Euskonews Gaztea
Gaiak: Edurne Ormazabal
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Komunikatzeko abilezia dauka gipuzkoar honek, eta gure artean nahiz kanpoan ezagun bihurtu da bere aurpegia.
Tolosan jaio zen Edurne Ormazabal 1963. urtean. Bere burua komunikatzaile gisa aurkeztu izan du, akaso gaztetatik horretarako gaitasuna zeukala ohartu zelako eta eremu horretan hazi delako profesional moduan. Halere, ikasketei dagokienez, Psikologian lizentziatu zen. Argazkia: Diario de Noticias.
Lagun baten bitartez irratian ekiteko aukera eduki zuen hogei urte inguru zituen Ormazabal gazteak, artean, unibertsitate ikasketak burutzen zebilela. Hala, Donostiako Herri Irratian bere herriko albisteak emanez hasi zen. Eta mikrofonoaren xarmak harrapatuta geratu zen Edurne, ordutik aurrera denbora nahikotxo eskaini baitio medio honi.
Baina telebista ere ezagutzen du gipuzkoarrak; hain zuzen ere, musika saio bat gidatzeko aukera iritsi zitzaion 80. hamarkada amaieran. Kamera aurrean ipini eta ETBn Katu Kale programaren aurkezle lanak burutu zituen hiru urtetan zehar. Halere, oraindik menperatzen ez zuen medioa zen eta aurreneko saioekin ez omen zen guztiz pozik geratu. Ez zekien nola hitz egin, ez eta zein imintzio egin ere, baina ekitearen ekinez, bere buruarekiko konfiantza irabazi eta beharrezko teknikak bereganatu zituen tolosarrak.
Gainera, horren ondoren, Antena 3ek Donostian egoitza ipini zuenean, magazine bat gidatzeko lantxo bat atera zitzaion; urtebetez aritu zen egiteko horretan. Aipatutakoez gain, telebistan egin dituen lanen artean, Zine Oro, Oscar sarien zeremoniaren emankizuna, Miradas de Cine, Nuestro Cine edota Euskal Kanturik Onena programak izan dira.
Hamazortzi urtetan zehar bere eginkizun nagusi bilakatu zen lanean hasteko aukera 1990an iritsi zitzaion. Urte hartantxe EITBk irratsaio berritzaile bat aurkeztu zuen: Euskadi Gaztea. Edurne izan zen hasiera–hasieratik koordinatzailea, harik eta 2008an kargua utzi zuenera arte. Halere, etxe horrekin lotuta jarraitzen du, eta 2009an EITBcom webgunearen ardura bere gain hartu zuen tolosarrak.
Bere ibilbide profesionalean Euskadi Gazteak garrantzia eduki duen modu berean, Donostia Zinemaldiko aurkezle izateak profesionalki aurrera egiten lagundu dio Ormazabali. Zinema da Edurneren zaletasunetako bat, eta ongi kontrolatzen duen esparrua; horri, antolatzaileak ingelesa zekien euskaldun bat bilatzen ari zirela gehitu eta 1996ean aurrenekoz gidatu zuen nazioarteko festibala, gaur arte.
Bizitzako egoera ezberdinek bultzatuta, hedabideetan lan egiten ikusi du Ormazabalek bere burua eta gustuko dituen bi arloak –musika eta zinema– lantzeko parada eduki du, garai ezberdinetara egokituz.
