paraje berri haietako zokoak inbaditzeari.

Ezen “aurkikuntza” bezala kalifikatua izan zena, “konkista” moduan izendatu beharko lukete. Bertako jendearekin, kulturekin, ingurugiroarekin eginiko basakeriek zer pentsatu ematen baitidate, eta festarako momentua baino, bertako jendearentzako dolu eguna dela iritzi diot. Ondorioz, ezin bat egin aldarrikatu nahi duten festarekin. Amerikako berezko biztanleen azalean ipiniko bagina, urriaren 11a aldarrikatu beharko lukete, hain zuzen ere, buru–jabe eta libre izan ziren azken egun moduan.

Ezin dugu ahantzi, historia gerra eta konkistez osoturik dagoela, zoritxarrez. Zer dagoen guzi horren atzean normalean? Beste arrazoi ugariren artetik, gizakiaren akatsik larrienetako bat: norberarena bestearena baino hobea denaren ideia. Hortik, kolonizatu izan denean, biztanleak inbaditzailearen kultura berrira egokitu eta, beraien sinesmenak alboratzera behartzen diren. Hizkera “bitxia” dutenei, “arrunta” inposatu gura izatea. Naturako fenomenoetan sinesten dutenei, bestelako pertsonaietan sinetsi behar dutela esatea...

Neuk, oraindik ez daukat oso argi, zeintzuk diren ospatzeko moduko egunak. Eta zuk?