542 Zenbakia 2010-07-23 / 2010-07-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kontuz!

GARAI, Maitane



Adinean gora egin ahala, orduan eta tentu gehiagorekin ibiltzen gara munduan zehar, eta neuk ere halaxe jokatzen dudala ohartzen naizen bakoitzean, ai ama... esaten dit buruak.

Eta egia da. Orain konturatzen naiz ez ditudala 18 urte, orduko arduragabetasuna alboratuta daukadala, neurri handi batean. Lehen, abentura sen handiagoa neukan; lehen, emozioz beteta sentitzen nintzen eta ez nion erreparatzen horrenbeste gauzak egiteko moduei.

Duela zenbait urte –eta ez da horrenbeste ere– autoan gindoazenean lasai asko joaten nintzen, abiadura handia hartzen dugula? Ba ederto, hau sentsazioa! pentsatzen nuen. Adrenalina gora igarri eta bizirik nengoela nabaritzen nuen, ez inork eta ez ezerk garai nintzakeenik irudikatu gabe.

Erantzukizunaren zentzu handiagoa edukiko dut akaso. Edo zerbait gertatuko zen neure bizitzan, eta lehen ez bezala, zenbait bizipeni zuhurtziaz aurre egiteko jarrera hartu dut oharkabean. Konturatu gabe, baina kontuz! esaten diot maiz nire buruari: kontuz kotxe horrekin; kontuz esaten duzunarekin; kontuz larunbat gauekin; kontuz, kontuz, kontuz...

Horrelako zerbait pentsatzen edo egiten dudan bakoitzean, nire burura aitarenarekin konparatzen dut, haren antza hartzen ari naizela ohartzen bainaiz, ezin ukatu dizuet. Eta ez naiz lehengoa, hori argi eta garbi daukat. Zahartzen ibiliko ote naiz?