539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gurariak

AGIRRE, Uxue



Desiorik pentsatu duzu kandelari haizematean, ala itzali eta kearekin desegin zaizu aidean?

Ruper Ordorika (Desiorik onena) Gurariak aztarnak dira, pistak. Bizi guztia pasatzen dugu aztarna horiei itsu-itsuan jarraika, zerbait handia topatuko dugulakoan, gure ametsa egi bihurtuko delakoan. Hari muturtxo bati edo garbantzu ilara bati jarraitzea modukoa da desirak edukitzea. Hansel eta Gretelena modukoa da ametsen bidea.

Hari muturtxoari tira eta tira pasatzen dugu bizitza guztia, itxaropentsu, ameslari. Inuzente samar ere bai, agian. Bukaeraren bila beti, guraria betetzeko irrikaz. Eta topatzen dugunean, kaska, min hartzen dugu. Ez delako espero genuen modukoa, ez delako horren ona, polita eta garrantzitsua. Eta behin eta berriz jarraitzen diogu hari muturrari, behin horma jotzea nahikoa izan ez balitz moduan. Horrek egiten gaituelako gizaki, gure ezjakintasuna estaltzeko erakusten dugun grinak. Izan ere, itxaropena zakarrak alfonbra azpira botatzearen parekoa da, badakigu ez duela merezi baina eutsi egiten diogu.

Geure burua engainatzen dugu, hori baita ondoen egiten dugun gauza. Zakarrek alfonbra azpian jarraituko dutela jakin arren ez begiratu. Ikusi arte ez baititugu sinesten, eta ikusita ere, nekez. Behin eta berriz aurpegiratzen digu bizitzak gurariak ez direla betetzen, ametsak gauez bakarrik existitzen direla eta hala ere, ez dugu ikusten. Izar uxoei, betileei eta kandelei desioak eskatzen jarraitzen dugu, katu beltzetatik eta aldamioetatik ihesi, itxaropena delakoan ezjakintasunean gatibu.