547 Zenbakia 2010-09-24 / 2010-10-01
Olatuekin jolasean gustura asko ibiltzen da bizkaitar gaztea eta surf zirkuituko munduko hondartzarik garrantzitsuenak ongi ezagutzen ditu bodyboarda ogibide bilakatu duen gazteak. Argazkia: Eunate Agirrek utzia.
Bilbon jaio zen 1982ko maiatzaren 24an. Txikitan piztu zitzaion itsasoarekiko interesa; Sopelan igarotzen zituen udak eta bertako hondartzan pasatutako ordu guztiek eragina izan zuten horretan. Gainera, betidanik izan du gustuko kirola egitea eta Sopelan bodyboardean zebiltzan pertsonak ikusi, probatu, gustatu eta harrapatuta geratu zen.
Hamaika urte izango zituen lagunekin batera uretan sartu eta olatuak noiz iritsi eta haiek hartzeko irrikaz zain egoten zela. Orduak eta orduak ematen zituen bere taularekin, eta teknika gutxika hobetzen joan zen ondorioz. Aurreneko aldiz bodyboard marka batek fitxatu eta lehiatzen hasteko ordua iritsi zitzaion Eunateri.
Klub arteko txapelketa bat izan zen Eunateren aurrenekoa, hain zuzen ere, Sopelako Peña Txurirekin hartu zuen parte 1995ean eta bigarren postua eskuratu zuen. Urrats bat haratago joan eta nazio mailako lehiaketetako ateak ireki zitzaizkion gaztetxo hari. Aukera hori ikusita, bilbotarrak geroz eta denbora gehiago eskaintzen zien entrenamenduei; ez zion axola uda edota negua izateak, olatuak hartzeko momentu oro aprobetxatzen zuen.
Poliki–poliki, bere palmaresa osatzen joan da, eta 16 urte zituenean nazio mailako hainbat txapelketa irabazi zituen. Handik berriz, Europan lehiatzera igaro zen, eta bere xede nagusia sariketako garailea izatea zen; ez zuen hutsik egin, eta 1998–1999 eta 1999–2000 denboraldietako Europako lehiaketako Junior Kategoriako txapelduna bilakatu zen eginiko saio bikainei esker. Argazkia: Eunate Agirrek utzia.
Eta bestela ezin zitekeen moduan, garaipen haiek leiho berri bat zabaldu zioten bizkaitarrari, mundu mailan lehiatzeko aukera, hain zuzen ere. Momentu hartan onenak ziren kirolariekin jarduteko aukera eduki zuen. Maila horretan parte hartzaileen arteko desberdintasunak ia ez dira nabaritzen eta ondorioz, zailtasun mailak ere gora egin zuen.
Kikildu ordez, Eunatek zorroztasun handiagoz entrenatzeari ekin zion, ezen gauza guztiak txikiak izanagatik ere, kontrolpean eduki gura dituen horietarikoa da. Mundu mailako txapelketan urteetan miretsitako kirolariak ezagutu eta beraien lagun egin da bizkaitarra, eta noski, haiengandik asko ikasi du.
Europako Txapelketei dagokienez, hirugarren postuan geratu zen 2004ean; bigarren 2006an; Europako Txapelduna 2007an. Munduko Txapelketan aldiz, bederatzigarrena izan zen 2004an; laugarren 2006an; zortzigarren 2007an; laugarren 2008an eta Txapeldunordea 2009an.
Adrenalinaren sarean guztiz harrapatutako neskak Kantauri itsasoan entrenatzea du gustuko; Hawaii, Australia, Japonia, Hegoafrika, edota Brasileko uretan ere bikain moldatzen dela erakutsi du, munduko onenen artean bere izena idatziz.