Euskonews Gaztea
Gaiak: Neuretzako tristeziarik ez!
Atzean geratu dira egun tristeak. Hodei beltzak ez dira nire unibertsoko zeruan agertzera ausartzen, eta argitasunak jaun eta jabe izatea erabaki du. Ekiak ñir–ñir egiten du, neurezat begi-keinuka balebil bezala, dena ongi joango dela eta lasai egoteko esango balu legez. Argazkia: Victor Bezrukov
Azken hilabeteak trumoi hotsen artean igaro ditut, goibeletan goibelena ni neu nintzela ziurtatu dezaket. Baina aitor dut, aspaldi ez nintzela horren zoriontsu sentitzen. Bai, akaso gaurdaino tristeziatik haratago mundu berri bat irekitzen dela ikusi ezinik egon naiz, nahigabeak ikusmena lausotu balit bezala. Bai. Orain egunek kolore argi eta alaiak dituzte, nonahi begiratu eta mundua margotu zuen pintorearen paletak zeukan aniztasunaz ohartzen naiz.
Soinean neraman gainjantzi beltza kentzea lortu dut. Heriotzaren atzapar zorrotzetatik ihes egin ezin izan zuenari eduki diodan dolua atzean utzi eta berriz ere, bizirik sentitzeko eskubidea dudala erabaki dut. Ezen mundua –zorionez edo zoritxarrez– ez da gutako baten desagertzearekin gelditzen.
Bizitzak bere bidea jarraitzen duela ohartuta, karriketara irtetea, parketik buelta bat eman eta haize freskoak zein eguzkiak larruazalari bizitasuna eman diezaioten hautatu dut. Eta bizirik sentitzen naiz txorien txioa aditzen dudan bitartean. Eta oroitu dut nola joaten ginen anaia eta biok itzulitxoa ematera, gure kontuez hizketan egitera eta barre zein negarra konpartitzera.
Eta nire harridurarako gomuta horrekin tristatu ordez, pozez bete zait arima.