539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09
Artearen barruan, eremu anitzak lantzen dituen emakumea da Dora Salazar nafarra. Hain zuzen ere, eszenografia, diseinua, edota ilustrazioa landu duen artistaz arituko gara.
Altsasun jaio zen Dora Salazar Romo 1963. urtean. Arte Ederrak egitera joan zen Bilbora; Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen eskolak hartzen 1981ean, eta lizentziatura 1986an amaitu zuen. Baina ez zuen hor utzi ikasketekiko zeukan harremana, eta sakandarra doktoretza egitera animatu zen, 1987tik 1989ra bitartean jardun zuelarik egiteko horretan. Argazkia: Ainhoa Irazu Ibañez.
Hastapenean esan bezala, Salazarrek artearen barruko esparru ugari landu ditu, pintura zein eskultura besteen artean, baina azken horretan lan eginez sentitzen da erosoen, bere saltsan. Eta hasi zenetik, ia beti lanerako modu bera jarraitu du nafarrak; hain zuzen ere, aurretik ideia bat pentsatzen du eta ondoren ekiten dio obra garatzeari, ez omen da ezerezetik abiatzen. Baina hori ez da Dorak beharrari ekiten dionean segitzen duen jarraibide bakarra, ezen salbuespenak salbuespen, bere obra guztiekin zerbait kontatzeko beharra sentitzen du. Ez da edertasun bisualera mugatzen, artea arteagatik egite hutsak balio ez dionaren sentsazioa baitauka.
Estudiatzen ari zenean aurreneko erakusketa gauzatu zuen, Aulkien Kultura izenarekin; 1985. urtea zen eta Bizkaiko hiriburuan bertan izan zen. Ez zuen bide hori alboratu eta ordutik makina bat izan dira, bai bakarka eta baita taldean eginikoak. Eta tokiei dagokienez ere, leku ugaritan erakutsi ditu bere lanak, dela Euskal Herrian, dela nazioartean.
Bakarka, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Bartzelonan, Parisen edota Gijonen burutu ditu, besteak beste. Taldeko erakusketak berriz, Bilbon, Lerida, Madril, Donostia, Nueva York, Iruñea, zein Dublinen. Madrileko kasuari dagokionez, gainera, ARCO entzutetsuan egoteko aukera eduki du Altsasukok artistak 1994, 1998, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006 eta 2007 urteetako edizioetan.
Baina horretaz gain, Dora Salazarren eskulturak zenbait udalerritan beha daitezke, besteen artean, Iruñeko Talluntxe biribilgunean, zein Zarautzeko hondartza aldamenean. Eta gainera, bere lana beste zenbaitetan ere aintzatetsi dizkiote, sari edota dirulaguntza bidez. Esate baterako, Bizkaiko Diputazioaren beka eskuratu zuen 1986an; Bizkaiko Artea sariketan bigarren geratu zen eskultura atalean 1987an; Bizkaiko Artean eskultura accesita eman zioten 1989an; Eskulturako Lehenengo saria Gure Artean, 1992an; bigarren geratu zen Bilboko Europistas lehiaketan 1995an; Luxenburgoko Gazteriaren Ministerioko saria eskuratu zuen 1995ean; 1997an Donostiako itsas pasealekuko eskulturarako lehen saria; edota BBK beka 2006an.
Maiz bere obrek ironia puntu bat edukitzen dute, kritikoa bestetan, gaur eguneko bizimoduari trufa egin nahian moduan. Halere, ez dizu lanaren esanahia esango; ez baita hertsia izaten eta bisitariaren imajinazioari hegan egiten uzten dio.